Zer gertatu da musika kritika negatiboekin?». Titulu hori zeraman AEBetako Neil Shah kazetariak The Wall Street Journal egunkarian duela hainbat hilabete idatzitako artikuluak. «Kritikariek oso gutxitan dituzte hitz txarrak gaur egungo musika diskoei buruz jardutean». Datuak, gero: Metacritic kritiken atarian, 2012. eta 2016. urteen bitartean bildutako 7.287 diskoetatik zortzik besterik ez zuten jaso iruzkin negatiboa. Ondorioa zein den argi zioen kazetariak: «Desagertzen ari da». Euskal Herrian ere aspaldikoa da kritikari buruzko kezka: euskaraz izate hutsagatik, kritika ona jasotzen ote duten disko, liburu edo filmek. «Euskal filmei buruz egin ditudan azken bi kritikak oso negatiboak izan dira», argi erantzun du Begoña del Tesok kazetari eta zinema kritikariak. «Epelkerietan» aritzeko joera nabari du, baina: «Hezur-haragizkoak gara, eta badugu arrisku bat: Spielberg ez duzu sekula kalean ikusiko, baina Bernardo Atxaga eta Fernando Bernues, aldiz, bai».
Zinema kritikaria izan aurretik, antzerki kritikaria izan zen Del Teso. Hona aitorpena: «Antzerki kritikari nintzenean, bertako obra bati buruzko iruzkin negatiboa egin nuen, oso txarra iruditu zitzaidalako». Telefonoz jaso zuen erantzuna. «Esan zidaten mozkor hutsa nintzela, motorra non gordetzen nuen ezagutzen zutela, eta galgak moztuko zizkidatela». Ez da izan egile edo sortzaile batekin izan duen pasadizo bakarra; eta, hain zuzen, halako batek eraman zion antzerki kritikak uztera. «Helena Pimentaren lan bati kritika zorrotza egin nion, eta horren tristea izan zen haren erreakzioa; horren triste utzi nuen bera, eze pentsatu nuen horrela jarraitzea ez zuela merezi». Ulermenetik ari da Del Teso: «Hezur-haragizkoak gara, eta argi dago inori ez zaiola gustatzen kritika txarrak jasotzea».
Obra ala autorea; nondik interpretatzen den da gakoa Ibon Egaña EHUko irakasle eta literatur kritikariaren arabera. «Ahazten dugu kritika batek obra bat eta bere proposamen estetikoa aztertzen duela. Ez litzateke kontsideratu behar pertsona batek beste pertsona bati egiten dion epai pertsonal baten gisan». 1975. eta 2005. urte bitartean Euskal Herrian egindako 2.300 literatur kritika aztertu zituen Egañak, eta ondorioztatu zuen positiboak zirela gehienak: %84, zehazki. Izan gabe denaz (Utriusque Vasconiae) liburuan bildu zuen edukia.
Kritiken indibidualizazioa
Euskal kulturari buruzko eztabaidak lausotuta nabari dituela dio Egañak, eta horrek zuzenean eragiten duela kritikan. «Euskal literaturak nolakoa izan behar duen ulertzeko hainbat modu kontrajarri dira: abangoardista izan behar duen edo errealista... Lehen eztabaida gehiago zegoen eremu horretan, eta kritika ere estetika baten edo bestearen alde egiteko tresna zen». Susmoa du, gizartearen joerei segika, literaturaren ekoizpena ere ez ote den indibidualizatzen ari. «Ondorioz, literatura edo mundu ikuskera ez, pertsona da kritikatzen dena».
Erreakzioetan egon daitezkeen desorekak azpimarratu ditu Julen Azpitarte kazetari eta musika kritikariak. «Aldekoak direnean ez dute inolako garrantzirik hartzen, komunitate txiki baten parte txiki batek besterik ez duelako irakurtzen. Baina, eta txarrak direnean, zer?». Airera jaurti du galdera, ironiaz. «Onkeria» hitzarekin deskribatu du, oro har, kritikarien jarduna. «Euskal musikagintzan ere gauza txarrak egiten dira, baina, hizkuntza komunitate txiki baten parte garenez, ezin gaitezke horren kontra gordintasunez agertu».
Zintzotasunez aitortu du, kritikak baino gehiago, deskribapen hutsak egiteko joera dagoela, «nolabait, marroia gainetik kentzen dugu horrela». Atzerriko musikariei buruzko iruzkinak egiten ditu Azpitartek, eta profesional baten zereginetik bainoago, zale baten azaletik aritzen dela dio. «Onak begitandu zaizkidan lanei buruzko iruzkinak idatzi ohi ditut, eta kritika negatiboak saihestu. Bada, nire kritika kopuruari begiratuz gero, talde euskaldun gutxi aurkituko dituzu».
Euskal Herritik atera dute eztabaida hirurek. «Deigarria da. Batzuetan uste dugu kultura txiki baten parte garelako gertatzen zaigula hau, baina gero irakurtzen duzu gauza bera gertatzen dela AEBetan ere», azpimarratu du Egañak. Hiru gako aipatu ditu, segidan. Lehena: «Kritikariena ez da lanbide erregulatua. Bestelako lanetan aritzen den jendea da; nahiko modu prekarioan iritziak ematen dituena». Bigarrena: «Kulturan legitimoa zer den edo zer ez den, gero eta gehiago lotzen da gustu indibidualarekin». Hari horri tiraka azaldu du hirugarren ideia: gustua eta kalitatea zer diren eta irizpideak nork zehazten dituen, gai «gatazkatsuak» dira, Egañaren ustez. «Kalitatearen kontzeptua mendebaldeko gizon zuriaren asmakuntza da, eta ezartzen dituen arauak eta estetikak eremu askotatik kritikatu daitezke: feminismotik eta arrazismotik, kasurako».
Funtzio aldaketa
Azken urteetan kritikarien funtzioa guztiz aldatu dela nabari du Azpitartek. «Gaur egun dena dugu eskura, klik batean edozein disko eros dezakegu eta iritziak ere nonahi daude». Bitartekariak ziren lehen kritikariak: galbahea pasatzeko ardura zutenak. «Diskoak erostea eta kontzertuetara joatea zailagoa zen, eta musikagintzara gerturatzeko bide bat ematen zizuten kritikariek. Orain, ordea, fluxua etengabekoa da, eta jada ez dute egiteko bera. Areago, musikak ere balioa galdu du: demokratizazioaren mesederako eta entzuleen kalterako».
Forma berean, irauteko aukera gutxi du kritikak, Azpitarteren hitzetan, eta ausardia falta dagoela iradoki du. «Erreferentziazko sinadurak landu behar dira; estilo propiodunak. Uste dut euskal kritikak baduela hutsune hori». Hizkuntzak zerikusia duela uste du. «Batzuetan beldurra dugu euskararen estiloaren aldetik hanka sartzeko. Oso planoak dira euskarazko kritikak, ez gara gure paranoiak jartzera ausartzen».
Zinema kritikarien egitekoa ere lekualdatuta sumatzen du Del Tesok. «Gurea futbolean gazteak fitxatzen aritzen direnen antzekoa da: zinema ikuskatzaileak gara». Zertaz ari den azaldu du segidan. «Guk ez dugu inolako ahalmenik pelikula txar bat pikutara bidaltzeko, baina bai, akaso, zinema aretoetan astebete bakarrik iraun dezakeenari bultzada txiki bat emateko, astebete baino gehiago iraun dezan». Film bakoitzari zer eskatzen zaion aintzat hartzea da, Del Tesoren iritziz, zinema kritikarien egiteko nagusia. «Pelikula batek zer lortu nahi duen aztertzea garrantzitsua da; gerora, horren araberako iruzkina egiteko». Literaturaren kasuan, kritikariak zein irizpide jarraituko dituen azaltzea eta garatzea da, Egañaren aburuz, iruzkinei sendotasuna emateko bideetako bat.
