Abuztuaren 3an hasiko da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 84. aldia, eta gaur aurkeztu dituzte jaialdiaren inaugurazioko ekitaldiak, Donostiako Kursaalean. Lau emanaldi izango dira: Anakronia Ensemble, Nacho Castellanos & Gato Murr, Vocalia taldea eta Kresala dantza taldea arituko dira.
Anakroniak irekiko du jaialdia, 12:00etan, ganbera kontzertu batekin; El clásico continuo: la sociedad Bach-Abel izenburuko programa aurkeztuko dute Donostiako udaletxeko batzar aretoan. 18:00etan, Nacho Castellanos kontratenorraren eta Gato Murr haren ensemblearen txanda izango da, leku berean. Castellanosen errepertorioak lehen barrokotik hasi eta Mozarten klasizismora arte hartzen du, eta, bakarlari gisa ibilia den arren, Gato Murr ensemblea sortu du aurten, barroko ezagunaren eta oraindik deskubritzeke dauden beste batzuen arteko oreka bilatzeko asmoz.
19:00etan, Kresala dantza taldeak hartuko du lekua. Zerumugan ikuskizuna oholtzaratuko du taldeak, udaletxeko terrazan. Euskal nabigazioaren urrezko aroa da ikuskizunaren oinarria; izan ere, aro hori ikertu, berrinterpretatu, eta ondare artistiko eta koreografiko bat sortzeko murgildu da garai horretan. Ikuskizunak zuzeneko musika izango du, Euskal Barrokensembleko Enrike Solinisen eta Miren Zeberioren eskutik.
Azkenik, Vocalia Taldeak emango die amaiera inaugurazio ekitaldiei, Arima Sakra programarekin, Donostiako San Bizente elizan. Mendelssohnek, Poulencek eta Arnesek emakumeen abesbatzarako eta organorako sortutako obra erlijioso bana hartzen du programa horrek. Oscar Rodriguez organistaren eta Nerea Gonzalez sopranoaren laguntza izango du abesbatzak.
Aurten, gainera, Hamabostaldi Solidarioa berreskuratuko dute. Pandemiaz geroztik egingo den lehena izango da, eta Aldakoenea eta Zorroaga egoitzetan izango dira emanaldiak. Aldakoenean, Julia Blasco sopranoak eta Luken Munguira tenorrak emango dute kontzertua, pianoan David Oliveira lagun dutela. Zorroagan, ordea, Suzana Nadejde sopranoak kantatuko du, Javier Hombriak pianoaz lagunduta.