Hitzei forma ematea

'Nortasuna +' erakusketa jarri dute ikusgai Gasteizko Oihanederren. Euskarazko testu, abesti eta olerkietan oinarritutako artelanak dira

RAUL BOGAJO / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Euskal literaturaren parte diren hainbat testu abiapuntu hartuta, Nortasuna+, zeramikan gorpuztutako hitzak talde erakusketa osatu dute EKG Euskal Keramikagile Garaikideak elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak, Gasteizen. Hamabi idazleren olerkiak, abestietako hitzak edo liburuetako pasarteak dira ikusgai dauden artelanen oinarriak: Karmele Jaio, Joseba Sarrionandia, Anari edota Bitoriano Gandiagarenak, besteak beste. Artista bakoitzak hautatutako testuarekin lotu du bere sorkuntza lana, eta hitzei buztinez forma eman dio ondoren. Pieza eskultorikoak dira ikusgai dauden gehienak, baina askotariko formak hartzen dituzte aretoan bertan. Hilaren 27ra arte egongo da zabalik.

Zortzi artistaren lanak daude ikusgai guztira: Ines Gonzalez de Zarate, Txaro Marañon, Ramon Berraondo, Maite Salutregi, Loli Pinedo, Koro Martinez, Jabier Berasategi eta Jone Urainenak. Antolatzaileek adierazi dutenez, belaunaldiartekotasuna lantzea eta euskararen zein nortasunaren inguruan modu «askotarikoago» batean hausnartzea da erakusketaren helburua, baita zeramikagintza ikusaraztea ere.

Izan ere, euskalduntasuna «gero eta modu zabalago eta askotarikoagoan» ulertzeko ahalegin bat egin nahi izan dute artistek. «Gure kultura kontzeptua hizkuntza plastiko komun batetik eskultorikoki gauzatzen ahalegindu gara», azaldu dute. «Eta saiatu gara gure kontzeptuak Euskadiko gainerako kulturekin bateratzen, kultura horiek gure gizartean gaur egun dagoen kolore eta testura aniztasunari laguntzen diotelako. Hizkuntza bat ikasteak ez baitu esan nahi soilik soinuak eta hitzak ikastea; hizkuntzarekin bizitzeko eta gauzak ikusteko modu bat ikasten da».

Taldean , baina bakarka

2019an Vital fundazioan egin zuten Nortasuna. Zeramika garaikidearen erakusketa proiektua du aurrekotzat Oihanederreko erakusketak. Orduko hartan ere euskal nortasunaren inguruan hausnartu zuten, baina harago joan nahi izan dute oraingoan, eta euskara jarri dute ardatz nagusi gisa. «Argi eta garbi geneukan euskal nortasunaren oinarria euskara zela, eta gai hori gauzatzea izan zen gura erronka». Andreei leku berezia eman nahi izan diote, gainera, «nortasuna zabalduz, bikoiztuz». Horregatik jarri diote Nortasuna + izena erakusketari, hain zuzen.

Artistek elkarrekin lan egin dute gogoetan, baina nork bere sormen prozesua izan du gero. «Nork bere lan egiteko dinamika dauka, esan nahi duenaren eta dituen beharren arabera egokitzen dena. Pieza batzuk guztiz berriak dira, eta orain gutxi amaitu ditugu, baina badira aspaldi egindakoak ere». Hemezortzi urte daramatzate elkarrekin sortzen, eta aitortu dute «sinergia bereziak» sortzen direla elkarren artean.

Bestelako jarduerak

Erakusketak iraun bitartean bestelako jarduerak ere izango dira. Gaur, esaterako, Anarik eta Iñigo Astizek Kantatu, maitatu eta zalantza elkarrizketa musikatua egingo dute. Hilaren 17an, berriz, Xabier Amurizak euskara batura ekarrita duen Etxepare, jalgi hadi batura liburua aurkeztuko du; eta, hilaren 20an, Irati Jimenezek Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizuna eskainiko du. Azkenik, otsailaren 27an, erakusketaren itxiera ekitaldiarekin batera, Garatu 2021 programako partaideek erakusketaren harira egin duten dokumentala aurkeztuko dute.

Bisita gidatuek ere izango dira, eta artistek beraiek egingo dituzte: hilaren 12an eta 24an izango dira hurrenak, 12:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.