Hitza eta memoria fokupean

Luis Garde euskarazko Euskadi literatur saridunak oroimena eta idazlearen zeregina azpimarratu ditu. Donostian jaso dituzte sariak Uxue Alberdik, Mitxelko Urangak, Xabier Olarrak eta Gardek

Euskadi sarien irabazleak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, atzo, San Telmoko elizan, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Pello Ramirezen biolontxeloak eta Andoni Egañaren bertsoek egin zuten diosala. «Oso gutxitan jartzen baitzaio literaturari fokua», esanez bukatu zuen agurrekoa bertsolariak. Euskadi literatura sariak banatu zituzten atzo iluntzean Donostiako San Telmo museoko elizan, eta literatura bera fokupean jarri zuten; ez literatura bakarrik, ordea, hitzaren eta memoriaren aldeko aldarriak entzun baitziren, batez ere, irabazleen eskertza solasetan.

Luis Gardek Euskadi literatura saria irabazi du Ehiztariaren isilaldia lehen nobelarekin (Pamiela). Epaimahaiak nabarmendu zuen egilearen beraren traza duen narratzaile eta ikerlariaren bidez gaizkia eta injustizia ardatz dituen obra ondu zuela Gardek. 1938ko maiatzean, Iruñerriko Ezkaba mendiko (Nafarroa) espetxetik ihes egin zuten 800 bat presok, baina hiruk baino ez zuten lortu Ipar Euskal Herriko muga igarotzea. «Oroimena da obra honen mamia; nola eraikitzen den, eta nola eraisten. Oroimenari esker aldentzen gara historiaren ikuspegi epikoetatik; memoriari esker aldentzen dugu geure burua neurriz kanpoko autokonplazientziatik ere». Oroimena ez galtzeko, hitza da gakoa, Gardek azaldu zuenez: «Memoriak hitza bilatzen du. Eta idazleak, poetak, ere hitzen ehiztariak dira. Ahazmenaren kontrako hitzen ehiztariak. Lan isila da idazlearena, baina ehiztariaren lan hori beharrezkoa da isilaraziaren memoria eraikitzeko».

Hitzaren, euskarazko hitzaren, aldarria egin zuen Uxue Alberdi haur eta gazte literaturako Euskadi saridunak ere, pantailan bere Besarkada (Elkar) lanaren irudi animatuak —bere ahotsez kantaturiko hitzekin— eman eta gero. Gurasoak izan zituen gogoan. «Haien bitartez jaso nuen hitza, haien bidez jaso nuen euskara. Nik hitz kantatuaren bidez jaso nuen, aitak kantaturiko bertsoen bidez. Eta geroztik kantuak eta kontuak kateatuta naukate. Konpromisoa hartu dut euskararekin bizi osorako». Alberdik azaldu zuen hizkuntza dela etxetik jaso litekeen «gauzarik sakratuena» eta «min ematen» diola hura zenbaitetan «zokoratua, azpiratua, baztertua» ikusteak. Maite Gurrutxaga liburuko ilustrazioen egilea ere gogoratu zuen, besteak beste.

Filosofia eta euskara

Hitzak eta memoriak lotura zuzena dute filosofiarekin. Filosofia hezkuntza sistematik alboratzen ari direla salatu zuen Mitxelko Urangak. Idazlea eta filosofia irakaslea da Uranga, eta hark irabazi du saria euskarazko saiakeraren arloan, Tartaroa. Mina, boterea eta egia liburuarekin (Pamiela). Lan hori idazteko ikasleak izan zituen motibazio nagusi. «Kritika soziala egiten dut liburuan, eta nahi nuke gazteek ere ikuspegi kritikoa lantzeko baliabideak izatea. Filosofia zokoratu egin dute, eta filosofia ezinbestekoa dela deritzot ikuspegi kritiko hori garatzeko».

Xabier Olarrak James Joyceren Ulises (Igela) euskaratzeagatik jaso du euskarazko itzulpenaren Euskadi saria. Argitaratu zenean laudorioak jaso zituen, eta, ondoren, saria. Umorez hartu zuen. «Jende asko izan dut laguntzaile. Jende askorengana jo dut aholku eske, eta saria horien guztien artean banatu beharko banu, ez litzaidake ezer askorik geratuko niretzat». Olarrak gogorarazi zuen Oliver Sachs neurologo ospetsuak —aurten zendu da— itsasontzian egindako ibilaldi batean irakurri zuela Joyceren Ulises eta tarte horretan alkohol askodun likore fuerteko botila bat edan zuela. Anekdota moduan kontatu zuen; «Ez dut alkoholismoaren apologiarik egin nahi. Egitekotan, Joyceren, Ulises-en eta euskararen apologia egin nahi izan dut lan honekin».

Gaztelaniazko literaturaren saria Gabriela Ibarrak jaso zuen, El comensal lanagatik; gaztelaniazko saiakeraren saria Fernando Mikelarenak, Sin piedad. Limpieza polïtica en Navarra, 1936 liburuagatik. Garderena eta Urangarena bezala, Pamielak argitaratua da hori ere, eta memoriaren gaia du ardatz nagusi; 36ko gerrak Nafarroan eragindako «garbiketa politikoa» zehazki. Memoriaren gaia jorratzen du Mikel Casalen Así es la dictadura obrak ere, ilustrazioaren Euskadi saria jaso duenak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburuak eman zizkieten sariak. Ekitaldian izan ziren Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.