Historiatik kanpo geratutakoak

Ez Dok Amairuren garaia dakarte gogora Inazio Tolosak eta Ramon Agirrek 'Kokakola eta barea'-n

Inazio Tolosak eta Ramon Agirrek (aurrean) Asier Sota eta Xabier Etxaniz Rojo dituzte laguntzaile. A.CANELLADA / ARP.
mikel lizarralde
Donostia
2013ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Igo dira taula gainera bi kantariak, eta hasi dira aletzen euskal kantagintzaren pieza ezinbestekoak: Loretxoa, Baga Biga Higa, Hiltzaile bat bezala, Ni naiz... Benito Lertxundik, Mikel Laboak, Julen Lekuonak eta Xabier Letek ezagutarazi zituzten kantuak, baina orain beste ahots batzuek dakartzate. Rayk eta Nikek. Edo bestela esanda, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak. Biak ala biak, Xentimorik gabe munduan barrena ibili ostean, Euskal Herrira itzuli dira euskal kulturarentzat mugarri izan zen garai bat berreskuratzeko. Umorez eta «errespetu handiarekin» garai haren parodia bat egiteko. Horren emaitza da Kokakola eta barea antzezlana, igandean Donostiako Gazteszena aretoan estreinatuko dutena.

Kokakola eta barea-k bi helburu garbi ditu Ray-k (Ramon Agirrek) azaldu duenez. Batetik, «injustizia historiko bat» konpontzea. Izan ere, Laboa, Lete, Lertxundi, Lourdes Iriondo, Jose Angel Irigarai eta abarrekin ibili ziren Ray eta Nik; aholkuak ematen, bileretan, hitzak ontzen... Leteri bizarra uzteko esan omen zioten; Lertxundiri ahotsa lakartzeko... Hala diote behintzat Rayk eta Nikek: «Gu ere han ginen, Wikipedian azaldu ez arren. Behin kale egin genuen, eta argazki mitiko hartatik kanpo gelditu ginen. Partaide inportanteak izan ginen, eta arantza hori hor izan dugu». Rayren eta Niken azalpenei kasu eginez gero, Durangoko Azokarako, bikotearen ibilbidea jasotzen duen liburutzarra ere argitaratuko dute: Urrutiko intxaurrak 800 orrialdetik gorako autobiografia.

Betiere antzezlanaren istorio-ildoari jarraituta, ikuskizunak badu beste helburu bat ere: Ez Dok Amairu berpiztea. «Lete eta Laboa oso pozik egongo lirateke. Lourdes Iriondo ere bai. Benitorekin hitz egingo dugu», azaldu du Rayk.

Sota eta Etxaniz Rojo

Umorez eta beren pertsonaien roletan ondo sartuta aurkeztu zuten, atzo, Agirrek eta Tolosak Kokakola eta barea. Eta haien ondoan antzezlanean lagun dituzten bi kolaboratzaileak. Batetik, Asier Sota, Xentimorik gabe bezala, hau ere zuzendu duena. Haren hitzetan, antzezlan honekin «errusiar mendi bat» muntatu dute, «gerrikoa jarrita» eramatea eskatzen duena. «Egiak eta gezurrak nahastuko dira antzezlanean erritmo bizian». Bestetik, Xabier Etxaniz Rojo. Idazleari egokitu zaio antzezlanerako ideiak ematea, «nahiz eta gero beraiek [Agirrek eta Tolosak] denak aldatu dituzten!». Nolanahi ere, Agirrek laudatu egin du Etxaniz Rojoren lana. «Beti behar da laguntza eta berak talentu handia du. Gure terapeuta literarioa izan da».

Kokakola eta barea-ren ezaugarri nagusia umorea da. Baina musika ere badu, Tolosak eta Agirrek oholtza gainean abestu egingo baitute, betiere Ez Dok Amairuren garaiari begirada irribartsua eskaintzeko asmoarekin. «Parodia bat da. Baina kariñotik eta miresmenetik egindako parodia bat», azaldu du Agirrek.

Xentimorik gabe antzezlanak oso ondo funtzionatu zuen, eta haren arrakasta berriz izatea nahiko lukete denek. Agirrek dioenez, ez da oso garai ona, baina konfiantza dute. Izan ere, Sotaren iritziz, Xentimorik gabe baino gertuagokoa izan daiteke hau. Gainera, azkenaldian euskal kantagintzaren hastapenekiko eta Ez Dok Amairurekiko interesa hazi egin da, haren iritziz.

Donostian, Gazteszenan, estreinatuko dute obra igandean, 19:30ean. Eta aurrera begira badituzte beste hainbat saio lotuta: Zumaian, Sopelan, Bilbon...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.