Hitzen agintaldi liriko bat

Joserra Senperenak 30 poema musikatu ditu 'Lied koadernoa' disko berrian. Maite Arruabarrena mezzosopranoak jarri du ahotsa, «hitzek agindu dezaten».

Joserra Senperena eta Maite Arruabarrena
Joserra Senperenak eta Maite Arruabarrenak bihar taularatuko dute Lied koadernoa lana estreinakoz. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko dira. JUAN G. ANDRES
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko abenduaren 28a
05:30
Entzun

Aurrez ibilitako bideak berriz ez ibiltzea izan ohi du tema Joserra Senperena musikari eta konpositoreak. Hala esplikatu zuen, esaterako, Existentzia minorrak lana aurkezten ari zela; ez duela maite «errepikatzea», nahiago duela gauza berriak probatu. Hiru urteren ondotik, 2020an esandako horien antzeko-antzekoak ahoskatu ditu Senperenak, disko berriaz mintzo: Lied koadernoa. Dioenez, horretan ere erdietsi baitu aurrez ibilitako biderik ez zapaltzea, bidezidor ederrak hartuaz. Zazpi euskal olerkariren 30 poema musikatu ditu: Mari Luz Esteban, Juan Luis Zabala, Leire Bilbao, Itziar Ugarte Irizar, Josu Goikoetxea, Goizalde Landabaso eta Jon Gerediaga idazleenak. Maite Arruabarrena mezzosopranoak abestu ditu pieza guztiak, Senperenaren piano doinuek lagunduta. Bihar taularatuko dute diskoa estreinakoz, biek elkarrekin. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko dira.

Ahots bakarrerako eta pianorako konposaturiko kantuak dira liedak, poema lirikoetan oinarrituak eta Alemaniako erromantizismoan famatuak. Senperenari ikasle garaitik eragiten dio lilura abesti mota horrek. Oroitu duenez, goi mailako piano ikasketetan murgildua zelarik jo zituenetik. Ordea, urteetan, Senperenaren musika ibilbidea beste noranzko batera zabaldu da, eta, musika barrokoan, klasikoan edo erromantikoan baino gehiago, pop eta rock munduan aritu da gehienbat. Azkenaldian, baina, konpositorea korronte klasikoagoetara gerturatu da berriz, erdi oharkabean.

Izatez, aldaketan eragina izan duelakoan, orain bi urteko enkontru bat ekarri du gogora: «Donostiako udal txistulari taldearen kontzertu batera joan nintzen. Bertan, soprano batek Pablo Sorozabalen hiru lied kantatu zituen. Asko gustatu zitzaidan, eta pentsatu nuen: kantuaren nire gaurko kontzeptua ez dago horren urrun hortik». Hori hala, interpretazio modu horrek erakarrita kabitu ditu abesti berriak «lied moldean». Hala ere, ohartarazpena egin du, zorrotz: «Ez da estilo ariketa bat izan, baizik eta liedak egitea, baina guztiz libre, eta ez kanon bati segika».

Ordenaren garrantzia

Senperenak nabarmendu duenez, konposizio prozesu guztietan izaten dira gorabeherak, baina, kasu honetan, «neurria hartzea» kostatu zaio gehien. «Erabaki nuenean kantuak egitea, idazle lagunek hainbat poema eman zizkidaten, bilaketarako, baina ez nuen ideala topatzen». Izan ere, liedak egin nahi bazituen, konpositoreak ezinbestean beharko zituen aurrez idatziriko poemak.

Ordea, lehenbiziko urrats horretan trabatu, eta proiektua aldi batez «aparkatzea» erabaki zuen. Juan Luis Zabalak lotu zuen berriz ere bidera, ordutik lau bat hilabetera. «Ohiko liburu dendan nenbilela, haren Mina hartzeko ere poema liburuarekin egin nuen topo, Zeure poemarekin aurrena, eta garbi ikusi nuen hori zela neurria». Olerki hori diskoan jasoa dago, Zabalaren beste seirekin batera.

Behin Zabala aukeratuta, Senperenari errenkadan etorri zitzaizkion beste poetak bidera: Ugarte, Landabaso, Bilbao, Goikoetxea... Halaber, Senperenak kontatu du Josu Goikoetxeak Euskadi Irratian egiten zuen Astelehen poetikoak tarteari esker ezagutu zituela Mari Luz Esteban eta Jon Gerediaga. Hain zuzen, Estebanen Nahikoa olerkia da diskoan aditzen den lehenbizikoa. Laztan mingots baten gisakoa da, Arruabarrenaren ahotsean. «Maite nuen eta maite ninduten/ ez zen nahikoa/ Maite dut eta maite naute/ Nahikoa ez izaten jarraitzen du».

Lied koadernoa diskoan jasotako poema gehien-gehienak laburrak, «soilak» eta asimetrikoak dira, konpositorearen esanetan. «Ez daukate errimarik, eta irregularrak dira. Adibidez, ez dute ez estrofarik ez errepikarik», esplikatu du. Dioenez, gainera, gauza bat lehenetsi nahi izan du kantu guztietan: «Hitzek agintzea».

«Ez da estilo ariketa baten gisakoa izan, baizik eta liedak egitea, baina guztiz libre, eta ez kanon bati segika».

JOSERRA SENPERENA Musikaria eta konpositorea

Hitzen «agintaldia» nola bermatu duen esplikatzeko, Senperenak pop musikaren egiturarekin eta popa egiteko moduarekin konparatu du molde erromantikoa. «Pop musikariek, kasuen %90etan, lehenengo musika sortzen dute, eta gero jartzen dituzte hitzak, sortua duten sekuentzia harmonikoaren gainean. Horrelakoetan, esango nuke musikak agindu ohi duela». Liedetan, beraz, prozesuak alderantzizkoa behar du, iradoki duenez. 

Gozagarria izan zaio ariketa aldrebes egitea. «Akordatu naiz, adibidez, Mikel Laboak nola kantatzen zituen Joxan Artzeren poemak, nola kantatzen zituen Joan Manuel Serratek Antonio Machadorenak. Pentsa genezake: zergatik jarri zizkieten nota horiek hitz haiei, eta ez beste batzuk?».

Markoa zabalagoa izateko

Maite Arruabarrena kantariak jarri die ahotsa Senperenak ebatzitako notei. Izan ere, konpositoreak hasieratik zuen argi abestiok ahots liriko batek kantatzekoak direla. «Mezzosoprano bat izatea nahi nuen». Haren iritziz, Arruabarrenarena bezalako bat ahots eduki izanari esker posible izan da marko harmoniko, erritmiko eta melodiko «zabalago» batean jardutea, eta hori aski zaila zitekeen pop abeslari batekin arituz. 

Arruabarrenak «ilusioz» heldu dio erronkari. Kontatu duenez, «bereziki erakargarria» iruditu zaio lanean parte hartzea, bazekielako Senperenak ez zuela aurrez halakorik egin. «Pentsatu nuen: ekingo diot abenturari!», ekarri du kantariak gogora. 

«Gustatzen zait Senperenak zer garrantzi ematen dion melodiari, bai eta poemen araberako atmosferak sortzeari ere».

MAITE ARRUABARRENAAbeslari mezzosopranoa

Kantuen lanketari dagokionez, Arruabarrena oso ohitua dago beste batzuen lanak abestera, eta, beraz, ederki daki piezak egoki interpretatzeko hainbat alderdi izan behar direla aintzat. Adibidez, Lied koadernoa prestatzeko prozesuan, konpositorea eta kantaria hainbat aldiz bildu ziren olerkien gainean hausnartzeko. «Ondo ulertu behar nuen poemek zer zioten, ulertzeko Joserrak nola sortu duen musika, horren arabera jartzeko ahotsa».

Bestalde, Senperenaren konposizio lanean bereziki maite dituen bi alderdi nabarmendu ditu abeslariak: «Gustatzen zait zer garrantzi ematen dion melodiari, bai eta poemen araberako atmosferak sortzeari ere». Esperantza du kontzertuetan erdietsiko dutela entzulearen «emozioak ukitzea».

Viktoria Eugeniako estreinaldiaz gain, beste emanaldi bat ere iragarri dute. Otsailaren 24an Tolosan (Gipuzkoa) ariko dira Senperena eta Arruabarrena, Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.