Iñaki Segurola. Filologoa eta idazlea

«Hizketa arruntaren bitartez gauza asko adierazi litezke»

Mutil gazte batek, neska gazte batek eta gizon heldu batek iazko «bizi etenaren» ondoren izandako elkarrizketak kontatu ditu Segurolak 'Koiterezia' eleberrian, kontatzailerik erabili gabe.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Andoni Imaz
Azpeitia
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun

Konfitamendu betean, Iñaki Segurolaren (Azpeitia, Gipuzkoa, 1962) Koiteretzia (Alberdania) eleberriko protagonistek edozein aukera baliatzen dute kalean elkartu eta hitz-aspertu bat izateko, berdin ekoguneko ilaran zein Edoski supermerkatukoan. Han, gaitzaz bezainbat aritzen dira bizitzaz. Segurolak aspertzeko astirik ez zuen izan iazko itxialdian: Sed quia sua liburua zuzentzen zuen goizetan, eta Koiteretzia idazten arratsaldeetan. Eta, aukera zuenean, Azpeitiko Elikagunera joaten zen, hizketarako gogoz bera ere. Haren aurrean aletu ditu nobelari buruzkoak.

Nola hasi zinen liburua idazten?

Martxoan sartu gintuzten etxean, eta apirilean, ez dakit nondik, sortu zitzaidan zerbait idazten hastea, elkarrizketa moduan.

Hasieratik irten zuen horrela?

Bai, bai. Garbi zegoen elkarrizketa moduan izan behar zuela, zeren nik narrazio normalarekin, hau da, «esan zion», «gela honelakoa zen» eta hori guztia esaten duen kontatzailearekin, problemak ditut, kristorenak. Ezin dut. Astuna egiten zait. Orduan, elkarrizketarekin hasi nintzen, ea ematen zuen, ea ematen zuen... eta behin gorputz bat hartzen duenean, ez dugu hor utziko, eta segi egin nuen.

Narratzailea da, beraz, nobeletan enbarazu egiten dizuna?

Ematen du baietz. Neu ere harritu nintzen nobela bat idazten hasi nintzenean, baina nobela berezi bat da edozein irakurlerentzat. Bakarren batek esan du hau ez dela nobela bat, ezin duela nobela bat izan. Gero konturatu nintzen dialogical novel, roman dialogique eta horrelako batzuk bazeudela, eta eleberri dialogiko moduan atera genuen.

Hala ere, irakurle batek esan dit berak hartuko lukeela atseden moduan zerbait. Hizketa eta hizketa nekagarria edo betegarria egiten dela, eta batzuetan hartuko lukeela tarte bat non esaten den «euria ari zuen» eta «ez dakit zer gertatu zen».

Zuk ez duzu muga hori nabaritu? Dena hizketan esan beharra, nahiz eta badagoen esandakoen azpiko informazioa ere.

Bai, jolas moduko bat da. Neure buruari muga batzuk jartzen dizkiot: adierazten den guztia izango da elkarrizketa moduan eta hiztunek esaten dutena. Esan beharrean «haserretu zen», esaten dutenetik ulertu behar du irakurleak haserretu egin dela. Bai, horixe, zailtasunak ematen ditu, baina aldi berean, hizketa arruntean esaten diren gauzen bitartez gauza asko adierazi litezke.

Aurreko liburua, Sed quia sua, Oteizaren Quousque tandem...! lanaren imitazio bat zen, nolabait. Gustatzen zaizu zeure buruari horrelako mugak jartzea?

Bestela galdu egiten naiz. Zer adierazi nahi dut? Dena. Dena ezin dut adierazi, orduan, muga horietan jolas egiten dut. Joko batek araurik gabe ez dauka graziarik, mugatu egin behar duzu nolabait, hor ibiltzeko, barrura eta kanpora.

Ahalegin bat eskatu dizu liburu osoa elkarrizketa moduan idazteak, ahozko kutsua emateak?

Niri hori erraza egiten zait, bestea egiten zait zailagoa. Belarrizko zerbait da. Ez zaidana batere erraza egin, eta irakurle batek esan dit berari astuna egin zaiola, da hasierako eta bukaerako agur hori. Bi edo hiru pertsonak elkarrekin topo egiten dutenean, lehenengo diosalezko epa batzuk egiten dira, eta hori gehitxo luzatzen da batzuetan. Nik hori ez nuen idatzi nahi, baina iruditzen zitzaidan hala behar zuela, errealismo pixka bat emateagatik. Hori gogoz kontra idatzi nuen, garbi esanda; eta igual antzeman egiten da.

