Hitzaren esanetara

Ahozkotasunaz eta idatzitakoaz jardun dute Galeuscan, euskaraz, galizieraz eta katalanez aritzen diren idazleen topaketanGaur amaituko da bilkura, federazioak egingo duen batzar orokorrarekin

Laia Martinez Lopez, Antonio Reigosa, Ana Urkiza moderatzailea eta Juan Kruz Igerabide, atzo, Donostian izandako saioan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Nola idazten da gero esan egin behar dena? Esatekoa dena idatzi egin behar da aurretik? Zer harreman dute ahozko eta idatzizko literaturek?...Horiek eta beste hamaika galdera jarri zituzten atzo mahai gainean Galeuscan, euskaraz, galizieraz eta katalanez lan egiten duten idazleen urteroko bilkuran, Donostian. Esateko idazten direnak gaia hartu dute hizpide aurtengo topaketan, eta alderdi askotarikoetatik heldu zioten hizlariek atzo, San Telmo museoan eginiko saio nagusian. Ahozkotasunari erreparatu zieten, esaterako Juan Kruz Igerabidek, Laia Martinez Lopezek eta Antonio Reigosak.

Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) Grezia klasikora egin zuen atzera, ahozkotasunak izan duen bilakaera ulertze bidean, eta Platon ekarri zuen gogora, ahozkotasunetik idatzizkorako jauzia azaltzeko: «Platonek poetak Errepublikatik bota zituenean, ez zituen bota idazleak zirelako, idazleak ez zirelako baizik», adierazi zuen Igerabidek: «Haiek ez zuten esateko idazten; aitzitik, esan egiten zuten, gero norbaitek agian idazteko». Igerabideren iritziz, Platonek hori aldatu nahi zuen eta lortu ere lortu zuen, geroago Aristotelesek eta haren jarraitzaileek egindako lanak lagunduta. «Esateko idazten hasi zen gizaki buru-jantzia». Gaur egun ere, eta alfabetizazioaren hedatzearekin, hori da araua. «Zerbait esan behar denean, aurrena idatzi egiten da, paperean ez bada buruan».

Gure artean ere, historikoki, ahozko kulturaren aztarnak ugariak izan direla dio Igerabidek, nahiz eta idatzizkoaren eragina nabaritu duten: «Bertsolari zaharrengan, Havelock, Ong eta bestek deskribaturiko buru-prozesuak garbi ikus daitezke. Hala ere, idatzizko kulturaren eragina nabarmentzen hasia zen, eta idatziak izan zitezen ere asmatzen zituzten bertsoak. Aurrena, esan; gero, berek edo beste norbaitek idatzi».

Ahozko gizartean, belarria zen nagusi. «Belarriaren bidez ikusten zen, belarriaren bidez oroitzen». Alfabetizazioaren orokortzearekin, aldiz, begia bihurtu da nagusi. Esan aurretik, «ikusi» egin behar da: «Aurrena irudia, gero hari dagozkion fonemak, paperean edo buru barruan transkribatuak, eta, azkenik, ahoskatzea».

Idatzizko kulturak espezializazioa eta zatikatzea ekarri duen bezala, ahozko kulturan «ikuspegi orokorra» zen beharrezkoa. «Eta hori poesiak biltzen zuen. Hasieran hitza omen zen, baina hitz hori poesia zen».Orain, berriz, poesia arteari lotua dago. «Poesia idazten dugu artistak garelako, poesia bera errealitate bat delako berez, beste edozein objektu artistiko bezala, eta berez izateko justifikazioa duelako».

Belarritik begira. Eta begitik belarrira? «Oso ahul bada ere», dinamika aldatzeko zantzuak badirela uste du Igerabidek.«Esango nuke, idazmenari, gaur ezagutzen dugun moduan, ez zaiola denbora askorik geratzen. Ordenagailuak, zuzenean harrapatuko du gure ahotsa, zuzenean idatziko du gure esana, hatzak mugitu ere egin gabe. Eta hainbeste mendetan nagusi izan zen den eredu silabikoa motz geratuko ote delakoan nago. Belarrira itzuliko gara berriro». Belarri aski garatua izango da, baina, «belarri begitu bat izango da, begiak jandakoa istant batean doinu bihurtzeko gauza».

