Kontakizun historikoak abiapuntutzat hartu, eta pertsonaia nagusiak pertsona errealetan oinarrituta eraiki baditu ere, Jose Inazio Basterretxeak ez du historikotzat jo bere nobela berria: Begoñaren itzalpean (Elkar). Galdakaoko idazlearen bosgarren nobela da hau, baina badu loturarik aurrekoekin, hark azaldu duenez.
Elkarri lotuta dauden bi istorio jaso ditu liburuan. Testuingurua eta garaia ez da bera bietan, baina elkar elikatzen dute; 1936ko gerraren osteko urteetan kokatzen da bata, eta Bilboko falangista batzuen ikuspegitik dago kontatuta. Hiri hartan bertan du lekua besteak ere, 80ko hamarkadan. Iragan politiko jakin bat duen detektibe pribatu bat da protagonista. Pertsona baten gurasoen bilaketa lana egin beharko du, hala aginduta. Horrek ahalbidetuko dio irakurleari bi istorioen arteko harremana egitea.
1936ko gerrak badu lekurik Basterretxearen literaturan. Bi bandoetako baten begiradatik kontatzen diren istorioetatik aldendu, eta egileak «pasadizo ezezagunei, historiaren atzealdeari» erreparatu ohi diela azaldu du, ordea, Xabier Mendiguren eleberriaren editoreak. Pertsonaien bidez eta horren aldeko hautu kontzientea eginda egin du ohiko bidetik aldentze hori Basterretxeak: «Banuen gogoa falangistak nire letretara ekartzeko. Gure herrietako falangisten kontraesanak erakutsi nahi nituen».
Literaturan nahiz bestelako espresio artistikoetan, historiari buruz aritzean ongia eta gaizkia ongi bereizita agertzen direla uste du Mendigurenek, eta, kontakizun mota hori apurtzearen hautuaren zergatiagatik idazleari galdetuta, «nahita» egindako hautua izan dela azaldu du Basterretxeak. Ez da izan «errebantxa» bat, eta haien bizipenak islatu nahi izan ditu, haien hautu politikoetatik harago. Izan ere, ikuspuntu politiko hori ez partekatzeak ez dio eragotzi idazleari ideologiaren atzean egon daitezkeen pertsonak ezagutzeko nahia: «Ez dut uste norbait berez gaiztoa denik falangista izateagatik, inor berez ona ez den bezala abertzalea izateagatik». Orduan bizileku eta bizimodu bera partekatzen zuten hasiera batean politikoki kontrajarriak behar luketen hainbat pertsonak. Haren ustez, mugimendu politiko bat babestu eta horren parte denak ez du zertan mugimendu horren aurka dagoenaren oso desberdina izan bizitzako alor batzuetan: «Oso jende desberdina da politikoki, baina politikatik aparte ez dakit benetan hain desberdinak ote diren». Gertakizun pertsonal bat ere jarri du adibide gisa. Umetan gerra irabazi zuten bandoko familia baten etxera joan, eta han bere familian hain entzuna zen Jesus Guridiren musika entzun izana gogoratu du.
Gertakizun bati tiraka
«Historia liburuetan oihartzun gutxi izan duen gertakari bat» hartu du Basterretxeak aitzakiatzat istorio zaharrenaren argumentua garatzeko: 1942ko abuztuaren 16an, Bilboko Begoñako basilikan falangista batek egindako atentatua. Gerran hildako erreketeak oroitzeko asmoz meza egin ohi zen han, eta hala zen kasu hartan ere. Granada bat bota zuen falangista batek jende artera, eta zenbait pertsona zauritu. Jose Enrique Varela jeneral karlista zuen helburu atentatuak. Gertakizun horrek eta karlisten eta falangisten arteko liskar eta desadostasunek «fabulatzeko» aukera eman diotela azaldu du Basterretxeak. Bada eleberrian halako istorioak kontatzen dituen narratzaile orojakile bat. Haren narrazioa gainontzeko pertsonaien narrazio subjektiboekin tartekatuta dago, kontakizunari «halako polifonia moduko bat» emanez. Lau dira istorioaren narratzaile eta, aldi berean, protagonista direnak. Haiek sortzerakoan, pertsonaia errealetan oinarritu izana ez du ezkutatu egileak. Haiek fikzionatzeko orduan, baina, ez du haien izana bere horretan errespetatu eta kontakizun biografikorik egin nahi izan: «Nire beharretara ekarri ditut pertsonaiak. Nire asmoa ez zen historia egitea, haiek fikzionatzea baizik». Izena ere aldatu edo moldatu die lau horietako hiruri. Bilbotik lau umerekin atera beharrean aurkitzen den emakumea da laugarrena, hain zuzen ere, Basterretxea beraren amona izan zena. Istorio modernoenari dagokionez, polizia nobelen eraginik izan baduela dio, batez ere pertsonaia nagusia den detektibeari dagokionez: «Badauka pertsonaiak morbotasun politiko bat».
Basterretxearen bosgarren eleberria da azken hau. Azken tranbiaren itzala (Elkar, 2011) izan zen aurrekoa, eta hango zenbait pertsonaia agertzen dira nobela berrian ere.
Historiaren atzealdetik begira
Bilboko falangisten larruan jarri da Jose Inazio Basterretxea 'Begoñaren itzalpean' nobelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu