Amaiur 2012 ikuskizuna

Historia poetikoki kontatzea

'Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da' ikuskizuna estreinatuko dute larunbatean Amaiurren, eta sarrerak amaitu dira jadaNafarroaren euskaltasuna aldarrikatuko dute dantza, kantu, bertso eta teatro bidez

Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da ikuskizunean parte hartuko duten dantzari batzuk, entsegu batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Izan badu pastoralaren kutsutik zer edo zer. Desfilea, esaterako, eta artzain zuberotarrak beren ardi eta guzti. Baina, oroz gain, Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da ikuskizuna, larunbatez (20:30ean) Amaiurren bertan ikusgai izango dena, Nafarroako konkistan bizitza galdutako gudariei eskainitako omenaldia da.

Juan Mari Aleman sustatzaileak nabarmendu duenez, hasiera batean pastoral bat egiteko asmoa zuten Zuberoan, Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren karietara. Hala, Jean Louis Davant idazlearekin eta Piel Pol Berzaitz kantari eta taula zuzendariarekin hitz egin zuten. Haiek, alabaina, kontua zail ikusten zutela esan du Alemanek: «Pastoralen berezitasunak zeintzuk diren azaldu ziguten. Nonbait, herri bakoitzak erabakitzen du zein gai landu, ez idazleak». Hortaz, beste gisa bateko ikuskizuna egitea deliberatu zuten, «formatu dinamikoagokoa eta arinagoa».

Bi ordu eta laurdenean, 110 pertsona inguru igaroko dira agertokitik, tartean abeslariak, bertsolariak, dantzariak eta antzerkigileak —nafarrak, zuberoarrak zein gipuzkoarrak—. Denen artean berreraikiko dute Nafarroako historia, lau ataletan, Gaztela eta Aragoiko errege-erreginen ezkontzak eragindako inperialismo garaitik hasi eta gaurdaino, azkenik aldarrikatzeko «Nafarroak euskaldun izan nahi duela oraindik». Bitarte horretan, aipatuko dituzte Amaiurko setioa, Arizkungo agotak, juduen erbesteratzea eta beste hainbat kontu.

Alemanen aburuz, historiaren irakurketa akademiko batetik urrun dago ikuskizuna: «Ez dugu gertatu zena zehatz-mehatz kontatu nahi; bokazio artistiko eta poetiko bat duen obra da, eta nahi dugu jendeak jakitea garai batean Nafarroa euskalduna zela, gero azaldu zirela errege batzuk armak eskuan, baina oraindik ere hemen gaudela bizirik». Segidan gaineratu duenez, istorio denen gisara, «ikuspuntu konkretu batetik» kontatuta dago hau ere.

Hasiera batean 40.000 euroko aurrekontua bazuten ere, aspaldi dabiltza zifraren gainetik. Gastuak asko dira, Alemanen esanetan: agertokia, eserlekuak, argia, soinua eta euriaren kontrako asegurua, besteak beste. Gainera, oro har auzolanean egindako proiektua bada ere, badira zenbait musikari eta aktore profesional tartean, «eta haiei ordaindu egin behar zaie». Hala ere, ez du uste dirua lortzeko arazorik izango dutenik, atzo sarrera denak amaitu baitziren eta horrekin osatuko baitute «aurrekontuaren erdia». Beste erdiaren bila ibili dira instituzioetan eta enpresa pribatuetan, eta garai zailak izanagatik, «diru mordoxka» bildu dute. Bestalde, Ana Marin, Xabi Otero eta Joseba Burusko artistek obra bana eman diete, horiek zotz eginda etekin gehiago atera ahal izateko.

Hamarkada batera begira

Azken erresistentziaren ikur bihurtu da Amaiur. Hartara, eta askok uste dutenaren kontrara, ez du aurten urteurrenik ospatuko, 2022an baizik. Amaiur 2012 ikuskizuna, beraz, ez da hamarkada osorako aurreikusitako jardueretako lehendabizikoa besterik. «Zerbait potoloarekin hasi nahi genuen —dio Alemanek—, eta hamar urtean jarduera didaktikoak eta dibulgatiboak egin kultur arloan, betiere Aranzadi Zientzia Elkartekoen laguntzarekin, lan bikaina egin baitute gaztelua agerrarazten».

Gerora begira ere, historia berreskuratzeko lanetan jarraitu nahi dute, «batek ez baitaki nora joan ez badaki nondik datorren». Alemanen ustez, belaunaldiz belaunaldiko prozesu bat izan da, eta apurka iraganaren hondarretan arakatzearen ondorioz, orain «informazio pila» dago konkistaz, eta jakite horrek posible egiten du norberak hautatzea historiaz zer esan nahi duen. Hari, gainera, etxetik bertatik datorkio motibazioa: «Nire amatxik ezagutu zuen 1931n bota zuten monolito bat; esan ohi zigun bazela zerbait. Gero, frankismoa etorri zen, eta nire amak Corpus Christi edo Besta Berri eguneko prozesioa ezagutu zuen. Monumentu hautsia zegoen muinoraino joaten omen ziren prozesioan. Gu haurrak ginela monolitoa nola berreskuratzen zuten ikusi genuen —hain justu, horretarako sortu zen Gaztelu elkartea—. Azkenik, gure ilobek gaztelua agerian ezagutuko dute. Eboluzio hori polita da».

Amaiurko porrotak Euskal Herri mailan izan zuen garrantzia nabarmenduko dute larunbatean, hortaz. Sarrerarik gabe gelditu denak aukera du bezperan ordu berean egingo duten entsegua ikusteko, 5 euroren truke. Gainontzean, abuztuaren 10ean eta 11n Maulen eskainiko dituzten emanaldietara arte itxaron beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.