Poesia nola ulertzen duen azaltzeko, hiru elementuren arteko loturaz mintzatu da Angel Erro: «Hitza, eta denbora, eta ni. Azkenean, poesia niretzat da hitzaren aldeko eta denboraren kontrako borroka bat. Hitz egokien alde lan egiten ari zara, baina gogoeta edo momentu bat denboran gelditzeko ahalegin bat ere ari zara egiten». Azken urteotan idatzitako poemekin osatu du Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— idazle, itzultzaile eta BERRIAko zutabegileak. «Liburuan, urte askotako lana dagoen neurrian, denboran sakabanatutako momentu asko ere badaude». Lanak Bilboko Blas de Otero-Angela Figuera XIV. Poesia saria irabazi zuen iaz, eta Ereinek argitaratu du orain.
Irakurketari ekiterakoan, izenburuari erreparatu zion lehendabizi Uxue Razkin editoreak. «Pentsatu nuen: hau gida bat da, urratsez urrats irakurtzekoa». Hala, ordenan ez irakurtzea eta bukaeratik hastea erabaki zuen. «Azken poematik hasi nintzen, eta sorpresa bat topatu nuen, Hitzaurrea baitu izenburu. Ederra iruditu zitzaidan, hasiera aurkitu nuelako amaieran». Izenburuak editoreari burura ekarri zion bigarren ideia izan zen lanak metapoesia zuela gai nagusitzat, poesia irakurtzeaz eta poetaren figuraz hausnartuko zuela bertan Errok; «erabilera orri bat irakurtzea bezala, gauza oso serio bat» zelakoan. Baina, aldiz, beste zerbait topatu zuen: «Egia esan, batez ere umorea aurkitu dut poemetan, eta jolasa ere bai».
Hain zuzen, jolasa da liburuaren osagai nagusietako bat, editorearen ustetan, eta, «izenburutik hasita, irakurlearekin egiten duen interakzio hori». Poetaren figura bezala, irakurlearena ere liburu osoan presente dagoela iritzi dio, eta Errok irakurle gisa ere idazten duela. Landu dituen gaien artean, berriz, uste du maitasuna nagusitzen dela, baina baita familia eta hiriak ere. «Eta niretzat giltza izan dena egunerokotasuna izan da; poesia ez da une gorenetan soilik gertatzen, egunerokotasunaren parte ere bada».
Errok gogora ekarri du liburua zeri buruzkoa den galdetu zion lagun bati birritan pentsatu gabeko erantzuna eman ziola: «Uste dut maitasunari buruzkoa dela». Halako erantzun azkar eta bat-batekoak egiatik hurbil egon litezke, idazlearen ustez, baina gaineratu du nahiago duela dudarekin jarraitu. «Ez dagokit niri hori argitzea, irakurleari baizik».
Hain zuzen, aurreko bere bi poesia liburuek —Eta harkadian ni (2002) eta Gorputzeko humoreak (2005)— «egitura sendo bat» zutela adierazi du idazleak, «ideia argi baten pean» antolatuta zeudela. Lan berria, ordea, «bestelakoa» dela azaldu du; besteak beste, poemak ardatz baten bueltan antolatu ordez, bilduma bat osatu duelako. «Ez nahita, baina bestelakoa da. Liburu proiektu bat baino gehiagoren porrot edo naufragioen bilketa da hau». Esplikatu du azken poema liburutik igarotako urteetan buruan ideia ugari izan dituela, arrazoi ezberdinengatik aurrera egin ez dutenak. «Poema liburu posible horien aztarna batzuk gelditzen joan dira, neurri batean nik hemen berreskuratu eta bildu ditudanak». Horren harira, aitortu du irakurle gisa nahiago» dituela poema liburu «kaotikoak». «Azkenean, irakurtzea gustatzen zaizkidan poema liburu bat atera zait, emaitza kaotikoagoa izan daitekeen arren».
Irakurleari gonbidapena
Izenburuari lotuta, beste aitortza bat ere egin du Errok: «Tranpatia izan daiteke, berez ez dagoelako jarraibide gehiegirik». Aurreratu duenez, ez du lezio handirik ematen, baina badira poesia edo irakurketa hizpide dituzten aleak. Edonola ere, uste du irakurlea liburua kuxkuxeatu edo gezurtatu nahi izatera gonbidatu dezakeen titulu bat dela, eta, bide horretatik, poesiara hurbiltzera. «Saiatu naiz nire edo testuaren eta irakurlearen artean zailtasun gehigarririk ez jartzen». Idazkera soila, samurra baliatu du horretarako.
Izan ere, irakurlearengana gerturatzeko nahiak zeharkatzen du lana, eta, hori azaltzeko, beste hiruki baten irudia ekarri du egileak: «Poesia niretzat gutxitan da biren arteko kontu bat». Eta zabaldu du azalpena: «Ez gaude poesia eta biok bakarrik; poesia, ni eta tartean beste norbait gaude». Etena poemak, adibidez, hala esaten dio irakurleari: «Hats gehiago, ez flakatu. Poemak/ ez du esan oraindik ez dakizun hori.// Ez orain eman amore. Ez orain/ etsi inoiz helduko ez diozunari».
Hitzaren alde eta denboraren aurka
Angel Errok 'Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak—' lana plazaratu du. Azken urteotan idatzitako olerkiak bildu ditu liburuan, ardatz bakar baten inguruan egituratu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu