Oraingoz hipotesi bat da, baina, ziurtatzekotan, aurkikuntza Euskal Herriko historiaurreko lehen hiri planoari legokioke. Ustezko planoaren euskarria hareharri triasikoko harlauza bat da, eta Anoetan aurkitu dute, Basagainen. Bigarren Burdin Aroan, k.a. 300. urtetik aro berria hasi artean, herrixka gotortu bat izan zen bertan —azken indusketek epe hori aro berriaren lehen urteetara luzatu dute—. Xabier Peñalver eta Eloisa Uribarri arkeologoek 25 urte daramatzate eremu hori induskatzen, eta haien taldeak atzeman du orain Euskal Herriko lehen hiri planoa izan litekeena. Peñalverrek atzo eman zuen aurkikuntzaren berri, Donostian, Denis Itxaso Gipuzkoak Kultura diputatua eta Mari Jose Telleria Kultura zuzendaria aldamenean zituela.
Ebakidura zuzenak dituzten harlauza zati ugari aurkitu dituzte azken indusketa kanpainan, eta «marrazkien konplexutasunagatik» eraman dute haietako bat fokupera, Euskal Herriko historiaurreko aurreneko hiri planoa izan daitekeelakoan. 36,5 eta 29,5 zentimetroko neurriak ditu luze-zabalean, eta 3,5etik 4 zentimetrora arteko lodiera. Gainazala bitan zatitzen duten bi lerro paralelo ditu erdian, horizontalean. Alde bakoitzean laukizuzen ilara bat ageri du, bi espazioak argi bereizita elkarrengandik. Hala azaldu du lehenetsi duten hipotesia Peñalvarrek: «Harlauza honetan irudikatzen dena Basagain herriaren parte baten oinplanoa delakoan gaude. Ardatz edo kale nagusi batek zeharkatzen du erditik, eta alde banatan etxeak izan litezkeenak daude, elkarrengandik oso argi bereizita». Eta garrantzia eman dio agian etxeak irudikatzen dituen laukiak hain zehatz bereizita egoteari; bakoitzak hainbat norabidetako trazuak ditu, eta gurutze batez markaturik daude batzuk, zeinek «irudikapenaren zati horien indibidualizazioa» indartzen duten, arkeologoaren ustetan.
Hala balitz, eta harlauza gaineko trazuak kale nagusi baten bi aldeetara lerrokatutako etxeak balira, irudikapena bat etorriko litzake beste indusketa gune batzuetatik egindako hiri egituren irudikapenekin. Peñalverrek Guardiako La Hoya (Araba) eta Cortesko Alto de la Cruz (Nafarroa) herrixkak aipatu ditu zehazki. Alto de la Cruzeko indusketa batean, arkeologoek plano batean berreraiki zuten nolakoa behar zuen hango hiri egiturak, eta irudi hari Basagaingo harlauzatik ateratako irudia gainjarri diotenean, antzekotasun handiak aurkitu dituzte. Horrek indartu du , hain zuzen, hiri planoaren hipotesia.
Konplexutasuna ziurtzat
Beste interpretazio posible bat ere aurkeztu du arkeologoak: baliteke bereizitako lursailen irudikapen bat izatea, zeinetan trazuen bitartez argi markatzen den unitate bakoitzaren jabetza edo labore mota.
Hasieran ez zioten berebiziko garrantzirik eman harlauzari, baina trazuen kalkoa egin duen marrazkilariak ohartarazi zien esku artean zutena zein konplexua zen. Pieza puskatuta dago; ez da irudi oso bat bere horretan, baina aski izan dute «pieza oso landua» dela ikusteko. Arkeologoak hori nabarmendu du: «Nahiz eta gaur oraindik ezin dugun argitasunez ekarri harriaren esanahia, aurkitutako trazuek konplexutasun mental jasoa erakusten dute, eta interes handiko bide bat zabaltzen digute, etorkizuneko ikerketetan landu beharrekoa».
Historiaurreko lehen hiri planoa izan litekeena aurkitu dute
Anoetako Basagain herri gotortuan atzeman dute, Gipuzkoan. Baliteke ustezko planoak kale bat irudikatzea, eta etxeak bi aldeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu