Hitzik gabeko bertso askeak

Hirugarren diskoa kaleratu du Igelaren Bandak, 'Debalde festa' izenekoa.Bertso doinu zahar eta modernoagoen interpretazio guztiz librea egin dute hamahiru kantutan

Bilbo
2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Igelaren Bandak —edo, bestela esanda, Hasier Oleagak, Bixente Martinezek eta Amaiur Cajaravillek— hirugarren diskoa kaleratu du. Eta, haiek esan bezala, «kalean dauden» hamahiru doinu bildu dituzte. Bertsoez ari dira, bertso doinuez; izan ere, garai ezberdinetako bertso doinuak aurkeztu dituzte lan honetan, tradizionalak eta modernoagoak. «Iparraldeko kantu zaharrak, Amurizaren doinu bat, Kaxianorena, Oskorri, Imanol, Imuntzo...», argitu du Bixente Martinez taldeko gitarristak. Eta bi kantu azpimarratu ditu bereziki: «Behin, Andoni Egaña bertsotan zebilela, haren doinu bat ezagun egin zitzaidan, zergatik jakin gabe, eta sakelakoarekin grabatu nuen. Oskorriren entsegu batean taldekideei erakutsi, eta Oskorri taldearen beraren kantu zahar bat zela esan zidaten, urteetan jo gabekoa». Martinez Oskorriko taldekide ere bada, eta disko berri honetarako Ezin ahaztu izeneko aspaldiko kantu hura moldatu dute, «modernoago eginez».

Bestetik, behinola Maialen Lujanbiori entzundako doinu bat nabarmendu du: «Kolore bereziko doinu eder bat zen, eta galdetu egin genion ea nondik zetorren. Gaztelako kantu zahar bat zela esan zigun, Esta noche ha llovido, mañana hay barro izenekoa. Guk Ez egin lorik basoan izendatu dugu, ordea».

Diskoaren izenburuak ere badauka bere istorioa. Xenpelarrek bere garaian Iparragirreri kantatu zion bertso batean du oinarria: «Debalde festa preparatzen det/ gogua dedan orduan» zioen azken bi lerroetan bertso hark. Beraz, argi dago lan berri honek bertsolaritzarekin duen lotura eta harremana indartsua dela.

Bertsolariek hitzekin inprobisatzen duten moduan, Igelaren Bandak musikarekin inprobisatzen du; «hitzik gabeko bertso askeak egin ditugu», dio Martinezek. «Asko maite dugu inprobisazioa, momentuan bertan sortzea. Badakigu non hasten garen kantu bat jotzen, baina ez dakigu non bukatuko dugun. Egiteko modu horrek guztiz lotzen gaitu bertsolaritzarekin».

Amaiur Cajaravilleren hitzetan, «melodia dago, eta melodiaren barruan harmonia eta erritmoa. Bi faktore horiekin jolasten gara konposizioetan, baina beti jatorrizko doinu egiturak errespetatuz, baita metrikak ere».

Beldurrik gabe aritu dira, libre, aldakor, jazzaren espiritutik hurbil. «Herri musika belaunaldiz belaunaldi pasatu da, belarritik belarrira, eta belaunaldi bakoitzak aurrekoak egin zuena bereganatu, aldatu edota hobetu egin du. Zein da doinu baten benetako bertsioa?». Tradizioaren pisuak eta itzalak ez dute Igelaren Banda kikiltzen; «musika zaharra maitasun handiz tratatzen dugu, baina batere errespeturik gabe» esan du Martinezek: «Bertsolariek ere doinu zaharren bertsio propioak egiten dituzte».

Grabaketa, benetakoa

Orain dela urte eta erdi hasi ziren Igelak bertso doinuen proiektu honekin. «Hirurok ibili gara lanean hasieratik. Aurreko diskoetan Bixentek egiten zuen aurrelan hori, baina oraingo honetan hirurok egin dugu: iturriak bilatu, abestiak prestatu... Bakoitzak hiru-lau abesti hartu ditugu, etxean egin, eta gero lokalean landu. Jada elkar hobeto ezagutzen dugu, hobeto ulertu, eta zeregin polita izan da», mintzo da Cajaraville. Aurrelan hori bi egunetan grabatu dute, ordea. Zirt eta zart. «Oso zuzenekoa gelditu da, freskoa, naturala, benetakoa... eta nabaritzen da», argitu du. Izan ere, taldeak kontzertu batzuk egin zituen estudioan sartu aurretik, eta zuzenekoaren eta berehalakotasunaren esentzia horixe dario diskoari.

Benetakotasun eta freskotasun hori azpimarratu du Martinezek. «Egunotan Led Zeppelinen disko zahar bat entzuten ibili naiz, eta kuriosoa egin zait musikalki inperfekzioak dituela: desafinatze txikiak, desajusteak... baina, aldiz, oso benetakoa da grabazioa, egia esaten du. Guk ere antzera jokatu dugu Debalde festa honetan. Bateria kolpe bat apur bat lekuz kanpo egonez gero, bere hartan utzi dugu. Gaur egun entzuten diren grabazioetan dena da perfektua; ordenagailua hartzen duzu, eta edozer konpondu daiteke...». Victor Sanchez teknikaria izan da grabazioaren arduradun.

Bestalde, diskoaren azala egiteko, Bertsozale Elkartearen laguntza izan dute. Hiru musikariak eserita ageri dira, eta, atzean, bertsolari batzuen irudi zaharra; «islatu nahi izan dugu gu hor gaudela, baina bertsolaritzaren historiaren oinarri edo background hori ere hor dagoela». Maider Oleaga argazkilariarenaizan da ideia. Eta diseinu guztia Unai Aranak egin du. Unai Iturriagak ere testutxo bat sartu du liburuxkan. Ez taldeari eta ez diskoari buruz, baizik eta bertso doinuei buruz. Izan ere, bertso munduan beti hitz egiten da edukiaz eta letraz, baina ez doinuaz. Eta horretaz mintzo da Iturriaga.

Hernaniko Biteri kultur etxean antolatuko du Debalde festa Igelaren Bandak, azaroaren 26an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.