Musika

Hitzaren kantua

Kae Tempestek 'The Line Is A Curve' estudioko laugarren diskoa kaleratu du. 'Spoken word'-aren eremuan hazitako artista bat da, eta bost poema bilduma ere baditu, besteak beste.

Kae Tempest idazle, poeta eta kantaria. KAE TEMPEST.
itziar ugarte irizar
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Itsasgarri sozial» gisa definitu izan du artea Kae Tempestek (Brockley, Erresuma Batua, 1985). Defendatu izan du arteak jendea berdintzen duela, «kontzientziarik ez duen gorputzaren eremu bati zuzentzen zaiolako». Azaldu izan du kezka, halaber, gaurko gizarteetan zer gertatzen den norbanakoen kontzientziekin, ez ote dituzten kanpotik «gidatzen». Eta zer egin «testuinguru historikoen traumekin». Horren guztiaren aurreko esnagarri modura kokatu izan du bere lana, eta aupatua izan da lehen urratsetatik haren izena, spoken word-aren eszenan, batik bat. Hitza baitu dohain. Izan ahoz, idatziz, zein kantuz.

2011n Sound of Rum taldearekin emandako Balance diskoarekin urratu zuen bidea, eta estudioko hiru albumen —Everybody Down (2014), Let Them Eat Chaos (2016), The Book of Traps and Lessons (2019)—, nobela baten—The Bricks That Built the Houses (2016)—, ez-fikziozko argitalpen baten —On Connection (2020)—, hiru antzezlanen eta bost poema libururen ondotik —Everything Speaks in its Own Way (2012) lehena; Running Upon The Wires (2018) berriena—, aurreko astean argitaratu zuen disko berria Tempestek: The Line Is A Curve. Hamabi kanturekin osatu du, eta denbora gutxi behar izan dute zenbait musika agerkarik asteko diskoaren postura igotzeko. Lanari darion «inteligentzia», «konbentzimendua» eta «alaitasun heldua» nabarmendu dituzte, besteak beste, kritikariek.

Hau da Tempestek Kate atzean utzi zuenetik ondu duen lehen diskoa, gainera —ez-binariotzat izendatzen du egun bere burua—, eta aldaketa aipagarria egin du lanaren diseinutik beretik: bere irudia ezkutatzen aritu ostean —debekatuak izan dira argazki-bideoak haren zuzenekoetan—, azalean ageri baita orain lan berrian.

Literatur senez

Lotsari, maitasunari, bakardadeari, denboraren igaroari... literatur sen handiz, askotariko gaiei kantatu die Tempestek The Line Is A Curve-n. Aurreneko aldiz, jende gehiago bildu du diskoan:Grian Chatten (I Saw Light), Lianne La Havas (No Prizes), Confucius MC (Smoking), Assia (Water in the Rain) eta Kevin Abstract (More Pressure).

Priority Boredom indartsuak abiatzen du diskoa, eta, gorabeherekin, leuntzera egiten du entzunaldiak, indarrik galdu gabe ezein piezatan —nabarmentzekoa da Salt Cost—, otoitz baten tankeran, nota gutxitan eusten den ahotsaren kadentzia dotorez maitasunaren alde lerratzen den Grace-raino. Tempest: «Igaroko dira mila mende, eta erantzuna maitasuna izango da orduan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.