«Loraldia festibala ez da soilik ekitaldi multzo bat, baizik eta euskal kultura garaikidearen ikusgaitasuna eta berrikuntza sustatzeko plataforma bat». Amaia Ocerin Loraldia jaialdiko komunikazio buruak ezezko batetik abiatuta nabarmendu nahi izan du Loraldia jaialdiak Bilbon euskal kulturaren alde egiten duen ekarpena. 2015ean jarri zuten abian festibala, eta 11. aldia izango du aurtengoa. Guztira 29 ekitaldiko programa bat antolatu dute martxoaren 10etik 30era bitarterako, eta hainbat diziplina artistikotako ehun sortzaile inguru batuko dituzte. Propio jaialdirako sortutako hainbat ekitaldi ere ekoitzi dituzte tartean, eta, seguruenik, martxoaren 12ko emanaldia da haien arteko deigarrienetako bat: Jonan Ordorika soinu teknikaria omenduko duen kontzertua antolatu dute egun horretarako —2023ko udan hil zen Ordorika—, Arriaga antzokian, eta, Anari, Mice, Rafa Rueda, eta Tapia eta Leturia ez ezik, Hiru Truku taldea ere batuko zaie oholtzan, hainbat urteko etenaren ostean.
Festibalaren webgunean ikusgai jarri dute jadanik programazio osoa.
Astebete iraun zuen lehen Loraldiak, baina kolpean hazi zen hurrengo urtean, eta, geroztik, zabaldu ere egin da haren eragin esparrua. Iaz, esaterako, Iruñera zabaldu zuten jaialdiaren adar bat, eta Bilbon ere, egonkortuta dauzka jadanik hilabete inguruko egitaraua eta babesle sarea. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak ez ezik, Laboral Kutxak ere babesten du, eta 250.000 euro inguruko aurrekontua izan du azken urteetan. Iazkoa, esaterako, 230.000koa izan zen, eta 260.000 eurokoa da aurtengoa.
Diziplinartekotasuna
Antzerkia, musika, zinema, literatura, bertsolaritza, dantza eta arte garaikidea lantzen ditu jaialdiak, eta diziplinartekotasun hori da haren nortasun ikurretako bat. Iazko Loraldia Sormen Beka irabazi zuen proiektua da horren froga: Hitzaurrea izeneko ibilaldia. Azkuna zentrotik abiatuta, ordubete inguruko ibilbidea sortu dute Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak, eta ekitaldi horrekin abiatuko dute aurtengo programazioa, martxoaren 10ean. Parte hartzaileek sakelakoa eta aurikularrak baino ez dituzte eraman beharko, eta haien bidez murgilduko dira sortzaileek proposatutako istorioan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, funtsean, «oinez gertatzen den jolas bat» da proposamena, eta jendearen erabakien arabera joko du alde batetik edo bestetik.
Ez da egitarauko ibilaldi bakarra izango, gainera. Martxoaren 22an ere, 10:00etan, Goroldiorik ez (II) izeneko ibilbide gidatua antolatu du Piszifaktoria Ideien Laborategiak, eta, San Mamesetik abiatuta, hainbat emakumezkoren lekukotzak bilduko dituen txango bat egingo dute Arraitz mendira. Hara iritsitakoan, 12:30ean, kontzertua joko dute Juantxo Zeberio, Maddi Oihenart eta Miren Zeberio musikariek. Palestinaren mina deituko dute saioa, Maddi Oihenartek eta Juantxo Zberiok batera sortutako kanta baten izenburua gogoan hartuta.
Ekoizpen propioak
Jaialdiak berak propio ekoitzitako ekitaldiak dira Loraldiaren beste nortasun marketako bat. Ordorikaren omenaldia eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren ibilaldiak dira horren adibide, baina gehiago ere badaude. Martxoaren 13an egingo den Xiberoa kantuz loraturik emanaldia da ekoizpen propioen adibideetako bat. Maddi Oihenart, Beñat Axiari, Ihitz Iriart, Julen Axiari, Mixel Etxekopar, Eliane Hegiaphal, Pierre Vissler eta Jordi Cassagne abeslari eta musikariak bilduko ditu emanaldiak, eta Arriaga antzokian izango da saioa.
Bob Dylan musikariaren kantak eskainiko dituzte Audience eta Belharra taldeek martxoaren 27an, Campos antzokiko Kupula aretoan. Xabi Payak itzulitako kantak oinarri hartuta, disko oso bat eskaini dio musikariari Audiencek (B.D. Berrikusia), eta haren kanta sorta bat ere prestatu du Belharra taldeak. Kontzertu horretarako propio sortutako taldea da azken hori, eta musikari hauek biltzen ditu: Urbil Artola, Gorka Arranz, Julen Maestro, Jon Arzelus, Jose Mari Pulido eta Dani Venegas. Guztira, Dylanen 20 bat kanta joko dituzte denen artean, eta emanaldi hori ere Loraldiak ekoitzi du.
Martxoaren 29an, Esanezin, Esti Markez eta Maite Ruiz Erentxun abeslariak batuko dituzte Bira kulturgunean, eta Bozak izenarekin bildu dituzte antolatzaileek hiru emanaldiak. Aurrez ere hainbat musikari batu izan ditu jaialdiak izen horrekin, eta, emanaldia ekoitzi ez arren, haren ideia jaialdiarena dela azaldu dute antolatzaileek. Lorazainek bakarrik izango dute saio horretako sarrerak lortzeko aukera.
Jaialdiko klasiko bat da beste ekoizpen propioetako bat. Literatura, bertsolaritza eta musika uztartzen dituen emanaldi hibridoa eskainiko dute Edorta Jimenez idazleak, Rafa Rueda musikariak, Oihana Arana eta Ane Labaka bertsolariek eta Amaia Agirre gai jartzaileak. Martxoaren 16an izango da saioa, Bilboko Guggenheim museoan. Etorkizuna gaitzat hartuta, testu original bat sortu du Jimenezek sasoirako, eta hura oinarri hartuta arituko dira bertsotan Labaka eta Arana.
Antzerkia
Don Inorrez musika taldeak eta Metrokoadroka kolektiboak martxoaren 19an taularatuko dute Aztia kontzertu dramatizatua, Kafe Antzokian, eta BERRIAlagunek deskontuarekin eskuratu ahalko dituzte emanaldirako sarrerak.
Tennessee Williams antzerkigile ezagunaren Kristalezko Zooa antzezlanaren euskarazko estreinaldia ere eskainiko du Arriaga antzokiak Loraldian. Martxoaren 21ean, 22an eta 23an izango dira saio horiek. Kasu honetan, antzokia da ekoizlea, eta laguntzaile izan du Loraldia. Kepa Errastik egin du itzulpen lana, Natalia Menendez ari da zuzendari lanetan, eta Mikel Losadak, Ione Irazabalek, Miren Gataiñagak eta Arnatz Puertasek osatzen dute aktore taldea.
Josune Velez de Mendizabal antzerkilariak ere Munstro baten etxean solasean antzezlan laburra estreinatuko du Loraldian. Nestor Basterretxea da piezako protagonista, eta lehenengoz emango du obra jendaurrean. Martxoaren 16an, Fundicion aretoan, eta Velez de Mendizabalen lanaz gainera, Makur teatro taldearen Kabia antzezlan laburra ere ikusteko aukera izango da saio berean.
Ekoizpen propioa izan ez arren, Loraldian ikusi ahalko da lehenengoz Idoia Tapia sortzailearen Alter nation izeneko performancea. Skabidean taldeko abeslari izandakoa da Tapia, baina Dantzertin ikasketak bukatu berri ditu, eta Loraldian eskainiko du konferentzia baten itxura duen sormen pieza berria aurrenekoz. Martxoaren 21ean izango da hori, Itsasmuseumen, eta Bloñ taldearen emanaldia ere izango da ondoren. Martxoaren 11n, Renata antzezlana eskainiko dute Arriaga antzokian; martxoaren 15ean, Haatik dantza konpainiak Ots dantza ikuskizuna eskainiko du Euskalduna jauregian, eta, martxoaren 18an, Janire Etxabek Antxine dantza bertikaleko ikuskizuna emango du Campos antzokiaren kanpoaldean.
