Musika

'Hitzahots', opari musikatu bat

'Hitzahots' disko-liburua aurkeztu du Karlos Gimenezek. Berak idatzitako olerkiak dira oinarria; Nerea Gorritik errezitatu ditu, eta Gimenezek pianoarekin lagundu.

Karlos Gimenez, 'Hitzahots' liburuaren aurkezpenean, Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU
Karlos Gimenez, 'Hitzahots' liburuaren aurkezpenean, Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Poesia eta musika eskutik joan izan dira askotan, eta hori ederki daki Karlos Gimenez musikariak. Xabier Leteren, Imanolen, Julen Lekuonaren eta Erramun Martikorenaren poemak musikatu izan ditu bere ibilbide profesionalean, baina orain, bere poemak musikatzea erabaki du Gimenezek. Jabier Imazek ezustean opari moduan bidalitako posta elektroniko batetik sortu da Hitzahots, Gimenezen disko-liburu berria. Mezu hartan, Imazek La voz rendida (Karlos Gimenez, 2016) bilduman agertzen ziren poemak euskaratuta bidali zizkion Gimenezi.

Imazen eskutik poemak jaso eta denbora luze batera, Gimenezek argi izan zuen haiek musikatzeko ahalegina egin behar zuela. X5 kolektiboaren parte da Gimenez, eta Nerea Gorritik abesten du bertan. Poemak musikatzeko, beraz, Gimenezek Gorritiri eskatu zion laguntza, eta «azkar batean» esan zion baietz abeslariak. Gorritik errezitatzeko duen ahalmena nabarmendu du musikariak: «Proposamena bota eta berehala hasi zen Nerea lanean. Ezustean harrapatu ninduen adibide batzuk aurkeztu zizkidanean, eta berehala sartu ginen estudiora». Musikariak azaldu du Gorritik «bizi berezi bat» ematen diola bere poesiari, eta mezua bihotzeraino iristea lortu duela. «Klima oso polita eman dio poema bakoitzari».

Gogoetak dira Hitzahots disko-liburuan agertzen diren olerkien oinarria Gimenezen ustez, «bizitzari eta horri darion magiari» buruzko hausnarketak. «Itsaso zakarretan murgiltzen dira pertsonaiak batzuetan; bakearen, lasaitasunaren, ilusioaren eta desiraren besoetan kulunkatzen besteetan». Hamalau olerki aukeratu ditu Gimenezek disko-liburua egiteko, eta haietatik hiru kanta bihurtu ditu. Beste 11k pianoak lagunduta errezitatu ditu Gorritik.

Oraingoan, alderantziz

Hainbat idazle eta musikarirekin egin izan du lan Gimenezek bere ibilbidean, haien letrak bere pianoarekin lagunduz. Haiekin lan egiteko prozesuaz mintzatu da musikaria: «Leteren edo Imanolen olerkiak musikatzen nituenean, haiek eginak ematen zizkidaten poemak, eta nik soilik musikan pentsatu behar nuen. Orain, alderantzizkoa izan da prozesua». Bere hitzak idazteko erabakia «bat-batean» hartutakoa izan zela esan du Gimenezek, eta idazketa prozesuan ez zuela musikan pentsatu. «Bihotzetik ateratakoa idatzi nuen».

«Ederrena oholtza gainean aurkeztea da [Hitzahots], eta hori da gure asmoa»

KARLOS GIMENEZMusikaria

Andres Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arduradunak begi onez hartu du emaitza: «Disko-liburua patxadaz disfrutatzeko edukia da. Ordubeteko lana da, eta, nire ustez, poemen ordena oso lagungarria da». Era berean, Gimenez ere harro agertu da emaitzarekin, Gorritirekin egin duen elkarlanak poztasunez bete baitu. Eskerrak emateko denbora ere hartu du, eta, beste askoren artean, Huizi anaiei eman dizkie eskerrak, haiek egindako ilustrazioengatik.

Hitzahots disko-liburu bat baino gehiago izatea nahi du egileak. «Ederrena oholtza gainean aurkeztea da, eta hori da gure asmoa». Gimenezek uste du bereziak direla halako lanen emanaldiak, eta «beren momentua aurkitzeko» zailtasun gehiago izan ohi dituztela. Dena den, eta oraindik kontzertuetarako datarik lotu ez duten arren, disko-liburua zuzenean aurkezteko itxaropentsu agertu da musikaria. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.