Mikel Rueda. 'Izarren argia' filmeko zuzendaria

«Historiaren orrialdea pasatu aurretik, irakurri egin behar da»

Saturrarango espetxeko emakumeen drama gogora ekarri du bere lehen film luzean. Heldu zein gazteengana iritsi da pelikula

Jon Eskisabel.
Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Ez ezazue negar egin, gogora gaitzazue». Ana Moralesen hitzak ikuslearen gogoan iltzaturik geratzen dira Izarren argia filmaren hasieran. Saturrarango kartzelan preso egon ziren zenbait emakumeren testigantzak bildu ditu Mikel Ruedak (Bilbo, 1980), pelikularen atariko gisa. Morales filmaren estreinaldian egon zen igandean, eta hunkituta atera zen, Espainiako gerraren ostean Ondarroa eta Mutriku artean espetxeratutako emakumeen drama ezagutzera emateagatik eskerrak emanez Ruedari. «Ez nekien Anitak filma nola hartuko zuen: gerta zitekeen erasana sentitzea, edo zenbait gertakizun ez zirela horrela jazo esatea... Oso urduri nengoen».

Atzo goizean askoz lasaiago zegoen bilbotarra. Gazteriaren sariko epaimahaiak emandako puntuazioaren berri jaso zuen gosarian (7,8, bigarren altuena orain arte). «Harrituta nago. Badakit pelikula honek adin batetik gorako publikoa baduela, baina garrantzitsua da gazteengana ere iristea, heziketa lana egiten ari baikara nolabait. Askotan esaten da gazteei ez zaizkiela horrelako istorioak interesatzen, baina epaimahaikideetako asko hurbildu zitzaizkidan eskerrak ematera». Filma urriaren 22an estreinatuko da aretoetan.

Saturraran ez da aipatzen film osoan. Zenbat dago dokumentu historikotik eta zenbat fikziotik filmean?

Ez genuen hanka sartu nahi izenarekin, gehienbat aurrekontu arrazoiengatik. Saturrarango kartzela eraitsi zuten eta ezin genuen berreraiki. Orduan, ez dugu esaten hori Saturraran dela, baizik eta Saturrarango kartzelan gertatutakoan inspiratua dagoela. Gidoia idazterakoan beharrezkoa zen fikzio batzuk asmatzea, istorioak arku bat eta amaiera izan zitzan. Baina pelikulako gertaeren %80 egia dira: presoen matxinada, Pantera Blanca etaVallejo doktorea, haurren desagertzea, putzua... Victoria, Sagrario, Jesusa eta beste pertsonaiak ez ziren existitu, baina entzundako hainbat anekdota bildu ditut haiek osatzeko. Kartzelan zeuden emakumeen askotariko izaerak erakutsi nahi nituen. Bestetik, errazegia zen manikeismoan erortzea, onak eta gaiztoak bereiztea. Gerran denak ez dira onak eta denak ez dira txarrak... Elizaren jarrera guztiz gaitzesgarria izan zen, baina elizaren barruan ere bazegoen horren kontra zegoen jendea, badira abitua utzi zuten mojak ados ez zeudelako.

Victoriaren eta Pedroren arteko maitasun istorioa fikzioa da? Zer jarrera hartu zuten Mutrikuko herritarrek?

Maitasun istorioa fikzioa da, baina herriko zenbait jende egunero joaten zen kartzelara elikagaiak eramatera eta jende horren bidez kontaktu txiki bat zutela presoek kanpoko errealitatearekin: gutunak jaso eta abar. Herritarrak inplikatu ziren presoen alde eta hori izan da Pedroren pertsonaiaren bidez islatu nahi izan dudana.

Zergatik ez da Saturrarango espetxeko gertaera lehenago ezagutu?

Zor asko ditugu kitatzeko. 40 urteko diktadura bat izan ostean, trantsizioarekin isiltasunaren legea ezarri zen, denok ondo konpondu gintezen aitzakiaz, eta jende asko isilikegon da urte hauetan guztietan. Ikaragarria da, Argentinako haurren desagertzeaz gauza asko dakizkigu, eta ezertxo ere ez hemen gertatutakoaz. Aktoreetako batek dioenez, historiaren orrialdea pasa beharra dago, baina aurretik irakurri egin behar da. Bere historia ezagutzen ez duen herri bat akatsak errepikatzera kondenatua dago.

Haurrekin zer gertatu zen? Berreskuratu zituzten emakumeek?

Ez. Hori da dramarik handiena. Gertakizun hau ezagutzen ez denez, haurretako askok ez dakite benetan nortzuk diren beren gurasoak. Francok 1942an atera zuen lege baten ondorioz, adopzioan emandako haurrei abizena aldatu ahal zitzaien. Kartzelatik atera ondoren emakumeak ez zuen non bilatu.

Aktoreen lana eta girotzea azpimarragarriak dira.

Oso pelikula klaustrofobikoa egin nahi nuen. Super 16 formatuan filmatu genuen, eta oso kolore hotzak bilatu genituen, zuri eta urdin indartsuak eta beltz oso kontrastatuak. Eta batez ere plano oso itxiak nahi genituen, presoak inguratuak sentitzen zirela transmititzeko. Itolarria sortunahi nuen, eta horregatik kamera ere asko mugitzen da, ezegonkortasuna adierazteko.

Aktoreei buruz, zer esango dut? Denak daude zoragarri eta egin duten lanaz bereziki harro nago.

Ikuslea etengabe negarrera bultzatzen duen filma egitekoarriskua ekidin duzu.

Zaila zen, bai. Egunerokotasunarekin ere jokatu nahi nuen; lau urte eman zituzten kartzelan eta gizakia egoera guztietara egokitzen da, azken finean bizitzarekin aurrera jarraitu beharra dagoelako. Horregatik, dramatismoaren barruan nolabait atseden edo poztasun uneak ere erakutsi nahi nituen. Baina ez nuen pelikula eztitu nahi. Garbi nuen gaizki bukatu behar zuela, historia gaizki amaitu zelako.

Hurrengo proiektua zer izango da?

A escondidas izenburua du, haurren arteko maitasun istorio bat da eta gaur egun gertatzen da. Zinemaldiaren Koprodukzio Foroak aukeratu gaitu mundu osoko beste 14 proiekturekin batera. Baleukok egingo du eta beste ekoiztetxe bat bilatzen ari gara, ea hurrengo urtean filmatzen hasteko moduan gauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.