Bi multzotan sailkatu ditu bere sormen lanak Pier Paul Berzaitz kantari eta pastoralgileak: pastoralak lehenengoan, eta «askeago» egindakoak bigarrenean; eta zalantza izpirik gabe bigarren multzo horretan kokatu du Maite-K ikuskizuna. Dantza, musika, irudia eta antzerkia uztartzen ditu, eta Euskal Herriko sei emakumezko historikoren bizitzak ditu oinarri. Sei izen-abizen: Inesa Gaxen, zeina sorgin izatea egotzita bizirik erre baitzuten; Kattalin Agirre, II. Mundu Gerran Comete sareko kide izandakoa; Mentxu Gal margolaria; Bizenta Mogel idazlea; Emiliana Zubeldia musikaria eta Madalena Jauregiberri aktibista. Pastoralek bezala diziplina asko uztartzen ditu Maite.K ikuskizunak; pastoraletan bezala pertsonaia historikoak dira protagonista, eta pastoraletan bezala lan talde handia elkartuko da oholtzan, baina ezetz zuzendariak. Bigarren multzoko pieza bat da oraingoa, Berzaitzen hitzetan. «Pastoralaren arau eta legeez libro dago. Askatasun handiagoa dugu horrela». Gaur estreinatuko dute lana Bilboko Campos antzokian, Loraldia jaialdiaren barruan.
Kattalin Agirreren figura izan zen abiapuntua. II. Mundu Gerra betean, 1942 eta 1944 bitartean 800 pertsona inguru lagundu zituen Agirrek muga zeharkatzen, eta haren bizitza kontatzeko gogoa sentitu zuen Berzaitzek lehen-lehenik. Kontakizunak emakume gehiago hartu behar zituela pentsatu, ordea, eta hala osatu zuen sei emakumeko zerrenda. Zehaztapena egin du, halere. «Ez da emakume horien bizitza kontatzen duen ikuskizun bat, baina bai haien memoriaz egiten dugun narrazio poetiko bat. Emakume horien memoria eta figura azpimarratzea da asmoa, kantuz, dantzan eta irudiz».
Diziplina horiek guztiak uztartuko ditu emanaldiak, eta 40 pertsona inguru izango dira guztira oholtzan. Berzaitzek eta Juhane Dasconek hartu dute zuzendaritza lana, eta Joxan Goikoetxeak sortu du musika. Zuzenean Kukai Dantza taldeko zazpi dantzari ere izango dira, Lokarri abesbatza, bost emakumeko musika taldea eta protagonisten paperean arituko diren lau abeslari: Marie Aimee Etxegorria, Magali Zubillaga,Amaia Azkue, Lea Etxegoien eta Audrey Karrike.
Emakumeak, pluralean
Kontakizuna ez da soilik iraganean zentratuko, ordea. Aipatutako sei emakumezko historiko horiekin batera, gaur egungo emakumezko bertsolariak ere omenduko dituzte emanaldian, eta Maddi Sarasua eta Maddalen Arzallus bertsolariak ere izango dira oholtzan kantuan horregatik. «Bat-bateko bertsolaritza luzaz gizonezkoen erreinua izan bada ere, gaur egun emazteak ari dira euskal kulturaren esparru berezi horren bereganatzen, kode guziz zehatzak dituzten bertsu saioetan gizonekin lehiatuz».
Dascon aritu da zuzendari lanetan Berzaitzekin batera, eta berak azaldu du emanaldiaren izenaren jatorria: Maite.K. «Maite izen bat da ezagutua Euskal Herri guztian, baina aditz bat ere bada maite. Maite ditugu emazte horiek, eta guretzat inportantea da hori adieraztea. Eta azken k hori pluralaren marka da, ikuskizunak mamia hartzen duelako sei emakumeren bizian, eta sei emakumeen bizitzaz partitzean k horrekin gure gizarteko emazte guztiak nahi ditugulako aitzinera ekarri». Eta emanaldiaren alde poetikoa azpimarratu du berak ere. «Ez da kontatzen emakumeen bizitza modu pedagogikoan; ematen da haien biziaz partituz interpretazio poetiko eta artistiko bat».
Hori izan da Joxan Goikoetxearen egitekoa. Musikara eraman ditu emakume horien bizitzak. «Haien izaeraren arrasto bat hartu eta narrazio poetiko horretara eramaten saiatu naiz». Adibideak ere jarri ditu, eta Emiliana Zubeldiaren kasua aipatu du, esaterako. «Iruñean bizi zen, eta hango stablishment-aren parte zen. Oso bizitza erosoa zuen, baina erabaki zuen horrekin haustea, eta alde egin zuen Euskal Herritik, Parisera aurrena, eta Amerikara gero, eta oso egoera larrian jarri zuen bere bizitza. Hutsetik hasi zen, eta musika baliatuz lortu zuen aurrera egitea, piano jotzaile izugarria zelako. Mexikon, oraindik adoratzen dute emakume hori. Eta emakume horren bizi, energia eta indar hori guztia saiatu naiz musikaren bidez adierazten, bere musikak erabiliz».
Sorkuntza prozesuak ere badu bere garrantzia Berzaitzentzat, eta horren arabera eratu du lantaldea. Izan ere, jokalarien artean badira profesionalak, baina baita amateurrak ere, eta ez da debaldekoa hautua. «Prozesu dena profesionala baldin bada, galtzen du prozesu amateurrarekiko elkarbizitza hori, eta transmisioa ere galtzen da. Ezkontza horrek egiten du transmisioa, eta transmisio hori oso garrantzitsua da. Euskara galduz doan toki batean bizi naiz ni, eta arteak ematen du euskararen gustua. Gazte anitz ikusten ditut pastoralen ondoan euskara ikasten, eta gure lanak badu ondorio anitz».
Ikuskizuna Ipar Euskal Herrian eta udan estreinatzea zerabilten buruan Maite.K ikuskizunaren sortzaileek, baina Loraldia jaialdiaren proposamena jaso, eta hiru hilabetez aurreratu dute estreinaldia. Zehaztu dutenez, Bilboko estreinaldiaren ostean, Donibane Lohizunen (Lapurdi), Donibane Garazin, Donapaleun (Nafarroa Beherea), Baionan, Maulen eta Donostian ere eskainiko dute ikuskizuna.
EMANALDIA
Gaur.Maite.K. Bilboko Campos antzokian, 19:30ean. Sarrera, 10 €.
Historiarako sei emakume
Inesa Gaxen, Kattalin Agirre, Mentxu Gal, Bizenta Mogel, Emiliana Zubeldia eta Madalena Jauregiberri oinarri dituen 'Maite.K' diziplinarteko ikuskizuna estreinatuko dute gaur Bilbon, Pier Paul Berzaitzen zuzendaritzapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu