Hitzen Lihoa zikloa hasiko da bihar Oiartzunen, utopia ardatz hartuta

Literaturari, musikari, arteari, filosofiari eta bertsolaritzari lotutako jarduerez osatu dute egitaraua

Hitzen Lihoa zikloaren antolatzaileak, egitaraua aurkeztu zuteneko irudi batean, Oiartzunen. HITZEN LIHOA.
Urko Iridoy Alzelai
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Aurten, seigarren urtez, Hitzen Lihoa zikloa antolatu dute Oiartzunen (Gipuzkoa). Bihar hasi eta hilaren 12ra bitarte, artea eta kultura izango ditu protagonista. Literaturaz, antzerkiz, musikaz, bertsoz eta arte plastikoz beteriko egitaraua osatu dute aurten ere, eta utopiak eta horren inguruan izan ditzakeen ikuspuntuak izango dira ardatz nagusia. «Urtero gairen bat hartu izan dugu aitzakia moduan. Emanaldiak gai horren inguruan egiten saiatu izan gara. Horrek ez du esan nahi dena estuki gai horretara hurbiltzen denik, baina hari bat edukitzea da arrazoia», esan du Ainara Lasak, zikloaren antolatzaileetako batek.

Utopia gai moduan jorratzeko arrazoia faktore ugaritatik datorrela adierazi du Lasak: «Gaur egungo munduaren egoerak kezka ugari eragiten dizkigu antolatzaileoi, eta baita gure hizkuntzaren eta kulturaren egoerak ere. Kezka horietatik hainbat galdera sortzen dira. Kulturgintzak eta utopiak duten harremana edota sortzeko orduan dauden utopiak jorratu nahi izan ditugu». Hala ere, zikloko emanaldi guztiak ez dira erabat utopiaren ideian oinarrituko. «Euskal Herriko artistei lekua eta ahotsa emateko helburuarekin sortu zen Hitzen Lihoa, eta, gaur egun, ildo berean jarraitzen dugu», esan du Lasak. Horrez gain, ikusleak «kulturgintzaz elikatzeko helburua» ere badu zikloak. Gainera, Oiartzun kulturan herri erreferente bilakatzeko erronka ere badu.

Zortzi ekitaldi bildu dituzte zikloan. «Aurten jardun kopurua jaisteko asmoa genuen, baina azkenean, gaiak motibatuta eta hainbat artistak baiezkoa emanda, ziklo handi eta eder bat gelditu zaigu. Azken urteetakoa baino handiagoa izango da», adierazi du Lasak. «Handia» aurtengoa, hortaz. Manifestuaren irakurketarekin emango diote hasiera, bihar, eta, ondotik, Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak literatura eta musika uztartuko dituzte emanaldi batean.

Filosofiaren presentzia nabarmendu du Lasak: «Herrian baditugu filosofia normalki lantzen duten egitasmoak, baina aurten, utopiaren gaiarekin bat zetorrenez, filosofia ere landuko dugu. Alba Garmendiaren eskutik izango da hori. Hain zuzen, utopia lantzen duen obra bat dauka, eta, astroak lerrokatuz, haren presentzia ere edukiko dugu». Garmendiak pote filosofikoari hasiera emateko hitzaldi txiki bat egingo du etzi, eta elkarrizketa irekia izango da publikoarekin. Ostiralean, Utopia: espekulazio-ariketak izenburupean, hizketan jardungo dute Harkaitz Canok eta Lorea Agirrek, Oier Guillanek gidatuta. Euskal kulturaren etorkizuna irudikatzen ahaleginduko dira.

Larunbatez, Nagore Legarretak tailer bat emango du, eta bi emanaldi izango dira: Jausiz poesia liburua izango du oinarri batak, eta Mejillon Tigreko kideek eskainiko dute bestea. Eta igandean, azkenik, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuaren irakurketa jarraituarekin eta lan horretan oinarritutako bertso bazkari batekin emango diote amaiera aurtengo jaialdiari.

Atariko modura, iragan urrian, horma irudi bat margotu zuten, Oiartzungo Kontzejupe plazan. Maitri Ugaldek gidatuta, haurren laguntzaz osatu zuten. «Nolako Oiartzun amesten dugu?» galderaren harira bildutako ideien ondotik sortu zuten artelana.

Sarrerak Oiartzungo Udaleko webgunean lor daitezke, eta hilaren 11ko tailerrean zein azken eguneko irakurketan parte hartzeko, [email protected] helbidera mezua idatzi behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.