Hizkuntza eta hezkuntzaren arteko harremanaz trilogia osatu du Iñaki Zabaletak

Jakin Irakurgaiak sailean 'Hizkuntzaren zientziak hizkuntzaren pedagogian' liburua kaleratu du irakasleak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hizkuntza eta hezkuntza. Gai berari heltzen dioten hiru liburu kaleratu ditu, Jakin Irakurgaiak sailean, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Filosofia Saileko irakasleak (Donostia, 1966). Wilhelm von Humboldt filosofo eta hizkuntzalari alemaniarraren hizkuntzari buruzko teoria aztertu zuen lehen liburuan. Gai berari gaur egungo ikuspegitik begiratu zion bigarrenean, Paideia eta eta hizkuntza: euskal hezkuntza lanean. Eta aurreko bien osagarri, Hizkuntzaren zientziak hizkuntzaren pedagogian lana argitaratu berri du sail berean. Hiruretan, hiru galdera izan ditu ardatz irakasleak gaian sakontzeko: Zer da hizkuntza? Zer da hezkuntza? Eta nola uztartzen dira biak? Hezkuntzaren dimentsio linguistikoa eta hizkuntzaren dimentsio pedagogikoa aztertzeko trilogia osatu du Zabaletak.

«Bai galderak planteatzerakoan bai erantzunak bilatzerakoan, ikuspuntu filosofiko-antropologiko batetik aritu naiz». Hezkuntzaren didaktikari edo metodoei baino, «gizakiaren osaketa integralari, humanizazioari» erreparatu dio. Eta gauza bera hizkuntzarekin; ikuskera gramatikala edo lexikala baino, hizkuntzak gizakiarekiko duen lotura aztertu du. «Hizkuntza komunikazio tresna bat da, baina gizakiaren perspektibatik eta filosofia abiapuntutzat hartuta, tresna oso berezia da, gizakiari gizaki izatea eta garatzea ahalbidetzen diolako».

Lan berrian hiru ataletan banatu du gogoeta hori. Lehenean, linguistika edo pragmatika bezalako diziplinei buruz ari da; bigarrenean, berriz, hizkuntzaren antropologia edo soziologiari buruz; eta hirugarrenean, berriz, dimentsio psikologikoa lantzen duten hizkuntzaren zientziei erreparatzen die, psikolinguistikari kasu. Leo Weisgerber hizkuntzalari alemaniarraren testu bat euskaratu eta liburuaren amaieran jaso du irakasleak, lana osatzeko.

Andres Urrutiaren ekarpena

Jakin Irakurgaiak saileko 42. lana da Zabaletarena, baina 41. zenbakia daramana ere aurkeztu zuen Joxe Azurmendi sailaren arduradunak, atzo. 1612. urtean Francisco Suarez legelari eta jesuita espainiarrak idatzitako Tractatus De legibus ac Deo legislatore (Legeen eta Jainko legegilearen Tratatua) testua euskaratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Azurmendik gogoratu duenez, zuzenbidearen filosofiari buruzko testuak landu izan ditu Urrutiak, eta lan berria sailean kaleratzen duen bosgarren liburua da.

Pentsamenduaren dibulgazioa da Jakin Irakurgaiak sailaren xedea. Giza zientzietako, filosofiako edo pentsamenduaren historiako arazo eta autoreak aurkezteko oinarrizko testuak biltzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.