Eskultorea, etnografoa, historialaria. Edo hiruretatik bat bera ere ez. Joxe Ulibarrena definitzea zaila da. Azkoienen jaio zen, Nafarroan, 1924ko urtarrilaren 25ean; gaur beteko ditu 90 urte, beraz. Haren aburuz, eskultura, etnografia eta historia gauza bera dira, hirurak bat eta bakarra. Jaio zenetik gelditu ez den artista bat dela ere esan liteke, oraindik ere zizelkatzen jarraitzen baitu. Hari buruzko dokumentala aurkeztuko zuten atzo Nafarroako Filmotekan: Esculpiendo la historia. Joxe Ulibarrena (Historia zizelkatuz. Joxe Ulibarrena). Angel Sanchez Garrok ekoitzi eta zuzendu du.
Sarri instituzioek ahantzi egin dute Ulibarrena. Hala uste du dokumentalaren zuzendariak. Beraz, hutsune hori bete nahi izan du ikus-entzunezko euskarriaren erabileraren bitartez: «Ulibarrena ezagutarazi nahiko nuke, jendeak ez dezala aurreiritzirik izan eta ezagut dezan. Merezi baitu, gure herriko artista da». Bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du, eta «gizon paregabea» dela uste du. «Askotan Joxe tipo arrarotzat hartzen da, xelebretzat, artista berezitzat, baina gertuko gizona da, irekia».
Eskultore gisa oso ezaguna da artista azkoiendarra. «Zizelkari gutxi izan dira hain emankorrak», Sanchez Garroren iritziz. Jose Maria Muruzabalek orain dela urte batzuk egindako ikerketa batean zioenez, 800 eskultura zituen eginak; beraz, gaur egun, kopuru hori handiagoa da. Oraindik ere zizelkatzen jarraitzen du. Dokumentala grabatu bitartean dokumentalaren egileak bi eskultura sortzen ikusi zuen, esate baterako.
Denetariko materialak erabiltzen ditu: zura, harria, burdina, baita betoia ere. Bere estilo propioa landu du urte luze hauetan. Gazte garaian arte figuratiboagoa eta akademikoagoa egin zuen. Sanchez Garrok dio estilo guzietatik interesatzen zitzaiona hartu zuela, azkenik «berezko estilo nafarra» lortuz.
Etnografoa da. Berrogei urtetik gora daramatza pieza etnografikoak biltzen; berak sortutako Nafarroako Etnografia Museoan XII. eta XX. mende arteko 10.000 pieza baino gehiago dituela dio. Historiazale amorratua ere bada. Nafarroako erresumari buruz ikasi, ikertu eta kezkatu egiten da.
Zaletasun horien batasuna da haren lanaren fruitua: «Eskultura bat sortzen duenean, Nafarroako etnian, historian eta arbasoengan pentsatzen egiten du, eta antzinako nekazaritza lanabes bat ikusten duenean, haren alderdi artistikoari erreparatzen dio», azaldu du Sanchez Garrok. Horretaz gainera, pintura eta tapiz diseinua ere egin dituela esan du.
Dokumentalean, Ulibarrenaren lana erakusteaz gainera, artistaren izaera ere ezagut daiteke. Gaur egun Artetan bizi da, Frantikorena etxean (Nafarroa). Denboran atzera egin balu bezala, ez ditu maite tresna modernoak; modernikola hitzarekin deskribatzen dituen horiek baztertu egiten ditu. Sua egiteko egurra erabiltzen du, eta garbitzeko gailurik ez. Aitzitik, telebista zahar bat du pilota partidak ikusteko.
«Beste garai bateko gizona da. Dokumentalean baten batek dio XIX. mendeko erromantikoak bezalakoa dela: beren izatea eta identitatea mantentzeko borrokatzen ziren, besteren eraginik ez izateko», azaldu du Sanchez Garrok. Nafarroako sustraiek gogor lotu dute Ulibarrena. Atzerrian urte anitzez bizi izan bada ere, kanpora joan zen guzietan itzultzea erabaki zuen. Etniarekiko lotura horrek asko baldintzatu du bere obra.
Anitz bizi izandako gizona
Ulibarrenaren ibilbide luzean hainbat gertaerak erabat baldintzatu zioten jarduna. Alde batetik, 36ko gerran frankistek Azkoien sorterrian egindako sarraskia: 11 urte zituela, 91 bizilagun hil zituzten; tartean, haren aita. Arte Ederretako ikasketek egin zuten artista, eta Venezuelan igarotako urteek oinaze sakona utzi zuten harengan. Azkenik, Berriobeitin (Nafarroa) irekitako etnografia museoak ere ibilbidea baldintzatu zion.
Haurra zela jasan zuen 36ko gerra, berak «gerra ez-zibila» deitzen duena. 2008an Sartagudan (Nafarroa) inauguratutako Memoriaren Parkean eskultura paratu zuen gerra hartan hildakoen omenez.
Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan abiatu zituen arte ikasketak, zurgindegi batean lan egiten zuen bitartean. Han ikasi zuen zura lantzen. Gero, Burgosen (Espainia) aritu zen Valeriano Martinez eta Eulogio Valladolidekin batera lanean, erlijiozko irudigintza eginez. Atzerrian ikasteko Nafarroako Diputazioak emandako lehenbiziko beka berak lortu zuen, eta Parisera abiatu zen Arte Ederrak ikastera. Garai hartan bi erakusketa ireki zituen, eta eskulturaren bat egin zituen.
Dena den, oinaze handien utzi zuenetako toki bat Venezuela izan zen, han arrakasta lortu baitzuen. Zazpi urtez bizi izan zen han, eta eskultura anitz sortu zituen. Sanchez Garrok garai hartako istorio bat kontatu du. Dioenez, Coromoto Ama Birjinaren irudia egiteko eskatu, eta 5,5 metroko eskultura egin zuen. Baina bertako etniaren aurpegierarekin irudikatu zuen, eta horrek zalaparta handia sortu zuen. «Artearen aurkako atentatua» zela ere esan zuten. «Berak uste du Venezuelan Ama Birjinak aurpegiera indioa behar duela, hemen zuria eta begi urdinekoa den gisan, eta hala egiten du datorrena datorrela ere».
Seme-alabak koskortzean, baina, Venezuelan lortutakoa alde batera utzi eta Nafarroara itzuli zen, bere ondorengoen kultura nafarra izatea nahi zuelako. Berriobeitiko etxea erosi zuen Nafarroako Etnografia Museoa sortzeko, eta hura kudeatu duenPiarres Nafarroakoa Mariskala Fundazioa eratu. Orduan hasi zen ondare etnografikoa berreskuratzeko lana, baina eskultura baztertu gabe. Aurrerago Valentziara (Herrialde Katalanak) bizitzera joan zen, beste bikotekide batekin, eta harekin izandako haurrak koskortzean ere Nafarroara itzuli zen, aurretik egin bezala.
Azkoiengo eskultorea sorterrira loturik bizi izan da, eta halaxe jarraitzen du oraindik ere. Gertakari horiek guziek zizelkatu dute Ulibarrenaren historia, oraino geldigaitza den gizonaren ibilbidea.
Historian zizelkaturik
Joxe Ulibarrena artista nafarraren bizitza laburbiltzen duen dokumentala egin du Angel Sanchez Garrok, haren izaera eta lana zabaltzeko asmoak horretara bultzatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu