Hitzezko eta pinturazko eskutitz bat

'Mari Paz Jimenez eta pintura' album ilustratua ondu dute Elena Olabek eta Irrimarrak, artistak Rosario ahizpari bidalitako gutun bat itxuratuz

Garazi Ansa, Elena Olabe eta Karmele Gorroño, atzo, Donostiako Udal Liburutegian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herrian pintura abstraktua jorratu zuen lehen artista izan zen. «Lehen artista, ez lehen artista emakumea». Eta, hala ere, gaur-gaurkoz, justuan heldu zaio aitortza Mari Paz Jimenez artistari (Valladolid, Espainia, 1909 - Donostia, 1975). Aski motibo iruditu zaie hori Garazi Ansa eta Haizea Barcenillari eurek zuzentzen duten eta Pamielak argitaratzen duen Bagara sailaren barruko bigarren album ilustratua hari eskaintzeko. Elena Olabek idatzi du testua, Irrimarrak (Karmele Gorroño eta Irene Irureta) egin ditu irudiak, eta erabateko abstrakziora heldu aurretik artistak izandako garapenean jarri dute begirada. «Testuan asko kontatzen da esan gabe, eta saiatu gara irudietan ere hala izan zedin», aurreratu du Gorroñok.

Mari Paz Jimenez eta pintura. Ahizpari gutuna da lanaren izenburu osoa, artistak 1950ean bere ahizpa Rosario Escuderori bidalitako fikziozko eskutitz bat baitu ardatz. Olabek bazekien Jimenezek gutun ugari bidali zuela bere bizitzan, eta aise etorri zitzaion ideia gogora. «Gutunetan topatu dut haren bizitzari eta ideia filosofiko eta artistikoei buruzko informaziorik gordinena; hor ikusi nuen gutuna formatu egokia zela haren bide artistikoaren eta bizipenen inguruan berba egiteko».

Gutun bat idazteak aukera eman dio, halaber, irakurlea ez zen beste hartzaile bat txertatzeko testuan: Rosario Escudero, artistaren ahizpa. Flamenko dantzaria izan zen hura, Jimenez bera baino are ezezagunagoa, Olabek azpimarratu duenez. Esperimentazio gogoz jardun zuen beti, eta Frantzian topatu zituen bere lana erakusteko agertokiak, Espainian gutxi. «Badakigu New Yorken ere egon zela, Marta Grahamen eskolan, eta Mari Paz Jimenezek jantziak josi eta kartelak egin zizkiola». Hari ere bidali zizkion gutunak Jimenezek, ahizparen «sorkuntza elikatuko zuten» irakurketak aholkatzeko.

Testuinguru beretik eta ijito komunitatearen inguruko iruditeriatik edan zuten bi ahizpek, eta Jimenezek bere hasierako margoetan islatu zuen hori, oihalen, jantzien eta dantzen aipamenekin eraman du Olabek orain testura. Haren koadernoetatik bildutako oharrak ere baliatu ditu. «Oso ondo islatzen dute existentzialismoaren, naturaren, geologiaren eta abarren inguruan izan zuen interesa; batik bat, haren lan abstraktuarekin lotzen dena».

Pinturaz arituta, Irrimarrakoek akrilikoa baliatu dute teknika gisa. Gorroñok kontatu du duda izan zutela non jarri arreta, artistaren lan figuratiboa ezagutaraztean edo haren ibilbidearen garapena irudikatzean; bigarrenaren alde egin dute azkenean. «Nolabaiteko portfolio bat balitz bezala; munduak ikus dezan nor izan zen, nolakoa izan zen haren lana».

Barcenillak, hain justu, garapen hori islatu izana ospatu du: «Mari Pazen lanean, ikusgaitasun handiagoa eman zaio beti alde abstraktuari, eta inportantea da ikertu gabe dagoen haren aurreko garaira eta emakume arrazializatu askoren errepresentaziora hurbildu izana liburu honetan. Abstrakzioa inportantea izan da Euskal Herrian, baina figurazioa ere hor egon da beti; esperimentazio iturri handia izan da, eta Mari Pazen ekarpena oso inportantea izan da hor».

Bestalde, Ansak aipatu du Bagara saileko albumak haurrentzat ere pentsatuak daudela, eta garrantzitsutzat jo du haien iruditerian emakume artisten erreferentziak txertatzea. Aristaren inguruan ikertzen segitzeko QR kode bat ere erantsi diote liburuari.

Hurrengoa, Valverde

Esther Ferrerren ingurukoa izan zen Bagara sailean kaleratu zuten lehen lana, eta, Jimenezenaren ondotik, Rosa Valverderi eskainiko diote hurrengoa. Maialen Lujanbiok (hitzak) eta Arrate Rodriguezek (irudiak) onduko dute, eta Valverdek landu zituen ehunka kaxa izango dituzte oinarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.