Maliko kora jotzaile bat, Andaluziako flamenko talde gazte bat, eta folk ingelesari lotutako kontrabaxu jotzaile bat. Toumani Diabate, Ketama eta Danny Thompson. Hirurak batu zituzten, hiruzpalau egunez, estudio batean Mario Pacheco espainiarrak eta Joe Boyd ingelesak. Biak ekoizleak. 1988an. Eta musikaren arau ez idatzien kontrako uztartzea bat izan zitekeena, urte hartakoa ez ezik, XX. mende amaierako disko inportanteenetakoa ere bilakatu zen: Songhai. Kulturen arteko uztartzearen aldarria, munduko musiken kontzeptua hastapenetan zegoenean. Lan aitzindari hura grabatu eta sei urtera berriro elkartu ziren Ketama eta Diabate, Songhai-ri jarraipena emateko —orduan Javier Colina kontrabaxu jotzailearekin—, eta, orduz geroztik bi hamarkada baino gehiago igaro direnean, Juan eta Josemi Carmona Ketamako kide ohiak, Maliko kora jotzailea eta Colina berriro elkartu dira. Kulturen bidegurutzean. Gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko dira elkarrekin.
Ez da erraza Songhai nola sortu zen eta bere garaian zer-nolako sona lortu zuen ulertu ahal izatea. Thompson izan ezik —Pentangle folk talde mitikoaren sortzaile izan zen—, gainerako musikariak oso gazteak ziren, eta bidea egiten hasi berriak ziren; izan Malin, izan Espainian. Diabate kora jotzaile familia batekoa zen —haren aita Sidikik historiako lehenengo kora diskoa grabatu zuen, 1970ean—, baina disko bakarra zuen grabatua. Ketama, bestalde, loratzen ari zen flamenko gaztea-ri lotutako taldea zen, artean eremu urrian mugitzen zena. 1987ko udazkenean, Londresera eramanzuten taldea pare bat kontzertu ematera, eta han, Diabatek jotzen zuen festa batean, «txaloak jotzen» hasi eta «txinparta» piztu zen, Juan Carmona gitarra jotzaileak BERRIAri azaldu dioenez. Han, ikusleen artean, Pacheco eta Joe Boyd zeuden, eta haiek ere sumatu zuten oholtza gaineko magia, berehala jarri baitziren zerbait grabatzeko ideiari tiraka.
«Dena oso azkar igaro zen». Carmonak ondo gogoratzen du esperientzia hura, hiruzpalau egunetan grabatu baitzuten diskoa Joe Boydekin. «Arraroa izan zen dena, oso azkarra, baina oso polita, ere berean». Diabatek, Ketamak eta Thompsonek osatutako hirukoari, Diaw Kouyate eta Djanka Diabate kantariak gehitu zitzaizkion, eta inprobisazio giroan grabatu zituzten Songhai-n aterako ziren zortzi piezak. «Eromen bat izan zen, baina halako egoerak izaten dira ederrenak. Gehiegi prestatuz gero, ez dira hala ateratzen».
Hitzez elkar ulertzeko gaitasun handirik gabe —«alemaniarraren, txinatarraren eta espainiarraren txistea ezagutzen? Bada, antzekoa zen gurea»—, musika izan zuten elkarrekin komunikatzeko tresna, eta musika bihurtu zen saio haien ardatza. «Topiko bat dirudi, baina egia da: musika hizkuntza unibertsala da». Inprobisazioa izan zen saio haien oinarria, nahiz eta Ketamaren eta Diabateren pieza batzuen gaineko inprobisazioa izan. Disko hartan azaldu zen, esaterako, Ketamaren kantu ezagunenetakoa: Vente pa' Madrid. Baina, batik bat, Diabateren koraren eta gitarra flamenkoen arteko jolasak nabarmentzen ziren diskoan, eta,Carmonak dioenez, oso erraz egokitu ziren. «Pentsa, kora eta gitarra, biak dira harizko tresnak, eta oso ondo moldatzen ziren. Arazo handiagoak genituen kora afinatzeko, garai hartan Toumanik jotzen zuena oso trauskila eta zaharra zelako».
Berehalako arrakasta
Songhai argitaratu eta berehala iritsi zitzaizkion lehenengo kritikak Erresuma Batuan. Denak onak. Edo oso onak. Eta urte bukaeran, New Musical Express erreferentziazko astekariak urteko diskorik onena izendatu zuen Musika etnikoa atalean. Horrek dena aldatu zuen. «Arrakasta Ingalaterrak eman zigun. Han izan zuen oihartzuna diskoak, eta gero, poliki-poliki, zabaltzen hasi zen». Espainian bertan geroago jaso zuen diskoak erantzuna. «Pentsa, guk, ordura arte, entzule gutxi batzuen aurrean jotzen genuen Madrilen. Eta, bat-batean, jendea aretotik kanpo gelditzen hasi zen, lekurik ez zegoelako». Hala ere, kostatu zitzaien flamenko zale tradizionalen eremuan sartzea, batik bat Andaluzian. «Gu puristak gara, baina garai hartan, Andaluzian oso kontserbadoreak ziren. Gitarra eta cante-a. Eta, ondorioz, gu ez gintuzten ondo ikusten. Ez gu, ez Camaron, ez Pata Negra, ez Enrique Morente... Gainera etortzen zitzaizkigun, guri bilatzea gustatzen zitzaigulako. Baina ez zitzaigun inporta».
Sei urte geroago iritsi zen Songhai 2, aurrekoa bezala, bost mende lehenago Afrikaren parte handi bat menderatu zuen inperioaren izena bere gain hartuta. Orduko hartan Javier Colina iruindarrak hartu zuen kontrabaxua, baina espiritua berbera zen oraindik ere.
Ketama 2004an desegin zen, baina iaz, berriz, proiektua biziberritzeko aukera sortu zitzaien. Josemi Carmona taldeko kide ohiak eta Diabatek Madrilen topo egin zuten, eta elkartzeko gogoa sortu zitzaien. Juan Carmona eta Javier Colina ere animatu ziren, eta hiru kontzertu eman zituzten, Pirineos Sur jaialdian, Cartajenan (Espainia) eta Londresen.«Hiru saio egiteko asmoa zegoen, baina deitu digute batetik eta bestetik, eta pentsatu dugu pixka bat segitzea». Carmonak dioenez, «asmo handirik gabe» ekin zioten, baina «magia»berriro piztu da haien artean. «Eta ez dizut ukatuko. Elikatu ere egin behar dugu. Eta gaur egun musika dagoen moduan, ez da erraza».
Malin jotzeko aukera ere izan dute, eta baita Diabatek bere herrialdean duen estimua ezagutzekoa ere. Carmona: «Han, pertsona ezaguna da; kalean bata eta bestea agurtu behar du. Autoz gindoazen eta geldiarazi egiten gintuzten agurtzeko! Handia da Toumani. Bihotz handikoa. Eta flamenkoa maite du».
Hitzak soberan daudenean
Toumani Diabatek, Josemi eta Juan Carmonak, eta Javier Colinak 'Songhai' egitasmoa taularatuko dute, gaur, Donostian. 1988an abiatu zuten proiektua, izen bereko diskoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu