«Historiografia tradizionalak bazterrean utzitako emakumeei» buruzko kultur ziklo bat eginen dute Iruñean, otsailetik ekainera

Hamar saio eginen dituzte; lehenbizikoa, otsailaren 21ean. Mikroguneak sare jaio berriak antolatu du zikloa. Antartika, Geltoki, Katakrak eta Teatrolari dira haren sustatzaileak, eta «kultur eskaintza alternatibo eta berritzailea» bultzatzea dute asmo.

Klandestinak zikloaren antolatzaile eta parte hartzaileak, gaur eguerdian, Antartika gunean. GELTOKI
Klandestinak zikloaren antolatzaile eta parte hartzaileak, gaur eguerdian, Antartika gunean. GELTOKI
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko otsailaren 12a
18:00
Entzun

Ezin esan aurrez ere elkarlanik ez zenik. Iruñeko Antartika kulturgunearen, Katakraken, Geltokiren eta Teatrolari antzerki eskolaren bideak gurutzatuak ziren lehendik ere inoiz, bazen harremanik haien artean, baina, hori bai, oraintsu indartu dute elkarren arteko aliantza. Bat eginik, sare bat ehundu dute, eta Mikroguneak deitu. «Iruñeko mikroespazio kulturalen sare» gisara aurkeztu dute, eta, sortzaileek diotenez, lau eragileen indarrak batzea eta beren proposamen kulturalen eragin ahalmena handitzea da asmoa. Gainera, Uxue Artxanko Mancho Antartikako ordezkariaren esanetan, garbi dute helburua zein den: «Eskaintza artistiko berritzaile eta alternatiboa ematea». Hain zuzen, sarea datorren astean berean lotuko zaio horretarako bideari: Klandestinak izeneko kultur zikloa abiatuko dute hilaren 21ean.

Iruñeko emakume kolektiboei eta disidenteei eskainitako zikloa da Klandestinak, eta historia eta arte eszenikoak ditu oinarrian. Hamar saio antolatu dituzte otsailaren 21etik ekainaren 6ra bitarte, eta, horietan guztietan, historian «isilaraziak eta zapalduak» izandakoen istorioak ekarriko dituzte erdigunera, gaika. Besteak beste, neskameak, prostitutak, sorginkeria delituagatik akusatuak eta frankismoan errepresaliatuko andreak izanen dituzte hizpide; saio bakoitzean, kolektibo bana. 

Zikloa Amaia Nausia Pimoulier historialari eta irakasleak koordinatu du, eta, Iruñean eginiko aurkezpenean, hark eman ditu saioei buruzko xehetasunak. Jakinarazi duenez, jarduerek forma hau izanen dute, gutxi-asko: bakoitza aurrez zehaztutako toki batean abiatuko da, eta saioko gidariak —historialariak— eta parte hartuko duten herritarrek ibilbide bat eginen dute hiriko kaleetan barrena. Gidariak bitarte horretan eginen du kontakizuna, eta, ibilaldia bukatutakoan, gaiari loturiko ikuskizun bat eskainiko du artista batek. Kasu gehienetan, emanaldi horiek Mikroguneak sareko kide den kolektiboren baten egoitzan izanen dira. 

Zehazki, hamar saioetatik bi eginen dituzte euskaraz: Putak izenekoa, otsailaren 28an, eta Langileak izenekoa, maiatzaren 2an. Lehenbizikoan prostituzioaren historiari buruz arituko dira. Nausia Pimoulier izanen da gidaria ibilbidean, eta, ondotik, Laura Penagos Rodriguezek bakarrizketa bat eginen du Teatrolariren egoitzan. Langileak izenekoan, emakumeek Iruñeko langile mugimenduetan izaniko rolari erreparatuko diote. Ana Diez de Ure Eraul ariko da gidari, eta Maia Ansa Diez de Urek eta Garazi San Martinek eginen dute emanaldia hondarrean —hori ere Teatrolarin izanen da—.

Bideak hirian trazatuta

Nausia Piloulierren esanetan, saio bakoitzeko ibilaldiak ez dira ausaz trazatu, eta, era berean, abiapuntuak ere ez daude zoriz hala zehaztuak. Aurkezpenean hainbat adibide eman dituzte. Esaterako, Oier Santamaria historialariaren hitzetan, «guztiz koherentea» da sexu disidenteen borrokari eskainitako saioa San Jose Plazan hastea, besteak beste, plaza horretan egin zirelako harrotasunaren lehenbiziko manifestazioak Iruñean. Aldiz, O-ko plazan hasiko dute genero indarkeriari buruzko jarduera —Erasotuak du izena—, eta Nausia Pimoulierrek gogora ekarri du ezagun dela bertan aurkitu zutela eraildako emakume baten gorpua XIX. mendearen hondarrean. Aldiz, sorginkeriari buruzko saioa Takoneratik abiatuta eginen dute. «Sorgintzat hartzen zituztenak bertan erretzen zituzten, haiekin ibilbide bat egin ondoren», esplikatu du historialariak.

Saio guztien informazioa sarean kontsulta daiteke, Klandestinak.eus webgunean, eta hor bertan eskura daitezke sarrerak ere. «Herritarrak nahi nituzke gonbidatu parte hartzera, bidelagun izatera», nabarmendu du Nausia Pimoulierrek. Gainera, «konspiratzera» ere gonbidatu nahi luke jendea, dioenez. «Zirikatzaileak izan nahi dugu, pentsarazi nahi dugu, iraganetik abiatu baina gaur egunera arteko ibilbidea egin, konspirazio kolektibo bat proposatzeko. Eta, horretarako, gure klandestinak izanen dira eredua».

 

HAMAR SAIO

-Errepresaliatuak.

Noiz: otsailaren 21ean. Non: Adoratzaileen komentuan. Gidaria: Gemma Pierola Narvarte. Artista: Izare.

 

- Putak.

Noiz: otsailaren 28an. Non: Portalapeko etxartean. Gidaria: Amaia Nausia Pimoulier. Artista: Laura Penagos Rodriguez.

 

- Aitzindariak.

Noiz: martxoaren 7an. Non: Navarreria kaleko 6. zenbakian. Gidaria: Begoña Zabala Gonzalez. Artista: Albina Stardust.

 

- Erasotuak.

Noiz: martxoaren 15ean. Non: O-ko plazan. Gidaria: Esther Aldave Monreal. Artista: Baobab Danza.

 

- Disidenteak.

Noiz: martxoaren 21ean. Non: San Jose plazan. Gidaria: Oier Santamaria Remon. Artista: Las Nenas Theatre.

 

- Sorginak.

Noiz: apirilaren 4an. Non: Takoneran. Gidaria: Irati Zurbano Zuazu. Artista: Titiricantum.

 

- Langileak.

Noiz: maiatzaren 2an. Non: Santiago plazan. Gidaria: Ana Diez de Ure Eraul. Artistak: Maia Ansa Diez de Ure eta Garazi San Martin.

 

- Neskameak.

Noiz: maiatzaren 16an. Non: Karlos III.aren etorbidearen eta Leire kalearen bidegurutzean. Gidariak: Paco Roda eta Amaia Nausia. Artista: Alicia Otaegi.

 

- Artistak.

Noiz: maiatzaren 23an. Non: Argazko pasabideetan. Gidaria: Ana Diez de Ure. Artista: Estefania de Paz Asin.

 

- Emaginak.

Noiz: ekainaren 6an. Non: Munduko parkean. Gidaria: Txusa Solorzano. Artistak: Nuria Merencio Fernandez, Laura Gallego eta Aitziber Urtasun.

 

*Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.