Sare sozialen eragina
Hiru kritikariek egin dute baieztapen bera: sare sozialetan, guztiak kritikari. Azpitarte: «Jada ez duzu blog espezializatuetan edo hedabideetan argitaratzen diren artikuluetara jo beharrik, nahikoa duzu Facebooken arituren bati jarraitzea». Bide beretik jo du Egañak. «Liburuak kaleratu aurretik edo kaleratu orduko iritzi bat sortzen da sare sozialetan. Kuriosoa da: mundu guztiak eman dezake iritzia, baina literaturaren kasuan, dena da aldeko, oso gutxitan izaten dira eztabaidak». Gizartean nola, sare sozialetan hala. «Oro har, irudi faltsu bat sortzen da hor, eta ematen du euskal irakurleak Twitterreko irakurleak direla».
Bat egin du Del Tesok. «Demokratizazioaren gauzak», dio irriz. «Zinema aretotik atera bezain pronto hasten gara horri buruzko txioak idazten». Ikurren erabileran egin du geldialdia. «Izarrekin baloratzen ditugu filmak orain: batetik bostera. Okerrena da ez dagoela inolako azalpenik: ez dakizu zergatik jarri dioten izar bat edo zergatik dituen bost». Irakurtzeko ohiturekin lotu du joera. «Gero eta alferragoak gara».
Gainontzeko kultur adierazpenekin alderatuz gero, berezia da zinemagintzarena. «Zazpi euroren truke, edonoren esku dagoen zerbait da. Hala, uste duzu zazpi euro ordainduta kritika egiteko eskubidea duzula». Iruzkinak egiteko erabiltzen den hizkuntza ere ulergarriagoa dela dio. «Musikan erabiltzen den hizkuntza, kasurako, konplexuagoa da. Filmekin ezberdina da: industria eta merkatu den arte bakarra da, eta ikusleak badaki hori».
Hiru kritikariek aipatu dute kritikari ez zaiola garrantzi nahikorik ematen. «Deigarria da», ohartarazi du Egañak. «Ez dagonean faltan hartzen du jendeak. Idazle batzuk kezkatuta egoten dira beraien liburuek ez dutelako kritikarik izan». Ikusgarritasunarekin lotu du. «Kritikak oihartzuna ematen dio ekoizpenari, eta sortzaileei erakusten die beste aldean badagoela nolabait. Inpresioa daukat, azkenaldian, garrantzi kuantitatiboa hartu dutela: lan batek zenbat kritika jasotzen dituen».
«Kontsentsuaren kultura» nabari du Egañak. «Oro har, euskal gizartearen, eta, ondorioz, euskal kulturaren ezaugarrietako bat bihurtzen ari da. Adostasunaren kulturan sartuta gaude, eta kritikek oztopo egiten dute: kritika politikoek zein kulturalek». Gatazka politikoaren «ajeak» direla dio. «Nire intuizioa da, baina uste dut pisu handia hartzen ari den auzia dela, eta neurri batean, kulturan ere ez dut ikusten eztabaida sakonetan sartzeko gogorik». Berdin literaturaren kasuan ere. «Literatura ulertzeko moduetan ez dago polarizaziorik». Kritikara egin du jauzi. «Ez gara estetikaren eztabaidan murgiltzen».
HITZ EPELEN GOZOAN
Euskal kritikarien kezka da: kultur sorkuntza baino gehiago, ez ote diren egileak epaitzen ari. Horrek azal dezake zergatik dagoen gero eta iruzkin negatibo gutxiago hedabideetan. Arazoa globala da, baina, eta adituek uste dute sare sozialen eraginez kritikak bestelako forma batzuk hartu dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu