Beste sei dira, gaurtik aurrera, Jose Ibarrolaren Liburu nabigatzailea eskulturaren ale bana etxeratu duten egileak, Euskadi literatura saria irabazi izanaren oroigarri. Sei dira, eta ez zazpi, gaztelaniazko saiakera modalitateko saria eman gabe gelditu baita aurten. Gaur arratsaldean banatu dituzte sariak Gasteizko Artium museoan, eta elkarrekin egon dira oholtzan sei irabazleak: Aiora Jaka, Jon Urzelai, Jon Gerediaga, Harkaitz Cano, David de las Heras eta Julia Otxoa. Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik eskuratu dute garaikurra.
Duela hilabete eman zituzten saridunen izenak, eta gaur izan dute Euskadi literatura sariaren aitortza modu ofizialean jasotzeko parada. Literaturak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna ahotan izan du Bengoetxeak sariak banatu dituenean, eta nabarmendu du «hitzek balio berezia» dutela egungo egoeran, non «ziurgabetasuna» nagusi den eta «liskar, oihu eta indarkeria» gailendu egiten diren: «Literaturaren bidez, forma ematen diozue gure bizimoduari eta istorioak sortzen dituzue».
Saridun guztiek azpimarratu dute, aldez edo moldez, hitzen —eta oro har, literaturaren— beharra. Euskarazko literaturan, saiakera modalitateko Euskadi sariduna izan da lehena oholtzara igotzen: Jon Urzelai (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990). Su festak (Elkar) lanagatik jaso du aitortza, azken hamarkadetako musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara eramaten duen liburuagatik, hain zuzen.
Aitortza bat egin du Urzelaik saria jaso duenean: «Nik banekien liburu honek sona handia ez izatea aukera posible bat zela. Eta, hala ere, hemen gaude». Haren esanetan, liburuaren xedeetako bat musika jaialdien inguruan zegoen «zuloa» betetzea izan zen, baina bidean «zulo gehiago» topatu zituen, eta horiek «lehertu» zitzaizkion idazten ari zela. Eta bide beretik nahiko luke egitea liburuak bidea: «Liburuak arrakasta lortuko du, baldin eta beste zulo batzuk arakatzen hasteko bitarteko bada».
Haren ondotik, Jon Gerediaga (Bilbo, 1975) igo da agertokira. Bere zazpigarren poesia liburuarekin, Zeru-lurren liburua (Elkar), irabazi du euskarazko literaturaren modalitateko saria. Liburuaren hausnarketa poetikoa nabarmendu zuen epaimahaiak saria emateko, eta, hain justu, poesiaren zentzuaz gogoeta egin du Gerediagak: «Batzuetan neure buruari galdetzen diot zertarako idatzi poesia garai nahasi hauetan. Eta beste batzuetan imajinatzen dut poesia ezinbestekoa dela bizitzarekin eta gizartearekin behingoz adiskidetzeko. Hitz poetikoa sortzen zait orduan».
Haur eta gazte literaturako modalitateko saria jaso du Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975) ondoren, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Erein) lanagatik. Fernando Bernues antzerkilariaren ideia batetik abiatuta, Isabel Herguerarekin batera ondutako albuma da, eta bientzako izan ditu esker oneko hitzak. Canoren arabera, liburuak «laudorio xumea» egiten die liburutegiei, «pribatuei, heredatzen direnei, emantzipatzeko balio dutenei eta publikoei». Eta Joan Mari Torrealdaik esan zuenaren bidetik, Euskal Herriak euskal liburutegi nazional baten premia duela aldarrikatu du.
Aiora Jakak (Donostia, 1982) jaso du euskarazko itzulpengintzako Euskadi saria, Ahmadou Kouroma idazlearen Independentziaren eguzkiak dela eta. Kouroumak (Togobala, Boli Kosta, 192 -Lyon, Frantzia, 2003) 1968. urtean idatzi eta 1970ean eman zuen argitara Independentzien eguzkiak (Les soleils des indépendences), Montrealen (Quebec). Jakak, itzultzaile gisa, «irakurle pribilegiatutzat» jo du bere burua, baina azpimarratu du itzultzea ez dela gauza bera esatea, «ia gauza bera» esatea baizik, eta saritutako liburua itzultzean «ia» horretan Boli Kosta, Mali eta Ginearainoko 5.000 kilometro kabitu direla. Eta euskal itzulpengintza goratu du, «esanahi berriak sortzeko» euskal literaturak dituen tresnak ustiatzeko duen gaitasunarengatik.
Gaztelerazko bi lan sarituak
Gaztelerazko literaturako kategorietan, David de las Herasek (Bilbo, 1984) Campos de Castilla liburua ilustratzeko egindako lanagatik literatur lan baten ilustrazioaren saria jaso du, eta Julia Otxoak (Donostia, 1953), berriz, Bajo los astros de la repetición (Averso Poesia) lanagatik eskuratu du gaztelaniazko literaturako saria.