Dei hots bera Lekeition (Bizkaia), 45. aldiz. Bi gonbidatu nagusi: zinema eta euskara. Ez batak ez besteak ez dute sekula huts egin aurreko batzarretan, eta hala izanen da aurten ere; biek baieztatu dute azalduko direla jaialdira, Euskal Zine Bilerara. Gaurtik igandera arteko egitarau mardula ondu dute festibalerako, eta, ohi denez, film laburrak izanen dira izarrak. Hogei lan lehiatuko dira.
Xabier Arrate Zine Bilerako koordinatzailearen esanetan, lehiaketarako aukeratu diren lanetan nabarmen sumatzen da pandemiak jarri zituen uhalak laxatuak direla jadanik. Lan «ausartak» iruditu zaizkio. «Normalean, fikzioa eta dokumentala gailentzen dira, eta, aurten, bestelakoak ere baditugu: bideo artetik gertu daudenak, fantastikoak, animazioa... Harrituta eta pozik gaude».
Gaurtik larunbatera eginen dituzte Sail Ofizialeko filmen proiekzioak, Ikusgarri aretoan. Hauxe da zerrenda osoa: Jon Sierraren Benitoren bizitza maitasunaren indarrez, Iñigo Alkortaren Gauero, Iker Maguregiren Trumoiak, Alaia Sedanoren Haraindiko, Paula Iglesiasen Lanbroa, Juan Esteban Montoyaren Nola ikasi euskara, Imanol G. Gurrutxagaren Deserri, Leire Egañaren Erlojupekoa, Nagore Murielen Erro bi, Alejandro Buenoren Ezohikoak, Julen Etxebarria Moral eta Malen Nicholsonen Martxoaren 28a, Guillermo Ordasen Noiz utziko dioeuria egiteari, Eneko Muruzabalen Polita, Raul Barrerasen Arnasa, Mikel Ruedaren Etxean, Maider Oleagaren Irrits, Aitzol Saratxagaren Lanbroa, Eñaut Castagneten Muga, David Perezen Vatios eta Aitor Gametxoren Berak baleki.
Mahai inguruak eginen dituzte egun bakoitzean emandako filmen egileekin.
Bost sari emanen dituzte guztira: filmik onenaren saria, zuzendaritzarik onenaren saria, gidoirik onenaren saria, EITB Ikuslearen saria, eta Gazte 22 saria —2000n edo ondoren jaiotakoentzat da—. Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo dira epaileak.
Lehia baino askoz gehiago
Gauza bat bistan da: norgehiagokek ez diote itzal eginen jaialdiari. Tailerrek, solasaldiek eta musikak ere badute tokirik. Esaterako,Paul Urkijo zuzendari eta epaimahaikideak hitzaldia emanen du bihar, 22:00etan: Fantasia, mitologia eta zinea.
Larunbatean, Benito Ansola Erkiaga lekeitiarraren azken lana emanen dute, lehen aldiz: Aittita makurra. Arratsaldez, (H)emen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen elkartearekin antolaturik, Arantza Santestebanen 918 Gau emanen dute Ikusgarrin, 17:00etan, eta solasaldia ere eginen dute ondotik. Gero, Gartxot GHAUren kontzertu batek girotuko du gaua, Silken Uribarren hotelean.
Gehiago ere badago: Kameratoia euskarazko ikus-entzunezkoen rallya izanen da bihartik igandera bitarte, eta, bestalde, Super 8 lantegia izanen da igandean, ekoizpen analogikoan eta digitalizazioan sakontzeko helburuarekin.
Ohi denez, Begiradak saria ere emanen du jaialdiak. Euskal zinemari ekarpen handia egin dion pertsona edo erakunde bat aukeratzen dute aldi bakoitzean, haren ibilbideari aitortza egiteko. Aurten, Ramon Agirre aktoreari emanen diote garaikur hori.
Izan ere, ibilbide luze eta emankorrekoa da Agirre, dozenaka film, telesail eta antzezlanetan aritua. Baina haren beste alderdi bat nabarmendu du Arratek, «euskararen militante izatea»: «Ramon Agirrek oso argi izan du beti du Euskal Herrian zelan egin nahi duen zinema, zelan kontatu nahi dituen istorioak. Oso argi izaten du noiz euskaraz, zer euskaraz; eta ahal den guztietan erakusten du gure hizkuntzari fidel zaiola».
Hain justu, euskararen aldeko jarrerak batzen ditu, batik bat, Agirre eta Zine Bilera. Euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena da, eta, egun, euskarazko film laburretan espezializaturiko bakarra ere bai.
Lekeitio eta zinema, bat
Lekeition, zinema ez da soilik lantzean behin janzten den soinekoa. Aurten, inoiz baino indar handiagoz, antolatzaileek aldarrikatu dute zinema askoz gehiago dela herriarentzat; izaerarekin omen du zerikusi handiagoa. Horren erakusgarri da aurtengo leloa: Lekeition zinea gara. Arratek gogora ekarri du herriko lagun talde batek sortu zuela jaialdia, herritarren lana dagoela atzean, eta, beraz, nabarmendu du Zine Bilera «zorretan» dela haiekin.
Herriko bizilagunak ageri dira jaialdia iragartzeko eginiko irudietan, «zinema haiek baitira».
Hogei film labur lehiatuko dira Euskal Zine Bileraren 45. aldian
Gaur hasiko da Lekeitioko zinema jaialdia, eta igandera arte iraunen du. Koordinatzaileek iragarri dute inoiz baino «herrikoiagoa» izanen dela. Ramon Agirre aktoreari emanen diote Begiradak saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu