Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Hiru 'unplugged'

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Adin bat badaukazue gogoratuko zarete, 1990eko hamarkadaren hasieran eztanda (ados, eztandatxo) moduko bat izan zelako musikaren munduan: desentxufatutako kontzertuen eta zuzeneko albumen boladatxoa, alegia. Bakarlari edo talde batek bere errepertorioa, bestelako bertsio batzuekin batera, kontzertu intimoago edo jendetsuago batean errepasatzen zuen, tresna akustikoak erabiliz, ohiko elektrikoen ordez, eta ahalik eta anplifikazio minimoarekin. MTV (orduan) musikako telebista-katea hasi zen ideiarekin 1989an, hasiera batean zenbait gonbidaturekin, eta, kontua finkatu zen heinean, talde edo bakarlari jakin baten kontzertu esklusibo moduan. Formatuaren goren aldia, bada, 1990eko hamarkadan gertatu zen, eta diskoetxeak laster ohartu ziren pagotxaz: MTVrekin akordioetara iritsi eta, dela horrela beren katalogoak loditzen jarraitu zezaketelako, dela artisten betebehar kontraktualak osatzeko, kontzertuen CDak argitaratzen hasi ziren (album horietako lehenengoa kaleratzen Paul McCartney izan zen, esanguratsua dena: gutxi bera baino erneagorik, negozioan). Izan ere, MTVren eskutik ez ezik, musikariak, kontzertu-promotoreak eta diskoetxeak beren uztako unplugged propioak bultzatzen hasi ziren. Batzuk izugarri arrakastatsuak izan ziren (Claptonena milioika ale saltzera iritsi zen, esaterako), beste batzuk betelan hutsak. Dena den, 2000ko hamarkadaz geroztik, formatuak behera egin zuen, nabarmen, noizbehinka halakoren baten berri dugun arren, are gehiago kontuan hartuta estudioko albumen (etekingarritasunaren) gainbeherak zenbat min egin dien musikari profesionalei, eta zuzenean (kostu txikienarekin) jotzeko premia zenbat zabaldu den azken garaiotan (zer dira Ruper Ordorika Bakarkasailekoalbumak, haren unplugged-ak ezik?). Zimiterio honekin halako hiru ekarri nahi ditut gogora, nahiz eta guztiak ez diren izango ildo horretako begien bistakoenak, agian.

10.000 Maniacs

 

'MTV Unplugged'. Elektra, 1993.

10.000 MANIACS

Album batek unplugged unibertsoaren kintesentzia bildu beharko balu, hau hautatuko nuke: gailurrera iritsitako banda bat, gainbeheran amiñi bat hasia, bere kanten bertsio akustikoak egiten bederatzi musikariren laguntzaz (hari eta fagot-boskote bat tartean), giro lasaia eta bertsio dotoreak, jatorrizkoan jada berez ikaragarri elektrikoak ez ziren piezenak, guztiz emana dagoen publiko baten aurrean. Nire aurreikuspenak, a priori, ez ziren oso onak, batik bat kontuan hartuta asko maite izan nuen banda bat zela (haren The Wishing Chair erraietikoa, 1985ekoa, nire diskotekako klasikoetako bat zen, eta da), eta azkeneko estudioko lana, Our Time In Eden (1992), ez zitzaidala sobera gustatu: gero eta konbentzionalagoak bihurtzen ari ziren, gero eta publiko guztientzako (ni bezalako eusnob batentzat bekatu hilgarria, badakizue). Bada, hauxe asko maite dudan album bat bihurtu zitzaidan: agian CD formatuan feriatu nuen lehenetako bat izan zelako (eta hasieran gutxi nituelako kate erosi berrian ipintzeko), agian ahulak iruditzen zitzaizkidan kanta berri haiek (Candy Everybody Wants, adibidez) irabazten ateratzen direlako konponketa berriekin eta aurreko elepetakoen alboan (Don’t Talk eta Hey Jack Kerouac), eta onik ateratzen direlako Patti Smith eta Bruce Springsteenen Because The Night bezalako klasiko bat bertsioneatzearen atakatik (single bezala atera zuten eta, hara, haien historiako salduena bihurtu zen). Orduan, noski, ez nekien Natalie Merchant kantariaren azkena izango zela taldearekin: bi urte lehenago uztea erabaki zuen (denboraz abisatu zien kideei, zintzo), bakarkako karrera oso solbente bati ekiteko. Bera gabe 10.000 Maniacs-ek egin ez dutena, alegia. Agian horregatik da horren ona diskoa: beltxargaren kantaren kontzientzia betea mamitzen duelako.

Nirvana

'MTV Unplugged In New York'. Geffen, 1994.

(ID_14358361) (/EZEZAGUNA) nirvana
 

Ni ez nintzen bereziki Nirvanaren zalea albuma erosi nuenean: ea, Nevermind baneukan (1991), jakina (aitortu dizuet lehenago eusnob bat naizela), baina grungearen iraultzak ez ninduen sekula harrapatu (ni Madchester-en sartuagoa nengoen, garai hartan), eta In Utero (1993), adibidez, latzegia suertatu zitzaidan. Baina disko hau, 1993an grabatu zena eta, disko moduan Kurt Cobainek bere buruaz beste egin eta berehalako nekrofilia-ariketa gisa argitaratu zena, ai, disko hau BESTE KONTU BAT DA. Lehenik eta behin, ez zelako halako arrakasta lortutako talde batengandik espero zitekeena: hit nabarmenik ez (uko egin zioten Smells Like Teen Spirit jotzeari, ez zelako biluzik jotzeko moduko abestia, eta kokoteraino egongo zirelako hartaz), inork ezagutzen ez zituen musikari gonbidatuak (Meat Puppets punk talde iluneko Kirkwood anaiak), beren errepertorioko kanta ez bereziki ebidenteak (About A Girl, Something In The Way, Polly izugarria), eta taldeaz besteko bertsio piloa: MeatPuppetsberarenak (hiru!), The Vaselines indie eskoziarren bat, Lead Belly bluesmanaren bat, eta David Bowieren bat, The Man Who Sold The World, alajaina. Baina are taldearen kanta ezagunagoei ekiten dietenean (entzun On A Plain, All Apologies eta, batez ere, Come As You Are), biluztasun berriak zein kanta onak diren baino ez du azpimarratzen. Diotenez, kontzertua porrota izango zela uste zuten denek, eta entseguak desastre bat izan zirela; lehenengo aldia zela Dave Grohl bateriak eskuila batzuk maneiatzen zituela, eta ez zekitela ondo egokituko zitzaion kanta bati Krist Novoselic baxu-joleak sartu nahi zion akordeoia; eta Kurt Cobain hain zegoela urduri aretoko lehen lerroak lagunez betearazi zituela, babes bila. Baina bikain atera zen dena, tristeki.

The Beach Boys

'Beach Boys’ Party!'. Capitol, 1965.

(ID_14358360) (/EZEZAGUNA) (;)

Bai, hauxe da gaurko tranpatxoa: ez soilik amaieran kokatzea berez, kronologikoki, buruan beharko lukeen diskoa, baizik eta ez delako, zentzu hertsian, unplugged bat, baizik eta, batzuek aldarrikatu bezala, rock aroko lehenengo disko desentxufatua. Baina, zer demontre, oso disko sinpatikoa da, eta gaurko gaiaren esentzia biltzen du (desentxufatu kaskar askok baino dezente hobeto!). Jolasa baita gakoa, hemen: bertsio sinpleak, zuzenekoaren magiatxoa eta inprobisazioaren airea biltzen dituen performance akustikoa, gazte kaliforniar batzuen Coca-Colaz eta sandwichez beteriko etxeko party aratz batean. Amarrua da, noski: jarraian grabatuta dagoela dirudien arren, Hollywoodeko Western estudioetan jaso zen, hainbat saiotan, eta ondoren muntatu zuten, harraldi onenak (hots, itxura kasualekoenak) hautatuz, eta giro-hotsarekin nahastuz. Kontua da produkzio-katea martxa betean zegoela, eta taldeak elepe bat behar zuela (urte hartako hirugarrena!) neguko merkatuari hozka egiteko: gabon-elepearen karta agortuta zegoen (1964ean), eta halaxe iritsi ziren party-aren kontzeptura. Ez zitzaiena, bide batez, batere egolatra atera: besteen bertsioak dira nagusi, The Beatles konpetentzia zuzenarenak (Tell Me Why, You've Got to Hide Your Love Away...), Bob Dylanen bat (The Times They Are A-Changin dibertigarri bat, irrintzitxo eta guzti), The Olympics-en Hully Gully doo-wopa...; taldearenak berarenak jotzen dituztenean (I Get Around, Little Deuce Coupe), kasik broma gisa egiten dute, desafinazioaren ertzean. Eta, jakina, berez The Regents-ena zen Barbara Ann, disko honi esker The Beach Boysen klasiko bat bihurtu zena, eta zerrenden gailurrera iritsi zena single moduan atera zutelarik: batere gaizki ez festa inprobisatu batean besterik gabe grabatutako bertsio akustiko baterako, ezta?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.