Buruz buru Xabier Gantzarain eta Harkaitz Cano idazleak. Atzean, bi argazki. «Hona Fakirraren ahotsa lanerako bi portada posibleak: izan dena eta izan zitekeena», dio Canok. «Harkaitzek [Canok] libururako portada eskatu zidanean, ez nuen batere garbi ikusten. Baina banuen zerbait argi: ezin zuen izan metafora bat», azaldu du Gantzarainek aldamenetik, eta jarri du adibidea segidan. «Objektu bat metafora bihur zitekeen: betaurreko hautsi batzuk, adibidez. Beraz, nola aldendu hortik? Nola ekarri hori pinturara? Baina, aldi berean, gaiak eta nobelan agertzen denak eskaintzen zuen beste aukera bat». Bigarren aukera: 1970eko hamarkadan Lemoizko zentral nuklearraren kontrako mobilizazio baten argazkia. «Nigan arraroa den arren, bakarra proposatu nuen». Canoren obretan arte garaikideak duen presentziatik abiatuta, literaturaren eta artearen harremanaz jardun ziren idazle biak, atzo, Bilboko Azkuna zentroan, Gutun Zuria jaialdiaren barruan. Kea behelainopean bezala (Susa, 1994) Canoren lehen poesia liburutik hasi, eta Fakirraren ahotsa azken eleberrira (Susa, 2018) bitarteko bidaia egin zuten, bertan azaltzen diren irudi eta artelanetatik abiatuta.
J.M.W. Turner XVIII. mende amaierako margolariaren koadro bat du Canoren Kea behelainopean bezala lehen liburuak azalean. «Gogoratzen dut nola saldu zidan Gorka Arrese editoreak. Hala azaldu zidan: 'Hau da iraultza industrialaren garaian fabrika industrial bat margotzen hasi eta fabrika bat margotzera ausartu ez zen pintorearen koadroa'». Labe bat marrazten hasi, eta tren bat pintatzen bukatu zuen Turner artistak. «Pentsatu zuen bere bezeroak burgesak zirela eta ezin zuela lantoki bat irudikatu. Bukatu gabekoa zela: horrekin geratu nintzen ni. Ondo saldu zidan Arresek». Baietz Gantzarainek, irriz. «Turnerren lanak ikusi izan ditudanean, sentipen horrekin geratu naiz: berari berdin zaiola zer margotzen duen. Zerua inporta bazaio, koloreak nola nahasten eta zabaltzen dituen, horretan zentratzen da. Lehen liburua izateko edo hasiera irudikatzeko, akaso, egokia izan zen Turner. Ez duzu uste?».
Irudiaren indarraz
Liburu bati azal bat jartzearen zailtasuna izan du Gantzarainek ahotan. «Errazagoa da azal bat egitea, azal bat aukeratzea baino». Canoren Norbait dabil sute-eskaileran (Susa, 2001) eta Neguko zirkua (Susa, 2005) liburuaren azalak jarri ditu pantailan; Gantzarainek egindakoak dira biak ala biak. «Azal baten funtzioa zein da? Bada liburu bat saltzea. Baina nahi duzu liburuan dagoen giroa edo arnasten den atmosfera hori irudi bakarrean bildu. Zein zaila den hori, eta batzuetan zein ondo egiten den». Adibidea ekarri du Gantzarainek. «Susa argitaletxeak argitaratutakoen artean, hau da liburu bati hoberen etorri zaion azala». Twist (Susa, 2011) nobela erakutsi du.
Dieter Appelt argazkilariaren irudia du liburuak. «Kasualitatez aurkitu nuen», azaldu du Canok. «Iruditu zitzaidan bere nortasuna ezkutatu nahi duen pertsona baten istorioa kontatzeko ezin nezakeela irudi hoberik aurkitu. Argazkian azaltzen dena, bere burua kamuflatzen saiatzen da, bere hatsaren bitartez: kamuflaje organikoa da, eta bereziki erakargarria egin zitzaidan». Rene Magritte zein Oscar Muñoz artisten lanak erakutsi ditu Gantzarainek jarraian. «Antzekotasuna dute. Muñozek metalezko xaflak serigrafiatzen ditu, baina ikusezinak dira serigrafiak, harik eta hatsa botatzen diozun arte. Orduan azaltzen dira argazkiak. Kolonbiarra da Muñoz, eta Kolonbiako desagertuak dira xafletan azaltzen direnak». Marina Abramovic y Ulay artisten Rest Energy lanean egin du geldialdia Canok, jarraian. Gezi bat eusten azaltzen dira biak: arkuari eusten dio batek, eta geziari besteak. «Izan zitekeen hau ere azalerako irudia», jaurti du Gantzarainek. Bat egin dute biek, eta piezaren nondik norakoak azaldu ditu Canok. «Bideoa ere badu lanak. Identifikatzen naiz lan egiteko modu horrekin. Idazleek halako zerbait egin beharko genuke, bibrazio bat edo tentsioa mantendu irakurlearekin».
Asko dira Canok haren lanetan aipatutako artistak eta artelanak. Fakirraren ahotsa nobelan Theodore Gericault margolariaren izena darama, adibidez, kapituluetako batek. Hala aletu dituzte artelanak; beti ere, artelanei gogoetak gehituz.
Hitzez bestekoak
Irudiek badute hitzek ez duten elementu bat, Gantzarainen esanetan. «Beste norabait iristeko edo azkarrago iristeko zerbait badu arteak». Baietz Canok. «Idazten dugunean arrazoiarekin ari gara, eta artista plastikoek badute beste zerbait: arrazoia jokoan sartu aurretik fisikoki zerbait eragiten digute. Koadroekin eta dantza piezekin gertatzen da, adibidez. Intelekto horretatik askatzeko gogoa izaten dut askotan. Baina, nola egiten da hori?».
Lasa eta Zabala oroitzeko, Asier Zabaleta dantzariak sortutako dantza piezaren irudia aukeratu du Canok. Tolosan (Gipuzkoa), Kareak erre ez duena ikuskizunean dantzatu zuen Zabaletak. «Gu, gure hitzekin joan ginen, gure poesiekin. Eta bat-bateanZabaleta azaldu eta aurreskua dantzatu zuen hankarik ez balu bezala: arrastaka». Emanaldiaren bukaeran egin du geldialdia. «Bukatu behar zela zirudienean, aizkora bat hartu eta zuloa egin zuen eszenatokian. Bere burua buruz behera jarri, eta, pixkanaka, eszenatokiak irensten zuela irudikatu zuen. Kare bizitan lurperatu zituzten bi gazteen istorioa ulertzeko ez dago formatu hoberik. Berak aurkitu zuen modu ideala ideia bat ahalik eta ongien adierazteko. Ez zen hitza izan, ezta musika ere, baizik eta mugimendua. Hitza iritsi ezin daitekeen lekuak badaudela konturatzen zara halakoetan». Bukaera borobildu du Gantzarainek. «Zure liburuak arakatzen aritu naiz eta esaldi batekin egin dut topo: 'Pentsatu ezin diren gauzak pentsatzeko ez baldin bada, zertarako da ba pentsamendua?'».
Hitzak iristen ez diren tokira
Harkaitz Canok argitaratutako lanetan arte garaikideak duen presentzia aletu eta aztertu dute egileak berak eta Xabier Gantzarainek, Bilboko Gutun Zuria jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu