ANTTON VALVERDE
Tokia: Arriaga antzokia. Eguna: Azaroaren 13a.
81 urte bete zituen Antton Valverdek maiatzean, eta, ikusten denez, badu oraindik borrokarako eta lanerako ahalmena. Duela hiru urte hementxe bertan aurkeztu zuen bere azken diskoa (Gaua. Ausentziaren itzala, Elkar, 2020), eta, orduan disko osoa jo bazuen, oraingoan haietako bost bakarrik jo zituen. Donostiarraren meritua azpimarratu nahi dugu, gau horretan ez baitzuen ahotsa bere onenean, eta akaso mikrofonoaren beraren posizioak ere ez baitzuen lagundu bere ahotsa behar bezain ozen entzun zedin. Dena den, hamazazpi kantu eta ordu eta erdiko emanaldia maisutasunez kudeatu zituen.
Orduan ekarri zituen instrumentu berberak jo zituzten oholtzan: Antton Valverde (pianoa eta ahotsa), Joxan Goikoetxea (akordeoia), Ivan Carmona (txeloa) eta, Jurdana Otxoaren ordez, Francisco Herrero biolinean. Emanaldi atsegin eta sentitua osatu zuen Anttonek, aspaldiko klasikoei aukera handirik eman gabe baina bere azken disko edo DVDetako kantuetan duen fedea garbi utziz, errepertorioaren erdia baino gehiago azken lanetan oinarritua egon baitzen. Hainbat poeta musikatu ditu Valverdek bere ibilbidean, eta kontzertu horretan ordenan jarri zituen haietako batzuren poema musikatuak. Azken diskoan Harkaitz Canoren jenialtasuna agerian geratu bazen, Sei silabako gauak eta Presentzia aukeratu zituen Anttonek kontzerturako. Izugarria da idazlearen silabak zehazteko gaitasuna, baita haiek musikara ekartzeko modua ere, horretan espezialista baitugu Antton Valverde.
Larogeitamazazpi (Elkar, 1997) diskotik pare bat aukeratu zituen, haietatik lehena Jon Miranderen hitzekin egindako Ametsetariak. Lauaxeta, bere poetarik kutunenaren txanda iritsi zen gero, lehenik Itauna klasikoarekin eta jarraian azken diskoko Erantzuna-rekin. Lehena galdera bat bazen, bigarrenean maitatuak haren itaunari baiezkoarekin erantzuten dio. Azken diskoko Zenbat denbora ere gogora ekarri zuen, baita 2020an argitaratu zen Hitzak Hots DVDko poema musikatu batzuk ere, hala nola Lo kanta ama batentzat (Tere Irastorza) edo Miren Agur Meaberen Gauza konkretuak, azken hori bukaera aldera etorriko bazen ere.
Lan berriko Buhamejaunaren pheredikia izan zen inflexio puntua, hitz herrikoi haien graziak, Anttonen karismak eta kantuaren beraren erritmoak pizgarri lanak egin baitzituzten. 1976an Txirritaren bertsoak musikatu zituen disko hartako Fueruak kendu zituenari aukeratu zuen gero, oraindik bizigarri gehiago sartzeko. Xabier Leteren hitzen txanda, jarraian: Hitzez-hitz, hau bai Valverderen ibilbideko ezagunenetakoa, ondoren Nafarroako azken erreginak Donapaleun eta azkenik Herri zahar hontan hunkigarria, Anttonen musika duen arren 1978an Leteren Lore bat, zauri bat LPan argitaratu zena. Miren Agur Meaberen poema irudimentsu bi etorri ziren jarraian (bigarrena lehen aipatu Gauza konkretuak), erretiratu baino lehen.
Bisetan erregalu eder bat geneukan zain: Bihotzean min dut klasikoa, ikusleriaren parte hartzerik zuzenena eduki zuena eta txalo zartada eder batekin kontzertuari amaiera eman ziona. Musikarien fintasuna eta sentiberatasuna aipatu gabe ezin dugu kronika hau amaitu: beti bere lekuan, kantuak benetan sentitu behar baitira era xume bezain aberasgarri horretan interpretatzeko.