Laia Martinez Lopezek (Berga, Katalunia, 1984) 6 urterekin idatzi zituen aurreneko poemak «erdi ezkutuan». Eta denborarekin, poemak jendaurrean esatera ohitu den egilea bihurtu da. Atzoko saioan, bere ibilbideari erreparatu zion ahozkotasunak idatzitakoarekin duen harremana aztertzeko, betiere, hirugarren pertsona erabilita eta umoreari bizkarra eman gabe. Gogora ekarri zuen nola erakutsi zizkion bere poemak Anna Aguilar Amat poeta eta irakasleari, eta nola hark jendaurrean errezitatzera gonbidatu zuen. «Herriko neska gajoari korapilo bat egin zitzaion sabelean, eta kaka praketan egiten hasi zen, sekula ez baitzitzaion burutik pasatu poemak idatziagatik jendaurrean errezitatu beharko zituenik». Joan zen poeta gaztea kafe antzoki batera eta beste poeta batzuk aurkitu zituen, bata bestearen atzetik oholtzara igo eta irakurtzen zutenak. «'Irakurri?' pentsatu zuen armairutik atera berri zen poeta gazteak. Gehiago zirudien antzeztu egiten zutela, predikatu, batzuek poemak marrazten zituztela zirudien».

Hor hasi zen Martinez Lopez ahozkotasunaren indarraz jabetzen. Eta ahozkotasuna literatur baliabidea ere bazela ohartzen. «Hasieran, poesiaren kontu horri ekin zionean, estandarismo piloa erabiltzen zituen tokian tokiko terminoak edo hizkuntza egokitasunaren ikuspegitik zalantzazkoak izan zitezkeenak ez erabiltzeko».

Baina poeta gaztea hasi zen arazoak izaten idazteko orduan. «Bat-batean, bertso batzuek balioa galtzen zuten esateko egokiak ez zirelako». Eta galdera bota zion bere buruari idazleak: «Zertarako idazten dut: entzun nazaten ala irakur nazaten? Bada, ez bata ez bestea, edota biak». Bi motatako poemak zeudela ere erabaki zuen: errezita zitzakeenak eta irakurtzeko utziko zituenak».

Ahozkoa, kontrolatzeko zaila

Antonio Reigosak(Zoñan, Galizia, 1958) ahozko tradizioa ikertu izan du, eta atzo ere haren defentsa egin zuen, «beti susmopean» egon baita ahozkotasuna. Gogora ekarri zuen duela 6.000 urte baino gehiago hitza euskarri egonkor eta iraunkorretan irudikatu, transmititu eta gordetzeko kodeak asmatu zirela, baina horretarako trebetasuna pertsona gutxi eta aukerakoen esku egon zela. «Pertsona horiek agintarien menpe jarduten zuten, eta haiei gehien komeni zitzaien jakinduria gordetzen zuten». Inprentak egoera asko aldatu arren, Reigosaren iritziz, XX. mendean irakaskuntza orokortu arte, idazketa ez zen bihurtu pertsona gehienen kultura, pentsamendu eta sormen gaitasunaren ordezkari baizik.

Bereziki ahoz komunikatzen diren taldeak kontrolatzeko zailagoak direla uste du ikerlari galiziarrak, ahozko komunikazioa idatzizkoa baino aurreikusteko zailagoa delako: «Anarkikoagoa, bat-batekoagoa, kontrolagaitzagoa».

Nolanahi ere, orain arte ahozkotasunaren eta idatzizkoaren arteko harremanaren inguruan izan den ikuspegia «iraultzen» ari dela gaineratu zuen, Igerabiderekin neurri batean bat eginez: «Teknologia berrietara sarbidea duten gizarteak ahozkotasunera itzultzen ari dira. Komunikazio euskarri berriek ahozkotasunaren eta idazketaren nahasketa dakarte». Eta laburbildu Reigosak: «Ahozkoa eta idatzizkoa osagarriak dira, iturri beretik jaiotako tantak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.