Itsasertzetik gizartearen ertzetara

Zarauzko 32. Argazki Bilerak hiru erakusketa hartuko ditu. Jorge Oteizaren ibilbidea lantzen du batak, Euskal Herriko kostaldeko flyschak bigarrenak, eta desgaitasunen bat duten pertsonak hirugarrenak.

Jorge Oteiza estudioan, 'Odiseo izeneko gudari armadun baten erretratua' obra aldamenean duela. PHOTOMUSEUM
Jorge Oteiza estudioan, 'Odiseo izeneko gudari armadun baten erretratua' obra aldamenean duela. PHOTOMUSEUM
Beñat Mujika Telleria.
Zarautz
2025eko apirilaren 18a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Udaberri garaian, landare beraren hiru lore ditu Zarauzko Argazki Bilerak. Hori izaten da ohitura. Proiektu bakar baten aterkipean egon arren, hiru erakusketa independentek osatzen dute proposamena, eta, zehazki, hiru guneotan jarri dituzte erakusketak: Sanz Enea kultur etxean, Torre Luzean eta Photomuseumen. Elkarrengandik gertu daude hiru aretoak; horrenbestez, txango bat egiteko gonbita ere egiten diote bisitariari. Aurtengoa 32. aldia du bilerak, eta gizartearen ertzak eta itsasertzak ikus daitezke erakusketan.

Zehazki, hiru bilduma hauek daude ikusgai. Oteizari eskainitako Oteiza argazkiz argazki erakusketa, Martin del Busto artistaren Flysch bilduma, eta Sylvia Aierraren Esne-hortz proiektua.

'OTEIZA ARGAZKIZ ARGAZKI'

(ID_17447120986245) JORGE OTEIZA
Jorge Oteizaren erretratu bat. PHOTOMUSEUM

Sanz Enea kultur etxeko aretoan sartu, eta berehala antzeman daiteke erakusketaren protagonista nor den: Jorge Oteiza. Orioko eskultore haren ia 80 argazkik osatzen dute bilduma, eta haren bizitzan zehar bidaiatzeko aukera izango du ikusleak.

Argazkiez gainera, artistak idatzitako liburuak ere ikusi ahalko ditu bisitariak. Oteizaren ibilbidea ezin baita ulertu haren obrarik gabe. Baina eskultorea bera da protagonista. Sortzailearen bizitzaren eta obraren ibilbidearen «kontakizun bisual» moduan definitu du erakusketa Martxel Altuna Photomuseumeko zuzendariak. Gaineratu duenez, artistaren ibilbide artistikoa ez ezik «haren testuinguru historiko eta kulturala» ere eskaintzen ditu bildumak. Gutxi gorabehera, modu kronologikoan antolatu dute argazki bilduma; «sortzailearen ibilbideko une esanguratsuak identifikatuz», nabarmendu du Altunak.

Oteiza eta haren familia aurki daitezke ibilbidearen hasieran. Altunaren esanetan, «garrantzi handia» zeukan familiak Oteizarentzat, eta hori ikus daiteke sarrera moduan. Baita eskultorearen txikitako eta gaztetako argazkiak ere. Ondoren, haren ibilbideko atal batzuk ikus daitezke. Horren adierazgarri dira Madrilera edo Ameriketara egindako bidaietan ateratako argazkiak. Esaterako, gela horretan bertan dago 1957an Sao Pauloko (Brasil) Bienaleko Eskultura Sari Nagusia eskuratu zueneko argazkiak. Urrats handia izan zen haren ibilbidean.

Euskal Herrian dituen obra nagusietakoek ere badute tokia bilduman. Horri eskaini diote geletako bat. Esaterako, Arantzazuko Basilikako fatxada eta Aita Donostiaren omenez Agiña mendian (Nafarroa) eraikitako monumentua ikus daitezke, eta horien aldamenean ageri da protagonista.

Gela handi batean amaitzen da bidaia. Bertan, Oteizaren erretratuak ikus daitezke, eta adinean gora eginda ageri da hor jada. Baina aipagarriak dira Euskal Herriko eta nazioarteko pertsona ezagun askorekin dauzkan argazkiak ere. Bertan ageri dira Gaur taldeko kide zirenak —Rafael Ruiz Balerdi, Remigio Mendiburu, Roberto Puig, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea eta Jose Antonio Sistiaga—, Oteizaren Irungo estudioan, Xalbador bertsolaria, Agustin Ibarrola margolaria, Miguel Pelay Orozko idazlea eta Francisco Saenz de Oizaarkitektoa, besteak beste.

'flysch'

(ID_17447110424485) MARTIN DEL BUSTO

Martin del Bustoren obretako bat. POHOTOMUSEUM

Sanz Enetik bost minutu eskasera dago Torre Luzea eraikina. Eskailerak igo, ate zahar bat zeharkatu, eta bertan dago Martin Del Busto artistaren Flysch bilduma. Gela batean ikus daiteke dena; gela bat, hiru pareta eta beirate bat.

Bildumak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako paisaia eta Bizkaiko historia industriala ditu ardatz. Eta euskal kostaldeko harri sedimentatuen geruzei egiten die erreferentzia, flysch esaten zaienei. Getxon (Bizkaia) jaioa da Del Busto, eta haurra zela ezagutu zuen inguruneari keinu egin nahi izan dio erakusketan: besteak beste, Bilboko itsasadarrari, Barrikako flyschari eta Serantes mendiari. Honela dio erakusketaren azalpenak: «Erakusketan Bilboko iragan metalurgikoaren bidez jorratzen dute fenomeno geologiko hori».

Irudiak «anbiguotasunaren eta mugimenduaren arteko jolasak» dira, eta teknika oso garrantzitsua da erakusketan. Izan ere, estaldurarik gabeko paper baten gainean inprimatu dira argazkiak. Horren ondorioz, tinta ez da itsasten, eta urtze efektu bat lortzen da. Hala ere, nahi gabe iritsi omen zen artista teknika horretara. Istripu bat izan zen hasieran, baina ezbeharra teknika bilakatu zuen Del Bustok; azkenean, proiektuaren funtsezko alderdi bilakatu da.

Hala ere, bilduma ez da irudiz soilik osatzen. Burdinaren galdaketaren mundura hurbiltzeko asmoz, aluminiozko hainbat pieza ere sortu ditu artistak, flyscharen geruzetatik abiatuta. Hala, inprimaketa ultramorea erabili zuen irudiak gainazal metaliko horren gainean inprimatzeko.

'ESNE-HORTZA'

(ID_17447111892565) SILVIA AYERRA
Jose Antonio Muruzabal, Silvia Aierraren osaba eta bildumako protagonista. SILVIA AIERRA

Photomuseum ere ez dago beste bi aretoetatik urrun. Zarauzko Alde Zaharreko kale estuak zeharkatu, eta berehala aurki daiteke Argazki eta Zinema Museoa. Bertan egongo da ikusgai Aierraren Esne-hortza bilduma.
 
Hainbat talde zaurgarrirekin lan egin izan du Aierrak bere ibilbidean, eta proiektu parte hartzaileak egin zalea ere bada. Besteak beste, memoria historikoa, migrazioa edo desgaitasuna dira landu dituen alorretako batzuk. Esne-hortza proiektuan, gertutik ezagutzen dituen gai horietako bat erakutsi nahi izan du. Izan ere, katalogatuta ez dagoen dibertsitate funtzional bat du haren osaba Jose Antonio Muruzabalek, eta harekin egindako lanaren emaitza da erakusketa. Hala azaltzen du Aierrak berak aretorako presatutako eskuorriko testuan: «Denborak aurrera egin ahala, haren portaera nola aldatzen zen ikusi dut. Identifikatu egin ditut blokeatu egin duten emozioak, edota denboraren joanagatik gorputzean izan dituen ondorioak».

Argazkietan aise identifikatzen da sortzailearen osaba. Hainbat egoeratan ezagutuko du protagonista ikusleak; atal batean irribarrea ahoan duela ikus daiteke, taberna baten moduan girotutako gela batean. Ez dago bakarrik, eta kartak ditu esku artean. Guztiz bestelakoa dira beste argazkiak. Gela zahar batean ikus daiteke, etxeko arropak jantzita. Triste samar argazki batean, irribarrez beste batean, jertse baten pean gordeta. Baita jolasean ere beste batzuetan; kartoizko bi tutu begien parean jarrita, prismatikoak balira bezala.

Erakusketarekin, helburu argi bat izan du Aierrak; «Mendekotasunaren ikuspegi zehatzagoa» ematea eta «laguntzaren eta aliantzen beharra» agerian uztea. «Esne-hortza-k sendatzeko helburua du, prozesu osoan zehar emozio adierazpen handiagoa garatzen baitugu biok, eta askeagoak eta zoriontsuagoak izan gaitezke, bakoitzari egokitu zaion baldintzaren barruan», irakur daiteke Aierraren erakusketaren azalpenetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.