Hitzaren artea diziplina guztietara hedatuko du Gutun Zuria jaialdiak, otsailaren 27tik martxoaren 2ra

Besteak beste, Abdellah Taia, Anna Starobinets eta Brenda Navarro idazleak izango dira Bilboko festibalean, eta Mariasun Landa omenduko dute.

Gutun Zuria jaialdiaren aurkezpen ekitaldia. OSKAR MATXIN EDESA
Gutun Zuria jaialdiaren aurkezpen ekitaldia. OSKAR MATXIN EDESA
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko urtarrilaren 30a
15:00
Entzun

Jaialdi izatearekin ezeroso dagoen jaialdi bat da Bilboko Gutun Zuria. Literaturan eta oro har letrekin lan egiten duten 50 sortzaile baino gehiago bilduko ditu aurten Azkuna zentroan, otsailaren 27tik martxoaren 2ra bitartean. Eta lehen lerroko idazle batzuk ere izango dira haien artean: Abdellah Taia, Anna Starobinets, Miren Agur Meabe, Marta Sanz, Patxi Zubizarreta, Brenda Navarro, Mariasun Landa, Arantxa Urretabizkaia, Nerea Ibarzabal eta Miren Amuriza, kasurako. Baina festibal izateari izkin egin nahian deskribatu du festibala Ivan de la Nuez arte komisario, idazle eta jaialdiaren antolakuntza taldeko kideak. «Ez dugu all star-ez betetako eredu bat nahi; esateko eta kontatzeko zerbait dutelako, hemen dauden guztiak horregatik daude hemen».

Mariasun Landa idazlearen eta Juan Mayorga antzerkigilearen lana aitortuz abiatuko da jaialdia. Bi egileon ibilbidea eta ekarpena saritu nahi izan ditu jaialdiak aurten, eta horregatik emango dizkiete BBK Gutun Zuria Bilbao ohorezko sariak. Otsailaren 27an izango da sari banaketa, arratsaldez. Han izango da Landa, eta Perkusbika perkusio bikotearen emanaldiaren ostean, solasaldia izango du Patxi Zubizarreta idazlearekin.

Arratsaldez, Azkuna zentroko auditoriumak hartuko ditu jaialdiko ekitaldi nagusiak. Rosa Montero eta Gemma Ruiz arituko dira hizketan hilaren 28an, eta han izango dira Bibiana Collado, Abdellah Taia eta Anna Starobinets idazleak ere, elkarrekin, 29an. Lucia Lijtmaer eta Brenda Navarro izango dira martxoaren 1ean. Eta azken egunean, martxoaren 2an, Nadal Suau, Mar Garcia Puig eta Azahara Alonso izango dira eguerdian, eta Juan Mayorga arratsaldean.

Euskal egileak, Bastida aretoan

Euskal Herriko egileak Bastida aretoan arituko dira, nagusiki. Elkarrizketa, liburu aurkezpen eta debateak izango dira. Otsailaren 28an, esaterako, elkarrekin arituko dira Nerea Ibarzabal eta Arantxa Urretabizkaia idazleak, eta, martxoaren 1ean, Txomin Badiola eta Jon Mikel Euba artistek hitzak euren lanean duen lekuari buruzko solasaldia egingo dute elkarrekin.

Miren Agur Meabek, Sonia Ruedak eta Mikel Inuntziaga Inun-ek, bestalde, Fabulak antifabulak emanaldi hibridoa taularatuko dute otsailaren 29an. Eta Iliada oinarri duen rap ikuskizun bat egingo du Gaston Corek martxoaren 2an: Antes que caiga la noche.

Tailerrak ere izango dira ikasleentzat, goizetan, eta Maialen Berasategi Catalan itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko kideak itzultzaileentzako ikastaro bat egingo du otsailaren 28an eta 29an, arratsaldean. Liburugintzaren profesionalei eskainitako Gutun Zuria Pro izeneko kongresua ere egingo dute egun horietan.

Literaturatik letretara

Nagusiki literaturari lotuta sortu zen Gutun Zuria, 2009an, baina festibalaren eragin esparrua zabalduz joan da urteekin, beste diziplinetako egileei ere lekua utzita. Eta diziplinartekotasunarena ez da apeta hutsa, De la Nuezek azaldu duenez. «Kontua ez da sortzaileek, gaur egun, musika emanaldietan edo dantza ikuskizunetan parte hartzen dutela, XXI. mendearen nolakotasunaren isla ere bada askotariko eginkizun horiena, autoreak ezin baitira kulturaren genero edo lurralde bakar batean geratu, eta hainbat esparrutan parte hartzen dute». Hortik euren burua letren jaialditzat aurkeztearena, eta hortik programan parte hartzen duten sortzaileak askotarikoak izatea ere. Eta horregatik aurten hautatu duten leloa ere: Berba dariola.

De la Nuezen hitzetan, kultura ulertzeko eredu «erabat estandarizatua» nagusitu da gaur egun. Eta eredu horrek mugarriz mugarri egiten du aurrera, hain justu ere, estandarizazio horri eusteko. Eta, jaialdi izateari utzi gabe, hori zalantzan jartzen saiatzea da Gutun Zuria antolatzen dutenen erronka. «Horregatik saiatzen gara urte osora hedatuko den jaialdi bat antolatzen».

Hain zuzen ere, jaialdia amaitu ostean, urte osoan jarraituko duen programazio bat ere izango du aurrerantzean Gutun Zuriak. Oskar Alegria zinemagilearen Zinzidurrunkarratz filmaren proiekzioak abiatuko du asmo hori, apirilaren 15ean, eta hitzaldi, emanaldi eta proiekzio gehiago egingo dituzte gero.

Jaialdiaren webgunean eros daitezke saioetarako sarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.