Hizkuntzaren ustezko bidaiak

Elexpuruk 'Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan' argitaratu du, Pamiela etxearekin

Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan liburuaren ale bat, harekin banatuko duten maparen gainean. BERRIA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Badakigu toponimia, etimologia bezala, arbuiatua izan dela, egin izan diren gehiegikeria, errazkeria eta interpretazio fantasiosoengatik, baina horrek ez du inola ere esan nahi etimologia eta toponimia ikertzea ahuntzaren gauerdiko eztula denik, hizkuntzari gagozkionez». Abiapuntuan Jose Angel Irigarai idazle eta Pamielako kidearen hitz horiek jarrita aurkeztu da Saio eta Testigantza saileko ale berria: Juan Martin Elexpururen (Bergara, Gipuzkoa, 1950) Euskararen ustezko kidetasunak Italian eta Korsikan. Bi herrialde horietako leku izenen eta euskarazkoen arteko ustezko kidetasunak bildu eta ordenatu ditu ikerlariak, argazki, mapa eta bestelako elementu argigarriz lagunduta.

Elexpururen lan berriak badu aurrekari bat: ikerlariak duela lau urte argitaratutako Euskararen aztarnak Sardinian? saiakera, Pamielarekin argitaratua hura ere. Aurrekaria soilik ez: haren jarraipen eta osagarri modura aurkeztu dute argitalpen berria. Liburu hartan ez bezala, ordea, Italiako iparraldearen eta euskal hizkuntzaren arteko loturak aurrez ikertu izan direla oroitu du egileak, eta, horien artean, Frederick Krutwigen Garaldea liburua (1978) aipatu du: hartan, Aosta eta Piemonte aldeko toponimian aurkitutako izenkideak nabarmendu zituen Krutwigek.

Halaber, Bernardo Estornes Lasak eta Eduardo Blasco Ferrerrek eremu berean egin zituzten lanak oroitu ditu, eta aitortu du haiek jarritako lekuan jarri duela berak ere begia, ikus eremua zabaltzeko. Elexpuru: «Haien aurreikuspenak nolabait baieztatu dira: Alpeen bi magaletan, baina batez ere Italiako isurian, harrigarriki ugariak dira euskal toponimoak. Asko, gainera, ia berdinak».

Aztertutako eremu geografikoan gorabehera esanguratsuak daudela ere azaldu du egileak, eta agerikoa dela, esaterako, ekialdera eta hegoaldera joan ahala, kidetasunek nabarmen urritzera egiten dutela. «Toscanatik behera hutsalak dira, edo oso bakanak». Eta kontrara, Piemonten, iparraldean, asko handitzen da kilometro koadroko egon daitezkeen izenkideen dentsitatea. «Piamonteko zenbait probintziatan 1.000 kilometro koadroan 42koa izan daiteke; hegoaldean, berriz, 0,1ekoa».

Denak hartuta, 1.400 kidetasun inguruko datu basea apailatu du Elexpuruk liburuko azken orrietan, kasurik kasu, ondoan zehaztuta zer probintzietan dagoen leku izen bakoitza, eta zeri dagokion: herri, auzo, hiri, parke, edo erreka bati, adibidez.

Luzea da, bada, zerrenda: Anza, Auzate, Aia, Caranza, Erro, Bera, Borda, Landa, Lasa, Gane, Gorla, Goriti, Mirandola, Mendie, Murgia, Oletta, Orio, Sara, Urbe, Uriola, Zerubia, Zubiena...

Horien bila, liburuetako eta Interneteko iturriak kontsultatu ditu Elexpuruk azkenaldian, baina azpimarratu du eremua bertatik bertara ezagutzeko tartea eta lana ere hartu dituela, inguru haietara bidaiatuz. «Orain liburua hartu, eta ez du ematen, baina ordu eta kilometro asko daude orriotan. Uste dut ez dela lekua ezagutzearen faltaz ezer geratu».

Behin kidetasunak zerrendatuta, orain interpretazioetarako bidea irekitzea eta eztabaida zabaltzea falta da, Elexpururen esanetan.

Ikaslea zeneko pasadizo bat gogora ekarri du, horri lotuta: «Irakasle batek esaten zigun arkeologia liburu txar bat bezalakoa dela, antzinako biztanleek zer jaten zuten, zer tresna erabiltzen zituzten edo hildakoak nola ehorzten zizuten esaten dizula, baina ez askoz gehiago; beste guztia ondorioztatu egin behar da, dituzun datu urriak ongi aztertuz eta zentzuz hausnartuz, eta, hala ere, ez duzu inoiz jakingo zuzen zabiltzan edo ez».

Susmo beharrezkoak

Euskararen ustezko kidetasun hauek aztertzean ere berdintsu gertatzen dela iruditzen zaio. «Erantzunik ez dut, baina niretzat ez dira kasualitate homofoniko hutsak». Badu egina bere lehen irakurketa, betiere berretsita «hipotesien mailatik» ari dela: «Neolitora edo Brontze Arora jo behar dugu, gutxienez. Historialari batzuek diote orduan zenbait hizkuntza aurreindoeuroparrek bazutela antz bat elkarren artean, eta, gero, herri indoeuroparrak etortzean, K.a. 1500-1000 inguruan, hizkuntza horien mintzaideak mendialdera urrutiratu zirela; Alpeetara, Pirinioetara... Horregatik gorde dira toponimoak. Interpretazio bat da».

Abiapuntura itzulita, Koldo Mitxelenak eta Joan Corominas katalanak toponimiarekin egindako lanen garrantzia oroitu du Irigaraik, eta Mitxelenak alorraz zer zioen nabarmendu: «Denik eta proposamen ausartenak izanda ere oso beharrezkoak direla esaten zuen, horiek ikertzeak argia ekar dezakeelako hizkuntzaren egoeraz, historian izandako bilakaeraz, haren geruzez. Baldintza bakarra zegoela esaten zuen: ez hartzea frogatutzat hipotesiak eta susmoak direnak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.