Lau izango dira bihar Musika Hamabostaldiaren lehen egunak hartuko dituen protagonistak Anakronia Ensemble, Nacho Castellanos eta Gato Murr, Vocalia taldea eta Kresala dantza taldea. Egongo da emanaldi gehiago, baina inaugurazio egunaren barruko saioak horiek izango dira, eta doakoak izango dira.
Ikusi gehiago:Bihar hasita, 79 emanaldi eskainiko ditu 84. Musika Hamabostaldiak
Anacroniak irekiko du jaialdia, 12:00etan, ganbera kontzertu batekin: El clásico continuo: la sociedad Bach-Abel programa aurkeztuko dute udaletxeko batzar aretoan. Eta leku berean, 18:00etan, Nacho Castellanos kontratenorraren eta Gato Murr ensemblearen txanda izango da. Castellanosen errepertorioak lehen barrokotik hasi eta Mozarten klasizismora artekoa hartzen du, eta, bakarrik ibilia den arren, Gato Murr ensemblea sortu du aurten, barroko ezagunaren eta oraindik deskubritzeke dauden beste batzuen arteko oreka bilatu nahian.
19:00etan, Kresala dantza taldeak bereganatuko du arreta. Zerumugan ikuskizuna oholtzaratuko du taldeak, udaletxeko terrazan. Euskal nabigazioaren Urrezko Aroa da ikuskizunaren oinarria; aro hori ikertu, berrinterpretatu eta ondare artistiko eta koreografiko bat sortzeko murgildu baitira garai horretan. Ikuskizunak zuzeneko musika izango du, Euskal Barrok Ensembleko Enrike Solinisen eta Miren Zeberioren eskutik. Eta, ondotik, Vocalia taldeak emango dio amaiera inaugurazio egunari, Arima Sakra programarekin, Donostiako San Bizente elizan, 20:30ean. Mendelssohnek, Poulencek eta Arnesek emakumeen abesbatzarako eta organorako sortutako erlijio obra banak osatzen dute programa, eta Oscar Rodriguez organistaren eta Nerea Gonzalez sopranoaren laguntza izango dute.
Hamabostaldi Solidarioaren barruan —pandemiaz geroztik aurten berreskuratu dute—, bi saio izango dira: Aldakoenean, Julia Blasco sopranoa eta Luken Munguira tenorra ariko dira, David Oliveira pianistarekin; eta Zorroagan, Suzana Nadejde sopranoa, Javier Hombriak pianistarekin.
Hiru kontzertuk eta dantza emanaldi batek irekiko dute bihar jaialdia
Eguna Anacronia Ensemblek irekiko du, eta Vocalia abesbatzak itxi, San Bizente elizako emanaldiarekin. Laurak doan izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu