Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du

Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, Harizko zubiak liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Mundutik ikusten da Euskal Herria, eta Euskal Herritik ikusten da mundua. Edozein gauzak, txikienak ere, badu nazioarteko dimentsio bat. Eta euskararen komunitateak ere badu nazioartekotasun bat. Horren ildo bat, bide bat, da kontrabando mota hau: beste herriekiko esperientzia eta estrategien kontrabandoa». Jon Sarasua idazleak bere liburu berriari buruz esandakoak dira: Harizko zubiak. Pamiela argitaletxeak kaleratu du, eta Pernambucora, Tangerrera, Haitira eta Mexikora (Pueblara eta Yucatanera) egindako bidaietako bizipenak, esperientziak, kezkak eta gogoetak bildu ditu.

Aurretik ere egin ditu Sarasuak mota horretako beste bi liburu: Ertzeko zatiak (2010, Argia) eta Bost truke (2015, Pamiela). Harizko zubiak da molde horretako azkena. Idazlearen arabera, bost herritan egindako lanaren eta jardunaren inguruko kontakizunak eta gogoetak dira saiakeraren ardatza, hemengoaz, Euskal Herriaz, eta, bereziki, herrien arteko zubiaz: «Seguru asko, liburua hor kokatzen da, herrien arteko zubigintza horretan, kontrabando ere deitu izan dioguna; herrien esperientzia eta estrategien kontrabando moduko bat egiten du Garabidek. Oro har, hizkuntza lankidetza». Hain zuzen, hizkuntza gutxituetako hainbat komunitaterekin lankidetzan aritzen da Garabide elkartea, eta hango kidea da Sarasua.

Liburuan askotariko pertsonaiak agertzen direla azaldu du: indigenak, ekintzaileak, lurraren aldeko aktibistak, agintariak, ministroak, militanteak... «Haria hori da». Ekiteko modu bat kontatu nahi izan du, baina, era berean, bidean sortutako gogoetak tartekatu. «Kontrabando horren kontakizuna da, baina gogoetaz zipriztinduta dago. Hangoaz ari naiz gogoetatzen, baina, aldi berean, horrek pizten ditu Euskal Herriari buruzko gogoetak; badaude euskararen norabideari buruzko pieza dezente tartekatuta, bertsolaritzari buruzkoak...».

Jose Angel Irigarai editoreak nabarmendu du lan «mamitsua» dela Sarasuarena, eta hausnartzeko gogoa, nahia eta beharra pizten dituela. Herrien arteko «trukeetan» eta «gurutzaketetan» egin du azpimarra.

Horiek horrela, bidaia bakoitzean idatzitako testu laburren sortek osatzen dute liburua. Gehienak hizkuntza lankidetzaren jiran ardaztuta daude, eta hizkuntzak biziberritzeko estrategiak lantzen ditu. Esaterako, Yucatanen maya yucateco hizkuntza minorizatua dago, etabiziberritzeko mugimendu sozial bat sustatu nahian ari dira; liburuan, nagusiki, «horko lanak» ageri dira. Ipar Afrikara egindako bidaian, berriz, amazig herrietako eragileekin izandako elkarrizketak, zalantzak eta estrategiak jasotzen dira. Eta Pueblakoan, elementu soziokomunitario kooperatiboaren inguruan jarduten du.

Bestelako kontuak lantzen ditu, berriz, Brasilgo Pernambucora egindako bidaiak. «Munduko kantu inprobisatuaren gunerik potenteenetan egindako sarraldia eta esperientzia kontatzen da. Milaka inprobisatzaile profesional omen daude han». Hortik tiraka, badaude bertsolaritzaren inguruko gogoetak ere. «Bost bidaietako bakoitza unibertso bat da. Bi Mexikora egindakoak izan arren, Yucatango unibertsoak ez du zerikusirik Pueblako esperientzia kooperatiboan gertatzen ari denarekin», azaldu du Sarasuak.

Liburuak beste ertz bat ere lantzen du, «zeharka» bada ere; herri horiek nola eta non kokatzen dituzten euskara eta Euskal Herria: «Euskararen biziberritze prozesu herren, partzial eta prekario hau, aldi berean, inspirazio iturri handia da munduko herrientzat. Eta munduan gaude; esan nahi dut, Euskal Herria, Euskal Herri bezala, munduan dago, eta munduan ari da. Batzuetan oso ezkutuan, baina nazioartekotasun dimentsio hori badugu, eta pixka bat izpiritu horrekin ari da lanean hizkuntza lankidetza».

Kritika ere egin du, eta alderantzizko joera ere badagoela azpimarratu: «Mendebaldeko ideologia hiperkapitalista progresista hemen dago, eta oso modu txintxoan irensten dugu».

Idazketari dagokionez, ahozkotik gertu, baina, aldi berean, haren euskararik «totalenera» hurbildu nahian ibili dela azaldu du Sarasuak. Hala adierazi du: «Nire barruan martxan dauden espresio horiek guztiak aktibatu nahian aritu naiz, gauzak ahozkotik ahalik eta gertuena kontatzeko. Badago ahalegin estilistiko bat». Saiakera hori nabaritzen da, Irigarairen ustez: «Jasoa izatearekin batera, oso hurbilekoa da, eta bizia». Liburu irakurterraza dela iritzi dio.

Gogoeten bidetik

Harizko zubiak liburuarekin itxiera eman dio Sarasuak nolabaiteko trilogia bati, baina gogoeten bidetik segituko du. Onartu du azken lan honetan «hausnarketa ideologikoagoen» zipriztin batzuk jaso dituela, eta horri egingo dio tira. «Aipatu izan dut Euskal Herriko pentsamendu progresista hegemonikotik desinstalatze prozesu bat hasi nuela, eta ari zait gogoeta corpus bat sortzen». Liburuan «printza» batzuk ageri dira, tarteka: «Kapsula txiki edo pilula txiki batzuk daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.