Poesia bultzatzeko xedez, badira 21 urte Hatsa elkartea sortu zela, eta langintza horretan segitzen dute gaur egunean ere, «izerditan». Urtero liburu bat plazaratzen dute, zeinetan 120 idazlek parte hartzen duten Euskal Herri osotik, baita diasporatik ere, testu laburrak idatziz. «Ez dugu harrabots handirik egiten», erran du elkarteko buru Auxtin Zamorak, «baina poesia gordean egitea ontsa da».
Joan den larunbatean erakusketa zabaldu zuen Hatsa elkarteak Senpereko (Lapurdi) Larraldea gelan. Eta bertan hainbat poesia lan izango dira ikusgai hilaren 17ra bitarte, 16:00etatik 19:00etara. Orotara, 110 olerki jarri dituzte irakurgai, eta bakoitzak argazki bat du lagun. «Idazle ainitz bagara, baina ohartu gara askok egiten dutela zerbait artearekin». Artea eta poesia elkarri lotzeko helburuarekin, Zamoraren argazkiak dituzte erakutsiko aurten. Gainera, haren ustez, bi berezitasun ditu erakusketak. Lehena, obra guztiak lurrean pausaturik izatea: «Lurra da denaren oinarri; lurretik dator janaria, eta lurraren gainean gara beti». Bestalde, erakusketaren izena eta hitz jokoa azaldu ditu Zamorak: «Kanpoko argia bada, mundua ikusten uzten diguna, eta bada beste argi mota bat ere, hitzena». Bi argi mota horiek elkartuz sortu dute erakusketa, eta Argi'hitz'kiak deitu dute, argazkiei eta hitzei erreferentzia eginez.
Hitza eta argazkia, Hatsaren argian
Hatsa elkarteak poemak eta irudiak uztartzen dituen erakusketa bat jarri du ikusgai Senperen. Hilaren 17ra bitarte egongo da zabalik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu