Musika

Hitza Hitz festibala, bigarrenez

Irailaren 22an eta 23an eginen dute Mauleko musika urbanoen bigarren festibala. Joan den urteko ikasgaiak kontuan hartu dituzte antolatzaileek aurtengoa antolatzeko.

Hitza Hitza jaialdia, iaz, Maulen. MATHILDE BETACHET
Joanes Etxebarria.
2023ko irailaren 15a
12:30
Entzun

Iragan urtean egin zuten lehen Hitza Hitz festibala Maulen, baina ez zen antolatzaileek nahi bezala iragan; euri azkarrengatik, kontzertu batzuk ezeztatu behar izan zituzten, eta 50.000 euroko defizitarekin itxi zituzten kontuak. Ez ziren hargatik hoztu, eta heldu den asteburuan, irailaren 22 eta 23an, bigarren Hitza Hitz eginen dute, antolatzaile talde zabalago baten “hats berriarekin”.

Festibalerat elkarte antolatzaileak etengabeko indarra egin du urte osoan defizita tipitzeko: tonbola bat, laguntza ekonomikorako deia, Moneinen (Biarno) musika gaualdi bat eta aurtengo Hitza Hitz festibalean parte hartzeko musika taldeen lehiaketa antolatu dituzte. Charlie Josue elkarteko diruzainak argitu du bi kontabilitate direla iazkoa eta aurtengo jaialdiarena: “Elkartekoa zorretan da oraino, baina aurtengo festibalarentzat laguntza publikoak ukan ditugu”. Departamenduaren eta eskualdearen laguntzak ukan dituzte edizio honentzat, eta iaz bezala, Mauleko Herriko Etxearena ere bai. Antolatu ekitaldiekin, defizitaren erdia pagatu dute.

Laguntza eskaerak egitean joan den urteko zailtasunak azpimarratu dituzte instituzioekin ukan harremanetan. “Erran diegu joan den urteko aldiak bost aldiren esperientzia eman digula…”. Aurten gastuak tipitu dituzte sail guztietan, den-dena “negoziatuz”, eta musika talde gutiago ekarriz.

Musika estilo gehiago

Musika urbanoaren festibal gisa aurkeztu zuten Hitza Hitz festibala joan den urtean, eta rap, tekno edo elektro musika ziren nagusi. Aurten panorama zabalagoa aurkeztuko dutela zehaztu du Josuek: “Ohartu gara soilik tekno, elektro edo rapa egitea ez dela gure nortasuna. Gure elkarteko kideen artean estilo desberdin anitz behatzen ditugu, eta nahi genuen hori agerian ezarri. Joan den urtean pertsona bakarrak kudeatzen zuen programazioa, eta aurten lauk; beraz, bortxaz eztabaida gehiago bada, gogoeta gehiago”. Emaitza aurtengo afixan agerikoa da, cumbia edo punk taldeak izanen baitira, besteak beste.

Ekarriko duten talde ezagunena punk talde bat da, preseski: Ludwig Von 88. Vulves Assassines taldearen punk feminista, Sidi Wacho taldearen cumbia eta Vandalen artek estilo gogorragoa ariko dira bat bestearen ondotik. Aurtengo aldiaren kantua egin duten bi talde ere bai, besteen artean: Gerard Baste & The Slip Squad eta Spartak Neruda Dementziala. Ostiralean 19:30etik 02:30era, eta larunbatean, berriz, 18:00etan hasiko da saioa, eta 02:45ean hasiko da azken taldea.

Estiloen nahasketarekin, jende desberdina erakartzea eta “nahastea” espero dutela erran du Josuek: “Ludwig Von 88 ikustera 50 urteko pertsona bat jiten bada, kontzertuaren ondotik gazte belaunaldiek ezagutzen duten Ashkabad entzuten ahalko du. Ez da batere haren estiloa, baina beharbada maita lezake. Gazteago bat Ashkabad ikustera jinen da, eta Ludwig Von 88 deskubrituko du. Hori ederra da”.

Euria izan edo ez, aurten ez dute kontzerturik ezeztatuko aterpe eskasagatik: joan den urtean bezala, zirku karpa bat plantan ezarriko dute, baina aurten iazkoa halako hiru da. Bi oholtza izanen dira, biak aterpean. Musika elektronikoentzat, berriz, intentzioa ez da indarra galtzea, iragan urteko bafleen batio kopurua halako bi ukanen baitute.

Saretzen eta errotzen

Lehen festibalaren ondoko gogoetetan, antolatzaileek egin beharreko lanketa batzuk azpimarratu zituzten. Horietan, lekuko elkarteekin saretzeko beharra.

EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdia, Biarritz Hall Music eta Eretan (Biarno) eginen den Sismik festibaleko antolatzaileekin harremanak sortu dituzte, eta “interesgarria da saretzea eta elkar laguntzea”, Josueren arabera.

Iraila hondarrean, beste gogoeta bat izan zen iaz Hitza Hitzera lekuko jende guti agertu zela; zuberotar guti, bereziki. Formula bat asmatu dute kuriositate pitin bat dutenak erakartzeko: larunbat arratsaldea dohainik irekiko da seietan, programazio ofiziala hasi arte. “Pentsatzen dugu ez dutela bortxaz txartelaren prezioa pagatu nahi. Hor parada ukanen dute hanburgesa edo talo bat jateko, zerbait edateko, eta giroa gustukoa badute segur gara jende horiek iluntzean ere hor egonen direla. Helburua da denei irekitzea”.

Antolatzaileek ez dute publikoarentzat janaririk prestatzen, eta hor ere aldaketa agerikoa izanen da. Iaz food truck edo janari furgoneta batzuk ezarri zituzten. Aurten, lekuko elkarte edo artisauek dute lehentasuna, Josueren erranetan: “Larunbatean 16:00etatik 00:00etara ikastolak taloak eginen ditu. Mathieu Garat okin barkoxtarrak ere hanburgesak eginen ditu, joan den urtean bezala”.

Zuberoako talde feministaren deia ere entzun dute, eta joan den maiatzean indarkeria sexisten kontrako protokolo bat plantan ezartzeko bilkuran parte hartu zuten, besta batzordeetako kide batzuekin. Pagolan Tula Laika ikastolen bestan egin zen bezala, Josuek esplikatu du aplikatuko dutela denen artean adostua izan den protokoloa: “Mezuak pasatuko dira bafleetatik, eta erasotzaileak baztertzeko ahaleginak eginen dira: kontzertua gelditu dezakegu, eta, eraso larri bat gertatzen bada, festibala ere ezezta dezakegu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.