Literatura

Hiru protagonista

Jane Austen idazleak pertsonaia gogoangarri franko taxutu zituen bere nobeletan. Askotarikoak dira, bizi-biziak, eta iraun egiten dute irakurleen eta zaleen memorian.

Jane Austen idazlea (1775 - 1817). BERRIA.
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Elizabeth Bennet Harrotasuna eta aurrejuzguak nobelako protagonista da, inteligentea eta buruaskia, eta Jane ahizpa nagusi maitatuaren edertasunak eta bertuteek itzal eta babes egiten diote. Nobelako eszenarik gogoragarrienetako batek dotore azaleratzen du haren izaera txinpartatsu eta bizia. Collins jaun trakets eta hantusteak, punpezia esajeratu batekin, behin eta berriz eskatzen dio Elizabethi ezkon dadila berarekin, tematuta zeharo, neska gaztearen atergabeko ukoei entzungor eginda. Hasieran, Elizabethek ahal bezain adeitsu errefusatzen du: «Ondo ohartzen naiz zure proposamenen ohoragarriaz, baina ezetz esatea besterik ezin dezaket egin». Eszena, ordea, luzatu egiten da: Collinsek ondo omen daki neska gazte askok ezetz esaten dutela benetan baietz esan nahi dutenean. «Ziurtatu egiten dizut ez naizela dama gazte horietako bat (halako dama gazterik baldin bada)», Bennetek erantzun. «Neure erabakiak hartzeko baimena eman behar didazu, eta diodana sinesteko adeia egin», dio hurrena. Collinsek, ostera, esaten du emakumearen ezetzak gizona adoretu besterik ez duela nahi. «Zur eta lur uzten nauzu. Oraino esan dudanari bultzatze itxura hartzen baldin badiozu, ez dakit nola adieraziko dizudan nire ezetza, benetan ezetza dela sinets dezazun». Eta halere entzungor segitzen Collinsek. Elizabeth Bennetek, nazkatuta, bere azken mintzaldiaren bukaeran botatzen du bonba: «Ez nazazu har zu nahigabetu nahi zaituen emakume dotoretzat, bihotz-bihotzez egia diotsun izaki arrazionaltzat baizik».

Emma Woodhouse, «ederra, buruargia eta aberatsa, etxe eroso batean bizi zena eta izaeraz ere alaitsua» —hala deskribatzen du Emma nobelaren hasierak—, Jane Austenen protagonistarik maitatuenetako bat da. «Itxura batean, existentziaren bertuterik onenetako batzuk batzen zituen, eta ia hogeita bat urtez bizi izan zen munduan, larridura eta enbarazu gutxirekin», segitzen du deskribapenak. Propio esan gabe utzi arren, irakurlea berandu gabe konturatzen da harro-haize ederrak dituela Emmak, eta matchmaker petoa dela: hau da, bere banitatean, nahierara sartzen du muturra bere ingurukoen maite kontuetan, ustez haiek onbideratzeko asmotan. Nobelaren hasiera-hasieratik ikusten da hori. Haren adiskide Harriet koitadua, Emma bera baino apalagoa hala edertasunez nola jatorriz eta izaeraz, nekazari aberastu batekin atseginduta dabil, baina halere haren ezkon-hitza ukatzeraino manipulatzen du Emmak. Manipulazio hori hainbat eszenatan gertatzen da, eta maisuki adierazia dago: Harrieten oharkabean garatzen da, beharbada baita Emmaren beraren oharkabean ere, baina irakurlea ederki konturatzen da. Aurrena, Emmak gogotik maiseatzen du Martin jauna, arruntegia (plain) eta zaldunen moduzkotasunik gabekoa (genteelness) dela esanez; gero, Harrietek gutun bidez ezkontzeko eskaera jasotzen duenean —«Zer erantzun behar dut? Arren, Woodhouse andereñoa, eman aholku!»—, Emmak zuzenean esaten dio ez duela zertan «samin itxurarik adierazi haren desengainua dela-eta». Jakintzat ematen du, esan gabe ere, Harriet ezetz erantzutekoa dela, eta, manipulazio gorde horiek bultzatuta, halaxe egiten du gero neska koitaduak, bere otzanean.

Fanny Price. Mansfield Park nobelako protagonista jatorri apalekoa da, umetatik osaba-izeba aberatsen etxean hazia eta hezia, lehengusuen artean baina ez haien berdin, baizik eta bere jatorria eta heziera faltak gogorarazten zaizkiola beti. Lotsatia, isila eta barrenkoia da, bere inguruan jiratzen den bizitzaren behatzaile fina. Sarri askotan, behatzaile rol horretan, eszenatik erabat desagertzen da, eta bere ingurukoen artean gauzatzen da akzio nagusia. Halako batean, Fannyri zerbaiten iritzia galdetzen diote, eta orduan konturatzen da irakurlea hantxe dagoela Fanny, isil-isilik, beha. Elizabeth Bennet eta Emma Woodhouse ez bezala, Fanny Price gehiago karakterizatzen du bere barne munduak elkarrizketek baino. Horren erakusgarri da nobelaren hasiera samarreko pasarte bat. Osaba eta lehengusua Antiguako uhartera partitzekoak dira, hango negozio kontuak argitzera. Despedidan, gogoeta egiten du tamalgarri samarra dela bere lehengusinak ez samintzea aita partitzekoa zaielako; Fanny ere haiek bezalatsu sentitzen da, arindua hartuta, baina «haren izaera samurragoak esaten zion sentimenduok esker gaiztokoak zirela, eta bere penatu ezinak penatu zuen». Lehengusinen axolagabekeriaren kontra eratzen da Fannyren izaera, haien jarrera hartzeak pena emateraino.

Jane Austen benetan iaioa zen pertsonaien karakterizazioan, batez ere karakterizazio hori elkarrizketen bidez lantzeko orduan: pertsonaia bakoitzak nola hitz egiten duen, zer hitz eta zer esapide erabiltzen dituen, zer-nolako iruzkinak egin ohi dituen, zer intentziorekin mintzatzen den... Guzti-guztia dago zaindua, eta ez protagonisten solasetan bakarrik: Elizabeth Benneten eta Emma Woodhouseren aitek, garrantziaz askoz ere txikiagoak izanagatik ere nor bere nobelan, mintzatzeko molde zeharo bereziak dituzte, bakoitzaren izaera partikularraren erakusgarri. Guztiarekin ere, Jane Austen kapaza zen dialogo txinpartatsurik gabe ere pertsonaia bizi-biziak taxutzeko, Fanny Priceren barne mundu aberats eta konplexua lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.