Musika eta beste
Musika izango da programako beste alor esanguratsuetako bat. Hain zuzen ere, Gorka Urbizuren kontzertuak itxiko du jaialdia, baina horrez gainera, Mursego musikariak, esaterako, Markos Gimenoren palindromoetatik abiatutako Sukramarkus emanaldia eskainiko du Bidebarrieta liburutegian, martxoaren 14an. Xabier Zeberio, Iñar Sastre, Aitor Etxebarria eta Eñaut Zubizarretak martxoaren 20an egingo dute emanaldia, Bilboko Filarmonika Elkartean. Judit Neddermann musikari kataluniarrak euskara eta katalana uztartzen dituen Artean diskoa aurkeztuko du martxoaren 23an, Bilboko Guggenheim museoan, eta Claudine Arhancetek eta Mixel Etxekoparrek emanaldia eskainiko dute martxoaren 26an, Quebeceko Darlene Giumniag musikari mikmakarekin batera, Bidebarrieta liburutegian.
Bertso saio espekulatiboa egingo dute martxoaren 22an Nerea Ibarzabalek, Sustrai Colinak eta Miren Amurizak, Ainhoa Urien gai jartzailearekin batera. Eta Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak euskal literaturgintzaren alderik odoltsuena aztertuko dute martxoaren 25ean, Odola kantari ikuskizunean. Baina horiez guztiez gainera, liburu aurkezpenak eta zinema emanaldiak ere izango dira. Oskar Alegriaren Zizindurrunkarratz filma proiektatuko dute, esaterako, martxoren 28an, Bizkaia aretoan.
Azken sarrerak
Ia amaituta daude hainbat ekitalditarako sarrerak. Salgai jarri bezain azkar amaitu ziren, esaterako, Gorka Urbizuk Arriaga antzokian jaialdia ixteko eskainiko duen emanaldikoak. Baina ia amaituta daude beste hainbat saiotakoak ere. Piszifaktoria Ideien Laborategiak sortutako Goroldiorik ez eta Hitzaurrea izeneko ibilaldietarako azken sarrerak baino ez dira geratzen, eta Mursegok martxoaren 14an Bilboko Bidebarrieta liburutegiko aretoan egingo duen emanaldirako ere tiket gutxi batzuk baino ez daude jada.
Lorezainak
Jaialdiak 2017an jarri zuen abian Lorazainak izeneko figura. Jaialdiari lotutako ekitaldietan hainbat abantaila lortzen dituzte Lorazain egiten direnek. Emanaldi askotarako sarrerak merkeago lor ditzakete, esaterako, eta sarrerak eskuratzeko lehentasuna izan dezakete beste batzuetan. Trukean, jaialdian parte hartzea eta haren zabalpenean laguntzea baino ez diete eskatzen antolatzaileek. Hirurehun pertsonako komunitate txiki batekin abiatu ziren lehen urte hartan, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, handituz joan da kopuru hori urtez urte. Oraintxe 3.700 Lorazain daudela zehaztu dute. Unean uneko abantailen eta programazioaren arabera aldatu egiten da kopuru hori, onartu dutenez, baina talde «oso-oso aktibo bat» ere badagoela esan dute.
Trikuaren metafora
Iragarri dutenez, Trikua esnatu da izango da aurtengo jaialdiaren leloa, eta Bernardo Atxaga idazlearen Trikuarena poema hartu dute horretarako inspirazio iturritzat. Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoak zehaztu duenez, euskararen metafora da trikua haientzat. «Txiki-txikia». «Ahula». «Antzinako espeziea». «Loalditik udaberriro esnatzen dena, eremu latz batean bizitzeko». Hitz horiekin deskribatu du animalia lehenik, eta euskarak Bilbon duen egoeraren erretratua egiteko baliatu du metafora, bide batez jaialdiak esparru horretan egin asmo duen ekarpena ere nabarmenduta. «Hemen, Bilbon, Euskal Hirian, trikuak leku bat merezi du, babesleku bat. Noizko ekosistema emankor eta osasuntsu bat trikuarentzat? Noizko paisaia eder bat trikua eroso bizi dadin? Noizko animalia zaurgarri horrek merezi duen errespetua?».