Gaitzak izen bakarra du munduan: COVID-19. Zuri ez zaizu gustatu, koiteretzia deitu diozu.

Izena laborategikoa da. Izana eta birusa ez dakigu laborategikoa den edo ez; batzuentzat bai eta beste batzuentzat ez. COVID-19 laborategiko izen bat da, hizkuntza batean, ingelesez, eta bi zenbakirekin. Letrak eta numeroak, hori ez da sekula ezagutu. Horri kontra egiteagatik...!

Itxialdian protesta egiteko modu bat ere bazen idaztea?

Modu bat zen zerbait egiteko istorio honen erdian. Amen-amen esan beharrean, ea zer dagoen, zer jarrera desberdin dauden. Horretarako asko irakurri behar duzu. Ofiziala hor dago, baina bestea ez; dago karikaturizatuta edo konspiranoia mailan bakarrik. Kritika eta arrazoimena eten egin direlako sinesmen hutsaren mesedetan. Sortu nuen zerbait, jarrera desberdinen arteko talka moduko bat.

Iritsi ezina aipatzen da liburuan.

Ez dago egia absoluturik. Eskematikoki bi alderdi baldin badaude, batzuek dena sinisten dute, eta besteek edozer. Ofizialismotik dena sinisten da, esaten dute: «Honaino, muga hauekin», eta amen-amen. Ez dago arrazoimenik, dago sinesmena. Beste ertzean dago edozer: «Aldaketa kosmikoaren fase estratosferikoaren jasa kuantikoa». Hori ere ez dut uste, errazegia da. Eta dena sinistea ere errazegia da. Ez dut sinistuko ekonomista batek esaten didan dena pixka bat kritikoa baldin banaiz. Hemen ez: hemen izan da amen; dakienak daki. Ekonomista bati ez diot dena sinistuko, epidemiologo bati bai. Ezin liteke, arrazoiari uko egiten ari zara.

Eta komunitate zientifikoa?

Komunitate zientifikoa oximoron bat da. Komunitatea baldin badago, ez da zientzia. Edozer gairi buruz daude hogei artikulu zientifiko, eta eztabaida dago. Ez dakit zergatik egiten zaion uko arrazoiari hor, eta ez ekonomian eta gizartean. Ni ez nengoen eroso ez ofizialismoan eta ez edozerismoan.

Liburuan lotzen dira daukana, dakiena eta dezakeena.

Garbi-garbi sentitzen dut hori, nahi baduzu Foucaulten savoir-pouvoir hura. Denok dakigu badagoela lotura bat: daukana —dirua, ondasuna—, dezakeena —boterea— eta dakiena —botereak bedeinkatutako jakintza—. Nik deitzen dudana zientzia ministeriala. Estatuak bertsio bat hartzen du, eta hori erakusten da. «Hau da egia». Hori ez da zientzia. Hori da leku bat, poetikoki esanda, non dezakeenak eta dakienak bat egiten duten, eta bat eta bera diren, azkenean.

Posizio ideologiko gogortuek biguntzera jotzen dute nobelan.

Hasieran, hiru hiztun horiek badirudi posizio garbiak dauzkatela, eta nik uste dut gero ez dauzkatela hain garbiak. Denak jotzen du lausotzera bezala. Editoreak esan zuen pentsamendua dela hor benetako protagonista; uste dut gehitxo dela esatea, zeren bizitzako gauzak ere gertatzen baitira. Bestela saiakera hutsa izango litzateke, saiakera elkarrizketa moduan emana. Nire beldurra bazen hori, jendeak sasisaiakera moduan hartzea.

Protagonistak hiru lagun dira, eta laguntasunak berak badu pisua eleberrian. Kezkatzen zaitu gaiak?

Momentu batean esaten da hau: bikote bat apurtzearen katalogoa nahiko motza da, baina adiskidetasuna... Nik neuk badaukat adiskidetasuna etetearekin eta galtzearekin zera bat, nik eta jende askok. Azken batean, zergatik hozten dira? Zergatik eteten dira? Zer gertatu da? Ez dakigu, baina horrela da. Traizioak, desengainuak, zatiketak... Honek, adibidez, ekarri duena lagunarte askotara. Horrek presentzia bat dauka liburuan, zeren niretzat badauka bizian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.