Hitza Hitz musika urbanoaren lehen festibala bihar eta etzi iraganen da Maulen. Reggae, rap, drum'n Bass, dub eta elektro estiloen inguruko egitarau trinkoa prestatu dute antolatzaileek. «Elkartasun historia bat da hau», erran dute antolatzaileek. Lagunen lagunak deitu dituzte, hutsetik abiatutako proiektua baita; horregatik, diruztatzeko ez zaie beti aisita egin. Urtebeteko lanketa bi taula gainek erakutsiko dute, Mauleko Jai Alaiko pentzean.
Dooz Kawa artista ekarri dute adibide gisa antolatzaileek, festibalaren kalitatearen erakusle: «Raplari hutsa baino gehiago, poeta bat da, zinezko erroetako artista; zinezko adiktuentzat da».
Egitarauaren kalitatea goraipatzen segitu dute: tekno estiloan, Darktek eta Gonzi; drum'n bass estiloan munduan, Elisa do Brasil eta Iphaze, eta dub step estiloan,Conrank. Azken horretaz hauxe gehitu dute antolatzaileek, ilusio handiz: «Munduan gaindi ari da, eta gurekin egonen da Maulen: erotzekoa da! 100.000 lagunen aitzinean aritzeko usaia du!».
Ideia jin zitzaien konfinamendua aintzintto horretan. Alde batetik, hamarkadetan Urdiñarben (Zuberoa) antolatzen zen Musikaren Eguna bertan behera gelditu zen, musikazaleen erreferentzia bilakatua zena. Ondotik, konfinamenduak harrapatu zituen gazteak, bestak eta kontzertuak isilaraziz. Pauen I Am ikustera joan ondotik piztu zitzaien pindarra. Ikusi baitzuten bazela manera Maulen ere halako zerbait egiteko. «Kontzertu onak ikustera jinen da jendea».
Antolatzaileek oroitu dute EHZ festibala, bertan ikusgai baita hip-hopa, rapa eta elektroa, baina argi du musika urbanoa ez dela Euskal Herriko tradizioan txertatua: «Eklektigoagoa da EHZ. Guk nahi genuen justu baztertzen duen musika entzun. Logikoki atera da gure gustukoa zen musikaren inguruko festibal urbanoa; gazteek behatzen dutena. Gure musika unibertsala deskubriaraztea izan da gure nahia. Rock herri batean bizi garenez, usantza hori hautsi nahi genuen. EHZn badira hip-hopa, rapa eta elektroa, baina gehiago rocka, hard rocka eta punka».
Azpimarratu dute «bihotzetik» ari diren artistak bilatu dituztela, horrela jarduten dutenak baitira artista «onak», ez diru bila bakarrik dabiltzan horiek: «Hitza Hitz festibalean saiatu gara hori egiten, musikalki biziki onak diren taldeak hautatzen eta ez famatuenak. Merezi dutelako gure ustez. Nahi genuke erreferentzia bilakatu, bai, denboran iraun».
Ostiralean hasiko da Hitza Hitza festibala, 19:00etan, eta igandeko 04:00ak arte ez da isilduko.
Euskal taldeak abiatzaile izanen dira, Xiberoots eta Gatom: «Euskal Herria deskubriarazteko era hoberena euskaraz egitea baita».
DJ Skillz miarriztarra hautatu dute festibalaren aitabitxi, zeina skratxean lau aldiz izana baita munduko txapelduna.
Hitza Hitz musika urbanoaren festibala hasiko da Maulen bihar, lehentze
Bihartik etzi arte tai gabe entzunen da musika Maulen. Reggaea, duba, rapa, drum'n bassa eta elektroa izanen dira protagonistak. Euskal taldeak dira hasiko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu