Konfitamenduan egongo da herritar ugari egunotan; etxean itxita, gosari, hamaiketako, bazkari, askari eta afari, «etengabeko oturuntza batean». Leihoketaren bat ere egingo zen, «pandemia garai ilunetan auzokideen artean, leiho eta balkoietan egiten den originalitate txapelketa» horietakoren bat. Halako dozenaka hitz biltzen dituen hiztegi berezia osatu dute Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek. «Hizteria kolektibo honen erdian, hizteria kolektiboa sortzera goaz. Hitz asmatuekin jolasteko prest?». Amu hori bota zieten, iragan martxoaren 24an, BERRIA Aretoko ikus-entzuleei, eta 70 bat lagunek heldu zioten jostetarako gonbidapenari. Denen ekarpenak bilduta, Hizteria kolektiboa lana osatu dute orain. Elkarlan horren emaitza eskuragarri egongo da, bihar eta etzi, BERRIAren webgunean.
2016. urtean du lehen hazia ariketak: Hizteria. Eskuko hiztegia plazaratu zuten orduan taldekideek, asmatutako eta ilustratutako hitzak bilduta. Lan hari kolektiboan segida emateko ideia, hala ere, berrogeialdian sortu zitzaien, Malen Amenabar taldekideak azaldu duenez. Pandemiaren zabalkundea eragozteko neurrien eraginez, hainbat proiektu utzi behar izan zituzten bertan behera. Sortzen jarraitzeko gogoa zuten, ordea, eta BERRIA Aretoaren egitasmoak akuilatuta, proiektu berria abiatzea erabaki zuten. «Buruan geneukan hizteria berri bat egiteko ideia, aurrekoaren ale guztiak agortu zirelako eta eskatzen zizkigutelako. Orduan pentsatu genuen jendearekin egin ahal genuela».
Parte hartu nahi zuen orori hiru pauso proposatu zizkioten: lehena, hitz bat asmatu eta haiei bidaltzea. Guztiak jasota, taldekideek hitz bana bidali zioten parte hartzaile bakoitzari, beste norbaitena, hitz horren definizioa idazteko. Eta horiek bilduta, hirugarren eta azken urratsa egitea falta zen: beste inork emandako hitz eta definizio horietako bakoitzarentzako irudi bat sortzea. Azkenean, parte hartzaile bakoitzak hitz bat asmatu, beste bat definitu, eta hirugarren bat ilustratu du; hiru egile ditu, beraz, hizterian jasotako sarrera bakoitzak.
Txakur Gorriakoak harrituta geratu ziren animatu zen lagun kopuruarekin, Amenabarrek aitortu duenez. «Talde txiki bat sortuko zela eta horrekin aurrera egingo genuela pentsatu genuen, eta, bat-batean, 60tik gora lagun ziren». Poz handia eman zien horrek, baina lan handia ere bai, dena koordinatzeko. «Espero genuen inguruko jendea edo gure tailerretan parte hartu dutenak animatzea, baina jende berri pila bat sartu da, eta oso pozik gaude horrekin». Euskal Herri osotik jaso dituzte proposamenak. Eta harritu dira askorekin, onerako. «Ez dakigu horrela egin nahi zutelako edo gaizki ulertu zutelako, baina batzuek hitzak definituta ekarri zizkiguten, oso zehatz, gainera: esanahiaz gain, erabilera, nola eraikitzen den... Oso gogotsu ibili da jendea».
Eta hala joan ziren elkartzen keirala, auzokatu, mubero,niteratura, gozakidetza,kalenia eta beste hitz asko liburu bakarrean, Hizteria kolektiboa-n. Jolasarekin gozatu nahi duenak, bihar eta etzi izango du aukera.
FITXA
Izenburua: 'Hizteria kolektiboa'. Egilea: Askoren artean. Non eskuragarri: Bihar eta etzi, Berria.eus/hizteria helbidean.
KONFITAMENDUA
Denboraldi batez norbera bere etxean ixtea, kalera irten ezinda, etengabeko oturuntza batean, gosaldu orduko hamaiketakoa egiten ari dela ohartu gabe, buruan bazkaria eta askaria prest duela, afaltzeko zer prestatuko duen zalantzan.
ANTSIETARTE
Iz. 1. Antsietate handiko garai luzeetan parrandan irten eta kezka zein pena guztiak patxaranetan itotzea. Gaur antsietarte bat hartuko dut eta ez naiz berandura arte etxera bueltatuko!
TELELANGA
1. Beharrean asterako goia jotzea.
2. Hasiz gero, gaindiezina bihurtzen den etxetik egiten den lana.
PEPILAKZIOA
Pepino bat eskuan hartuta manifestatzearen ekintza, akzioa.
Hitzekin jolasean, 'konfitamenduan'
Txakur Gorriako kideek 'Hizteria kolektiboa' lana osatu dute, sormen ariketan parte hartu duten ia 70 lagunen ekarpenekin. Bihar eta etzi, BERRIAren webgunean deskargatu ahalko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu