Historiako bi mugarri,liburu banatan jasoak

Virginia Woolfen 'Farorantz' eleberria itzuli du Anton Garikanok, eta Curzio Malaparteren 'Larrua' polemikoa Jose Ramon Vazquezek.

Jose Ramon Vazquez eta Anton Garikano, atzo, Donostian liburuak aurkeztu aurretik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Virginia Woolfek joan den astelehenean beteko zituen urteak. XX. mendeko eleberrigintzan berritzaileenetako bat izan zen idazle ingeles hori; batetik, kontakizunari baino gehiago erreparatzen ziolako pertsonaien barnean gertatzen zenari, eta, bestetik, feminismoan egindako ekarpenagatik. Haren Farorantz nobela euskaraz argitaratu du Elkar argitaletxeak, Urrezko Biblioteka bilduman; Anton Garikanok itzulia. Bestalde, Jose Ramon Vazquezek itzuli duen Curzio Malaparteren Larrua obra kaleratu dute Erein eta Igela argitaletxeek elkarlanean, Literatura Unibertsala bilduman. Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan idatzi zuen liburua italiarrak, eta polemika eragin zuen: Eliza katolikoak debekatuen zerrendan sartu zuen. Bai Literatura Unibertsala bilduma eta bai Urrezko Bilbioteka bilduma EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren bultzadaz sortuak dira.

Garikanok Farorantz eleberria itzuli duen bigarren aldia da. Duela 23 urte Ibaizabal argitaletxeak kaleratu zuen lehen itzulpena, eta, itzultzailearen arabera, ordutik hona garapen bat izan du haren itzultzeko moduak: «Zenbait esamolde garai batekoak ziren, eta orain beste modu batera idatzi ditut. Beharbada, orain gehiago hartu dut kontuan irakurlea. Koskak leundu ditut, modu atseginago batean idatzi nahi izan dut».

Garikanoren arabera, kritikari askok nabarmendu izan dute eleberriak atal «autobiografikoak» dituela. Woolf haurtzaroan udako etxe batera joan ohi zen, eta parean uharte bat zegoen, faro batekin. Liburuari izena ematen diona faroa hori dela esan ohi dute. Gainera, Lily pertsonaiak Woolf bera islatzen duela uste dute. Liburuaren hasieran, koadro bat margotzen hasten da, eta kontakizun guztian ari da horri bueltaka, ezin bukatuta. Etengabeko ezin batean balego bezala. «Gogora ekartzen dit Virginia ere askotan ibiltzen zela gauzez erditu nahi eta ezinean».

«Nobela liriko» moduko bat da Farorantz, idazlearen iritziz. Prosazko eskeletoa du, baina gaineko jantzi guztiak lirikoak dira: «Hain dira poetikoak erabiltzen dituen irudiak, metaforak, adierazteko modua...». Woolfen begirada faroarena bezalakoa dela uste du Garikanok. Izan ere, toki jakin batean jartzen du fokua, eta hari heldu. «Sartzen da pertsonaren barruraino, eta erakusten ditu haren barren guztiak: kezkak, nahigabeak, itxaropenak... Irakurleak egiten duen ideia barrukoa da». Gizakia barrutik nolakoa den erakutsi nahi du Woolfek, eta lantzen duen gai nagusietako bat komunikazioarena da.

Woolfen ideien gaurkotasuna nabarmendu du Garikanok. Askotan salatu izan zuen gizonezkoek gizartean zuten nagusitasuna, ez baitzegoen ados emakumeek gizartean zuten rol «pasiboarekin». «Emakumearen zeregina aldameneko gizasemeak zituen ezintasunei irteera bilatzea izan behar zuela zirudien».

Napoli, gerra ostean

Bigarren Mundu Gerra ostean Ameriketako Estatu Batuek «okupatutako edo askatutako» Napoliri (Italia) buruzko kronika eleberria da Larrua. Xabier Olarra Igela argitaletxeko editorearen arabera, «paradoxikoa ere bada»: «Amerikanoak 1943an Napolin sartutakoan gertatzen direnak kontatzen dira. Askapena eta alaitasuna kontatu beharko luke, baina askapenaren ondoko lazgarriak kontatzen dira».

Bi Mundu Gerrak bizi izan zituen Malapartek, eta esperientzia horietan oinarrituta dago eleberria. 1949an argitaratu zuten Italian, eta berehala sortu zen polemika haren inguruan: Eliza katolikoak debekatu egin zuen, eta hainbat italiar ospetsuk gogor kritikatu zuten, «ez-patriotikoa eta moralgabea» zela esanez.

Gerora, bi muturreko ikuspegi hedatu dira Vazquezek azaldu duenez: «Batzuen ustez, xaboi burbuila terroristen egilea da Malaparte, eta, beste batzuen iritziz, XX. mendea hobekien irudikatzen duen eleberria da»á

«Gerra ondoren idatzitako liburuetatik asko atera daiteke, baita gaur egun ere, eta hau da horietako bat», azaldu du Olarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.