Istorioa historia kontatzeko. Edo alderantziz. Hizki handiz idatzitako Historia bat (Paulino Uzkudun boxeolariarena), letra txikiagotan inprimatutako beste bat (Isidoro Gaztañaga boxeolariarena), eta kontakizunaren edo fikzioaren alorrean kokatutako beste hamaika uztartu ditu Joxemari Iturraldek (Tolosa, 1951) Perlak, kolpeak, musuak, traizioak bere bederatzigarren eleberrian (Pamiela). Historiatik abiatuta istorioa kontatzeko. Errealitatetik, fikzioa eraikitzeko. Nobela bat osatzeko.
Perlak, kolpeak, musuak, traizioak izenburuak ez du laburbiltzen kontakizunaren mamia, baina kontatutakoaren zertzeladak ematen ditu ezinbestean. Hitz bakoitzak hainbat elementu ordezkatzen ditu: «Perlek, glamour-a eta aberatsen mundua; kolpeek,boxeoaren mundukoak eta moralak; musuek, amodioa eta ilusioak; eta traizioek, gezurrak eta faltsukeriak». 25 emakumeren gorabeheren, «bizipozen, sufrimenduen, engainuen eta maitasunen» bitartez, hiru gizon ospetsuren inguruan harilkatzen diren istorioak osatu ditu idazleak —Uzkudunek eta Gaztañagak ez ezik, Ladis Goiti medikuak ereosatzen du hirukoa—. Emakume horietako bakoitzaren izena darama kapitulu bakoitzak, «planeta inportante horien inguruan biraka ari diren sateliteak» balira bezala. Badira, gainera, benetan existitu ziren emakumeak, eta baita asmatutakoak ere.
Liburuak Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañagaren historian sartzen ditu eskuak, baina ez da, egilearen arabera, haien biografia bat. «Hori ez zitzaidan interesatzen, eta, esan izan balidate Uzkudunen bizitza kontatzeko, ezetz esango nukeen. Hori baino gehiago da liburua». Hain zuzen ere, «traizio handi baten istorioa» kontatzen du liburuak. Hori baita kontakizunaren ardatzetako bat. «Bi traizio handi kontatzen dira. Bat Uzkudunen eta Gaztañagaren artekoa; bestea Uzkudunen eta Goiti doktorearen artekoa. Eta, gero, traizio txikiagoak daude, ez horregatik garrantzi txikiagokoak, emakumeen eta hiru pertsonaia horien artean gertatutakoak».
Nobelak balio izan dio Iturralderi bi Euskal Herriren berri emateko. «Antonio Machadok esaten zuen bi Espainia zeudela. Bada bi Euskal Herri bazeuden eta badaude oraindik ere. Etsai amorratuak, elkarren kontra talka egiten dutenak». Bi pertsonaia nagusiek, Paulino Uzkudunek eta Isidoro Gaztañagak, gorpuzten dituzte liburuan bi Euskal Herri horiek, hasieran adiskide estu direnak eta amaieran arerio porrokatu bihurtzen direnak. 36ko gerra lehertu zenean, Uzkudunek Franco jeneralaren indarren alde egin zuen, eta Gaztañagaren lagunek, berriz, Errepublikaren alde jarri nahi izan zuten. «Hor badago maitasunez eta adiskidetasunez hasitako istorio bat, amaieran oso gaizki bukatu zena».
Egiantza, egiaren gainetik
Egiazko pertsonaietan oinarritua egonik, liburuak asko du errealitatetik. Errealitate hutsa izan gabe. «Hemen azaltzen diren istorio eta pasadizo asko, nahiz eta gezurra diruditen, egiak dira, benetan gertatu ziren. Eta azaltzen diren istorio eta pasadizo asko, nahiz eta egiantza duten, fikzioa dira, ez dira inoiz gertatu». Pertsonaia batzuei, gainera, izena aldatu die —Ladis Goiti bera existitu zen, baina beste deitura bat zuen—.
Beste proiektu batekin zebilen Iturralde, istorio hau «bere kasa» iritsi zitzaionean. Idazlea Tolosakoa izanik, Uzkudun eta Gaztañagaren istorioak ezagutzen zituen, hangoak ez izan arren, Tolosan hazi baitziren boxeoan. «Urteetan apunte mordoa hartu dut, ezagutu ditut haiek ezagututako pertsonak eta lehen iturriko informazio asko jaso dut». Azkeneko hiru urteotan, gainera, ikerketa lan sakona egin du, eta ezagutu ditu Uzkuduni eta Gaztañagari buruzko istorio eta gertaera ugari, horietako asko oso gogorrak. «Batzuk goxatu egin ditut, beratu, susmo mailan utzi, nahiz eta errealitatean gertatu ziren». Betiere egiantzaren alde. «Ez zaitinteresatzen egia edo gezurra, baizik eta egiantza. Gertatu zen edo ez, hori irakurleak erabaki behar du. Inportanteena zera da: gerta zitekeen?».
Bi euskal herritar, bi izar
Bata frankismoak goratutako izar handi bat eta bestea ahanzturan eroritako «parrandazalea». Paulino Uzkudunek (Errezil, 1899-Madril, 1985) eta Isidoro Gaztañagak (Ibarra, 1905-La Quiaca, Argentina, 1944) txanponaren alde bana ordezkatzen dute, nahiz eta jatorri bera izan: «Biak izan ziren herri gizonak, ezjakin samarrak, analfabetoak... eta iritsi ziren goi mailara munduan! Dirutza izugarria egin zuten, arrakasta lortu...».
Nobelan Uzkudunen, «pertsonaia ezagunaren», alde iluna ateratzen da egilearen irudiko. «Lehenengo apolitikoa zela zioen, gero Errepublika iritsitakoan errepublikarra zioen, eta gero frankista bilakatu zen. Badira argazkiak falangista jantziekin ageri dena, harro-harro». Gaztañaga, berriz, pertsonaia guztiz nobeleskoa izan zen. «Gizon ederra zen, aktore ere izan zitekeen. Baina parrandazalea zen, emakumezalea, eta ez zitzaion dirua inporta». Gainera, Uzkudun bera baino boxeolari hobea izan zen, Iturralderen arabera: «Uzkudunek inoiz ez zuen nahi izan harekin borrokatu. Gaztañaga New Yorkera iritsi zenean, New York Times-en azalean honako hau jarri zuten: 'Izzy Gaztañaga. New Yorkera iritsi da Brooklyngo zubia ukabilkada batez suntsi dezakeena'». Ez zuen, baina, arrakasta goserik, eta haren argia oso azkar itzali zen.
Historiako istorioak
Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolariei buruzko nobela ondu du Joxemari Iturraldek: 'Perlak, kolpeak, musuak, traizioak'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu