Hitzez hitz, erantzi

'Balio erantzia' aforismo liburua plazaratu du Ekaitz Goikoetxeak, Balea Zuria argitaletxearekin. Gai ugari jorratu ditu idazleak liburuan

Ekaitz Goikoetxea, atzo, Donostiako Udal Liburutegian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Kuriosoa da, ezta? Beste askok genero ugari landu ostean idatzi izan dituzte aforismoak, baina, nire kasuan, lehen liburua aforismo liburu bat da». Bera ere harritu egingo balu bezala egin du aipamena Ekaitz Goikoetxeak (Beasain, Gipuzkoa, 1980). Dioenez, ume-umetatik izan du hitza gertuko eta inguruari adi egoteko gogoa berezko; eta, erreka bitako urek bat egin ohi duten gisan, hala elkartuditu bi bulkadak Balio erantzia aforismo liburuan. Felipe Juaristiren hitzaurrearekin jantzi dute Goikoetxearen estreinako argitalpena, eta Balea Zuria argitaletxeak kaleratu du.

Gaztetatik, batik bat bertsolaritzaren forma askotarikoetan trebatu du hitzarekiko «pasioa» Goikoetxeak. Bat-batekoan soilik ez, bertso paper asko idatzitakoa da, eta iradoki du loturarik horien eta aforismoekiko zaletasunaren artean: «Bertsotan ere hasieran gehien erakarri ninduena zen hasi eta bukatu egiten zela, kontrolpean eraman zenezakeela testua. Indarra bukaerak izan behar zuela ikasi genuen, eta beti izan dut esan-indar hori bilatzeko grina, bai bat-batean eta bai idatzian».

Literatur lehiaketetara lanak bidaltzen ere oparo aritu zen 22 urte ingurura arte, baina heldu zitzaion momentu bat zeinetan «agortuta» sentitu zen. «Zeresan handirik ez nion aurkitzen neure buruari, eta oso modu naturalean erabaki nuen isiltzea», kontatu du. Isiltze horretan sartu zen irakurketa ugaritzea, eta hor deskubritu zuen aforismoen mundua: «Konturatu nintzen oso hitz gutxirekin espazio asko betetzen zidatela. Hiru hitz, eta egun osorako izan nezakeen».

Horrela ekin zion berak ere aforismoak idazteari, duela zortzi bat urte atzera, eta, tarte horretan, Oihenart aforismoen lehiaketan ere saritu dizkiote bi sorta. Idazten segitzeko bultzada eman zion horrek —«ikusi nuen nik besteenekin gozatzen nuen bezala izan zitezkeela nireak besteentzat gozagarri»—, eta, azaldu duenez, ikasleekin ere emankorra suertatu izan zaio generoa: «Izan plazer estetiko hutsagatik, ederra delako hizkuntzarekin jolas horiek egitea; eta baita mamiari dagokionez ere, gai ugari lantzeko eta eztabaidatzeko aitzakia izan daitezkeelako».

Balio erantzia-ren kasuan, gai ugariri egin die leku autoreak barruan. «Oinarrian daudenak nahiko existentzialak eta unibertsalak dira», zehaztu du, eta horren erakusgarri izan daiteke aforismoen hasierako hitzetan gehien errepikatzea, besteak beste, denbora, bizitza eta hiltzea hitzak. «Bizitza osoa dugu hiltzeko» edo «Denbora galtzen duenak espazioarekin konformatu behar», esaterako.

Baina haiekin batera datoz, halaber, Goikoetxeari zer pentsa handia eman ohi dioten beste zenbait aferaren inguruko aleak ere; izan herria, izan hizkuntza, izan isiltasunaren garrantzia.

Azken horri jarri dio, hain justu, azpimarra: «Ikasleekin ohartzen naiz, baita oro har ere, asko kostatzen zaigun zerbait dela isiltasuna, deseroso sentiarazten gaituela. Eta nik asko estimatzen dut. Pentsamendua da gure pentsua, eta ez dago hitzik hura gabe. Askotan esaten dugu zein garrantzitsua den pentsatzen duguna esatea, baina uste dut hori bezain garrantzitsua dela esaten dugunaz pentsatzea». Aforismo batek ere jasotzen du ideia liburuan: «Hitza, pentsamenduaren oihartzuna ezpainetan».

«Irudimenaren artea»

Ahalik eta gutxienarekin, ahalik eta urrunena iristea. Asmo horri erantzun nahi izan dio Goikoetxeak aforismoekin, eta hitz-jolasak ere baliatu ditu horretarako, izenburutik bertatik hasita. «Liburuan saiatu naiz muinera joaten. Aforismoa, azken batean, niretzat hori da: gutxienekora jotzea. Askotan, hori da garrantzitsuena: benetako balio erantsia emango dizuna balio erantzi hori izaten da. Gu geu ere, pertsona bezala, biluzian, eranskinik gabe gara oso eta eder».

Hala, gaien gainetik, begirada eta estilo batek biltzen ditu liburuko aleak, eta egileak idazteko orduan «taju serio samarra» gailentzen zaiola dioen arren, umorerako joera ere erakutsi du. «Irudimenaren artea da Ekaitz Goikoetxeak bizitzan aurkitzen duena, bizitzari lapurtu eta etxera dakarrena», idatzi du Juaristik hitzaurrean. «Berak ezkutarazten dio gizakiari benetan zer eta zertan den. Hitza jartzen du jokoan, baina ez da hitz-joko hutsa gehienetan, bestelako baliabideen gainetik».

Edizio prozesua batez ere «soiltze lanak» ezaugarritu duela aipatu du Goikoetxeak, eta eskertu egin ditu argitaletxeko kideak generoaren aldeko apustua egiteagatik «Iruditzen zait aforismoek leku handia izan dezaketela gaur egun; hausnarketarako behar handia dugu, eta noiznahi irakur dezakezun esaldi batek denbora eta espazioa ia mugagabeki bete diezazuke». Balio erantzia-rekin, hain justu, aforismoen sail berri bati eman dio hasiera Balea Zuria argitaletxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.