Lutxo Egia. Idazlea eta performerra

«Hizkuntza hegemonikoa ahaztuta biziko naiz hilabetez»

Hizkuntza hegemonikoa galdu balu bezala biziko da hilabetez Lutxo Egia. Gaurtik hasita, arau sozialak bistarazi eta haiekin jolastea izango du xede, eta BERRIAk jasoko du haren egunerokoa.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Elkarrizketa hasterako egin du zehaztapena kasik. Kontua ez da hilabetez gaztelaniari uko egitea erabaki duela, baizik hilabetez uko egingo diola hizkuntza hegemonikoa erabiltzeari. Garrantzitsua da ñabardura Lutxo Egia idazle eta performerrarentzat (1969, Santander). Izan ere, arau sozialak ikusaraztea eta haiekin jolastea da Bi-lingual: transitoak performancearen helburua. 31 egunez gaztelaniaz hitz egin gabe biziko da idazlea gaztelania nagusi den Bilbon, eta bizitakoak kontatuko ditu egunez egun BERRIA egunkarian eta www.berria.eus orrian sortutako blogean. Euskaraz baino ez da arituko, eta ingelesez ere bai ezinbestekoa denean. Ez da salaketa politiko bat izango, ordea, oinarri politikoa duen esperimentu artistiko bat baizik. Gaur hasiko du performancea, eta festa antolatu du Bilboko Somera kalean, hurrengo 31 egunetarako trantsizioa egiteko.

Idazle modura ezagutu zaitugu orain arte. Nondik sortu zaizu performancea egiteko ideia?

Film luze baterako gidoia eta nobela bat nerabiltzan buruan. Iktus batek edo auto istripu batek eragindako afasia bat kontatuko zuten lan horiek. Hizkuntza ahaztea dakarren afasia bat. Fikzioan dena. Bizimodua desordenatu egiten zuen horrek, pertsonaien arteko harremana bestelakotu egiten zen... Baina gero eta tentagarriago bihurtu zitzaidan ideia hori performance baten bidez errealitatera eramatea. Performance horien ondorioak gero fikzio horietan jasotzea da ideia. Beraz, fikzioak idatzi, idatziko ditut, baina esperientzia hau amaitutakoan.

Judith Butler pentsalaria aipatzen duzu performancearen oinarri intelektualen artean. Generoa eraikuntza soziala den heinean, hura deseraiki eta harekin esperimentatzeko aukera dagoela dio hark. Zuk zeure hiztun tipologia eraiki duzu.

Lorea Agirrek esaten du gauza bat oso interesgarria egiten zaidana eta hori da euskalduna izatea eraikuntza kontziente bat dela, aukera kontziente bat. Nik azkenean egin dudana da aukeraketa kontziente horretan murgil egin, eta horretarako sortu dut neure hiztun tipologia hori. Bi aukera ikusten nituen: euskaldun elebakarra edo euskaldun elebiduna ingelesarekin, baina gaztelaniarik gabe. Eta, azkenean, bigarrenaren alde egin dut, ikusten dudalako gure inguruan azken urteotan ingelesa ari dela hartzen oso espazio sozial inportantea. Ingelesa ere interesgarria iruditzen zait, eta horregatik erabaki dut hori izango dela nire hiztun tipologia.

Sorkuntzaren, soziolinguistikaren eta politikaren bidegurutzean dago proiektua.

Arte proposamen bat da lehenik eta behin. Askotan, arte proposamenei barruan duten sustrai politikoa kentzen diegu, baina neurri batean hori da artea. Ez hori bakarrik, baina hori ere bai. Hizkuntzan oinarritutako proiektu bat da, baina hizkuntza helduleku bat da ikusteko praktika sozialetan gertatzen diren hainbat gauza. Ezin dugu ahaztu hizkuntzarena auzi politiko bat dela. Euskalduna izatea, gaztelaniaduna izatea, ingelesduna izatea tokian toki, unean une eta testuinguru sozial batzuen arabera gertatzen da, eta, beraz, aldatuz doa, moldatu egiten zaitu, eragiten duzu... Hori da proposamenaren alde politikoa. Errespetu ikaragarria diot soziolinguistikan hainbat urtez aritu den jendeari. Performancearen ideia sorkuntzatik etorri da, ordea, eta nik gehiago ikusten dut hor. Performancearekin ez nator ezer deskubritzera, baizik eta esperimentatzera. Gauza batzuk nahiko begi bistakoak izan daitezke maila teorikoan, baina haiekin jolastu, gozatu eta dibertitzea da asmoa, eta gero material hori fikzio batzuetara eramatea. Ikusi nahi dut zer-nolako eraginak sortzen diren. Ni proiektuaren erdigunean nago, baina zirkulu kontzentrikoak ditut inguruan: familia, lagunartea, ezagunak, ezezagunak...

Adibidez, dentistarekin zita bat duzula uste dut, ezta?

Bai, 17an. Zeharo giro erdalduna da hori, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Nire inguruko jendearekiko harreman horiek bestelakotu egingo dira. Hori imajinatzen dut, behintzat. Erreakzio batzuk sortuko dira, enpatia batzuk sortuko dira, ukoak... Hizkuntza hegemonikoa ahaztuko dut hilabetez, eta azken batean arau sozialaren kontra egingo dut talka horregatik. Eta ikusi egin behar sariak jasotzen ditudan edo zigorrak.

Feminismotik hartu duzu zure performancerako diskurtsoa, nagusiki.

Bai, eta ez da kasualitatea. Ikusten ari gara badabiltzala emakume batzuk uztartzen hizkuntza eta feminismoa: Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Mari Luz Esteban... Badago zer uztartua. Niri, batez ere, hizkuntzaren alde performatiboa interesatzen zait. Aritzearena, eta aritzearena testuinguru sozial batean. Lehen esan dut: euskaldunari tokatzen zaio hautu kontziente bat egitea, eta euskalduna eta gaztelaniaduna izatea ez da gauza bera. Batzuok hori oso garbi ikusten dugu, baina beste batzuek ez.

Zure kasuan, argia da hautuarena. Gaztelaniaz hazi, eta 23 urterekin ikasi zenuen euskara. Euskaldun eraiki zenuen zeure burua.

Oso erakargarria egiten zaidan gauza bat badu performanceak: zikloa osatzearena. Nire ama hizkuntza gaztelania da, eta gaztelaniaz bizi izan nituen nire bizitzako lehen 23 urteak, eta adin horretan hasi nintzen euskara serio ikasten. Gero, beste 20 urte eman ditut euskaraz eta gaztelaniaz moldatuta, eta orain pasatuko naiz euskalduna izatera.

Ileak urdinduta heldutako bigarren haurtzaro moduko bat.

Ziklo burutze bat da, eta hori oso erakargarria egiten zait estetikoki; neure burua ezinezko horretan murgiltzea.

@ 'Bi-lingual: transitoak' egitasmoaren berri emango du Lutxo Egiak bihartik aurrera blog honetan: www.berria.eus/ blogariak/transitoak/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.