Hitzetara arrimatuz

Hip hop doinuz osatu du 'Errimatuz garenera arrimatuz' ikuskizuna Oskar Estanga bertsolariak

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bertsolari eta musikari senak bildu ditu Oskar Estangak Errimatuz garenera arrimatuz emanaldian. Hitzak ditu oinarri, eta horien errima estuak hip hop doinuz borobildu ditu. Bakarrizketa saio batekin alderatu du ikuskizuna, kantuen edukiak autobiografikoak direlako, baina baita unibertsalak ere: «Denoi galdetu digute handitan zer izan nahi dugun». Eta horretaz ari da Ez dakit handitan ze izan nahi dudan abestia.

Urte askotan egin duen lanaren fruitu dela dio: «Denbora luzea daramat kantugintzan, nahiz eta inoiz ez naizen aritu buru-belarri, baina zati batean tantaka egindako lan horren isla ere bada emanaldia». Bakarkako errepertorioa lehenengo aldiz prestatu duela esan du, eta aitortu du «ilusio berezia» egiten diola proiektu horrek.

Bertsolaria da Estanga, eta horregatik, ikuskizunean ere garrantzi berezia dute hitzek. Kantuen hitzak sarri «topikoetara» edo «betiko bideetara» joaten direla uste du. Bide bera ez jarraitzera, hain zuzen ere, bertsolaritzak eraman du: «Zerbait erakutsi badigu bertsolaritzak, gure bide propioak egitea erakutsi digu, eta nik kantuan ere neure bidea egin nahi nuen». Hip hop erritmoz abestuko ditu abestiak, joko handia ematen dion estiloa dela iruditzen baitzaio.

Azpiegitura handirik gabeko emanaldiak egin ditzake Estangak. «Oinarri musikalak neronek sortuak dira, eta edozein lekutara eraman ditzaket». Giroaren arabera, ikuskizuna moldatuko duela adierazi du. «Abestiak gitarrarekin ere jo daitezke; moldaketei irekiak daude, alde horretatik».

«Sortu dudan ikuskizunean, Gaintzako baserria eta Iruñeko kalea uztartzen ditut; izan ere, ematen ez badu ere, hizkuntza berdina dira biak» adierazi du bertsolariak. Bien artean zubiak eraiki nahi ditu, beraz. Horrela, aurrez prestatutako abestiekin batera, bat-batekoak ere abestuko ditu Estangak. Etzi egingo du lehenengo emanaldia Getxoko (Bizkaia) Aixerrota institutuan. Hurrengoa, berriz, maiatzaren 11n Lekunberrin (Nafarroa) izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.