Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurkean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela-txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitzea liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea». Horiexek, Bizenta Mogelen (Azkoitia, Gipuzkoa, 1782Abando, Bizkaia, 1854) Ipui onak liburuko Irakurle euskaldunari hitzaurreko lehen hitzak. 1804an argitaratu zuen liburua Mogelek, eta ezin argiago azaltzen du hitzokin emakume-idazle binomioa zeinen arrotza zitzaion bazterrotako jendeari XIX. mende hastapenetan. Hitzaurreko azken aholkua irakurleari: «Gauza onik badago, esan dezatela iñorena dala, ez nerea; okerrik badakuste egotzi nere gañera; berdin arteak ez du emango sagarrik».
Arteak ez zuen sagarrik ematen, eta emakumeek letrarik ez, indarrean zen gizarte ereduaren arabera. Horren isla da historiografia ere. Nikolas Ormaetxea Orixe-ren Euskal literaturaren historia laburra (1927) lanean, ez da emakume idazlerik aipatzen. Ezta LuisVillasantek ere, 1961eko Historia de la literatura vasca lanean. Koldo Mitxelenak, berriz, bi aipatu zituen bere Historia de la literatura vasca-n (1960): Bizenta Mogel eta Katalina Eleizegi (Donostia, 1889Lizarra, Nafarroa, 1963). XX. mende hasierako emakume idazle bakarra, alegia.
Liburua euskarri
1930ean Zarautzen elkartu ziren emakumeak garaikide zituen, baina Katalina Eleizegi ez zen EAB Emakume Abertzaleen Batzakoa —abertzalea eta ohiturazalea bai, zenbait ikerlariren arabera—, eta liburua zerabilen bere idazlanen euskarri gisan, ez prentsa. Antzerkian jarri zuen arreta. Arrakasta handiz jarri ere. Toribio Altzaga antzerkigile ezagunak, 1926an egin zioten elkarrizketa batean, euskal antzerkiaren klasikotzat jo zuen Eleizegi, eta, antzezlan onenen zerrenda egiten hasita, lehen postuan ezarri zuen haren Garbiñe. Lan hartan, hurrengo guztietan bezalaxe, emakumeak bihurtu zituen protagonista. Harkaitz Canok «euskal antzerki modernoaren ama» deitu izan dio. Eta antzerkia zen Euskal Pizkunde garaian gailendu zen literatur generoa. Euskarazko antzerkiaren epizentroa Donostia zen, eta han sortu zen 1915ean Euskal Iztundea antzerki eskola. Iztundearen eskutik hasi ziren antzerkizaleak emakume antzezleak eta zuzendariak ezagutzen; Iztundek ezagutarazi zituen Katalina Eleizegiren lehen lan arrakastatsuak: Garbiñe (1916) eta Loreti (1918).
36ko gerrak ekarri zuen etenaren aurretik, Gaine (1929) eta Yatsu (1934) ere eman zituen, baina ez zuen aurrekoen arrakasta maila lortu. Gero, Brujaseko harilkia (1960), Erausoko Kateriñe (1962) eta Roldan (amaigabea) idatzi zituen, baina eremu pribatura mugatu zuen bere sorkuntza. Ez zuen artearen sagarrik espero. Ezta historiarenikere.
Historiak ez du sagarrik ematen
Duela gutxi arte, emakume izen gutxi jaso izan da euskal letren historian. Katalina Eleizegi Maiz antzerkigilea izan da salbuespenetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu