Eskutitza idatzi duen pertsona, eskutitza eraman duen postaria, eta eskutitza jasoko zain dagoena. Hiru pertsonaiaren bidez osatu du Letter ikuskizuna Malas Compañias taldeak. Ibilbidea badute antzerkia eta zirkua uztartzen, baina lehen aldiz sortu dute propio aretorako pentsatutako pieza bat. Hitzik ez, ordea, eskutitza ardatz duen ikuskizunean. Horra malabarismoa. Izan ere, keinu eta zirku bidez soilik osatuko dute Diego Aimar, Mikel Pikaza eta Aritza Rodriguez aktoreek kutsu poetiko argia duen ordubeteko ikuskizuna. Agurtzane Intxaurraga aritu da zuzendari lanetan, eta Carlos Imazek sortu du musika. Bihar estreinatuko dute pieza, Bilboko Arriaga antzokian, 20:00etan.
Istorioa da nagusi ikuskizunean. Hori izan da konpainiaren eta zuzendariaren aukera, eta horren menpe jarri dituzte gainontzeko elementu guztiak. «Zirkua zuzendu dut, baina ahaztu egin dut zirkua denik». Esaldi bakar horrekin laburtu du bere lan egiteko modua Intxaurragak. Lehenago ere egina du lana zirkuko elementuekin eta baita Malas Compañias taldearekin ere, eta pozik geratu da emaitzarekin. «Talde ausarta da, eta hori eskertzekoa da», azaldu du. Ikuskizuna izan du berak buruan, eta publikoari ere ikuskizuna helaraztea izan du erronka. «Nahi nuke publikoak ere ahaztea zirkua ikusten ari dela, eta ikuskizuna ikustea».
Zirku modernoa izan du horretarako ipar, zirku frantziarra eta kanadarra bereziki. «Interesatzen zaizkidanak dira istorioak eta emozioak. Oholtzan dagoenak transmititu behar du hori, dantzaria izan, zirkuko artista izan edo aktore izan». Erakustalditik harago jotzea izan du buruan beti horregatik. «Erakustaldiek benetan funtzionatuko badute izan behar dute benetan aurrez sekula ikusi gabeko zerbait, eta orduan ere emozio horrek hamar minutu iraungo dizkizu. Zirku tradizionalean hala izaten ziren saioak, baina zirku modernoan planteatzen da artistek ordu betez harrapatu behar zaituztela, eta ezin zara erakustaldi hutsean geratu. Hor agintzen duena dramaturgia da, eta akrobaziak sartuko dituzu istorioak eskatzen dizunean. Helburua ez da zer mortal ederra egin dezakegun erakustea, baizik eta publikoaren barruan zerbait mugitu, eta ordu betez eramatea».
Kontakizunean jarri du garrantzia Mikel Pikaza aktoreak ere. Izan ere, horregatik nahasi dituzte antzerki eta zirkua. Urteak daramatzate uztarketa horretan, gainera, eta badute esperientzia, baina aldiro da berri erronka aktorearen hitzetan. «Urteekin garatu dugu estilo bat eta uztartze hori egiteko modu propio bat. Saiatzen gara zirkuak ematen dizkigun tresnak dramaturgiaren mesedetan erabiltzen. Ez dago erakustaldi teknikorik horregatik». Malabareak bai, hortaz, oreka jolasak bai, eta clown saioak ere bai, baina denak beti kontakizunaren alde.
Sudur gorririk gabe
Hiru pailazo dira funtsean oholtzan egongo direnak. Hiru pailazo, baina sudur gorririk gabe. Clown-a da, izan ere, ikuskizunaren elementu nagusietariko bat. «Jendearekin konektatzea da klabe nagusia, eta pailazo gisa lortzen dugu hori. Gure pailazo izateko modu propioa dugu. Sudurrik ez dugu eramaten, baina horrek ez digu inongo kezka filosofikorik sortzen. Konexioa lortzea da koska nagusia guretzat».
Badu bere aldarrikapen puntua ere ikuskizunak. Izan ere, euskal zirkuarentzako aretoetan programazio egonkorragoa lortzea da Malas Compañias taldekoen beste helburuetariko bat. Pikazak azaltzen duenez, oraindik asko baitago lantzeko alor horretan. «Azken urteetan onera egin du zirkuaren presentziak kale antzerkiari eskainitako jaialdietan. Ikusi da programazioetan merezi duela bere leku propioa, eta baduela kalitatea egitarau nagusietan ere egoteko. Baina horrelakorik ez da lortu oraindik aretoetan, eta espero duguna da gutxienez areto publikoetan zirkuak presentzia gehiago lortzea aurrerantzean. Nazioarteko konpainiekin egin da saiakera hori, baina bertako taldeekin oraindik ez da halakorik egiten. Horretarako, guk ere egin behar ditugu kalitatezko emanaldiak aretoetarako». Eta hori lortzeko saiakera da Letter. Intxaurragak borobildu du ideia: «Espero dugu eskutitz honek ere bidaia luzea izatea».
Hitzik gabeko eskutitza idaztea
Zirkua eta antzerkia batu ditu 'Letter' piezan Malas Compañiasek.Bihar estreinatuko du, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu