Haizea Barcenilla
Begiz

Hiru hitz, hamaika eduki (I)

2024ko apirilaren 9a
05:05
Entzun

Erromako Kapitolioko Museoen sotoan ikusi nuen hunkitu ninduen estela hura. Inguru horretan antzinako erromatar hilarrien bildumako eredu batzuk dituzte ikusgai, estetikoki goiko pisuetako artelanak baino xumeagoak izan arren, horiek bezain interesgarriak direnak. Hiru hitz besterik ez zituen hilarriak, bata bestearen azpian:«Antiochus/libertus/pictor» esaten zuen, alegia, «Antiochus. Libertoa. Margolaria».

Askok uste dute arte historialaria izatea museoetan paseatzen ibiltzearen sinonimoa dela; baina horretaz gain, halako iturrietatik ahalik eta interpretaziorik aberatsena ateratzean datza gure lana. Horregatik, zutabe bat eskainiko diot hitz bakoitzari, antzinako Erromako arteari buruz zer konta diezagukeen aztertzeko asmoz. 

Has gaitezen, beraz, Antiochus izenarekin. Ez da erromatar hiritar batena, ez baititu hiru izen elkartzen (Gaio Julio Zesarrek bezala, esaterako). Erromatarren azken bi izenek gizon libreen sendia markatzen zuten, baina Antiochus libertoa zenez, hau da, aske geratutako esklaboa, bere jabe izandako familiak eman zion izen propioa besterik ez zuen. Horrek beste zerbait erakusten du: behin familia horrengandik askatuta, bere kabuz instalatu eta aurrera atera zela. Izan ere, libertoek batzuetan euren jabe ohien lantegietan lanean jarraitzen zuten, euren babespean, eta askotan euren sendiaren izena hartzen zuten. 

Hortaz, erosi zuen pertsonak jarri zion izena. Antiochus izen greziarra izanik, Antiokia izeneko inguruarekin lotutakoa, lehen bultzadan esklaboa greziarra zela pentsa genezake; ez da ziurra, ordea. Hain zuzen, Antiochus bizi izan zen garaian (K. a. I mende amaiera eta K. o. I. mendearen artean) oso modan jarri zen esklabo greziarrak izatea, baina hauek garestiak zirenez, beste lekuetako esklaboei ere izen greziarra jartzen zieten jabeek, gaur egun markako poltsa faltsuak erosten dituztenen antzera. 

Antiochusen kasuan bada izen greziarra hautatzeko beste arrazoi bat, artearekin zuzenki lotzen dena. K. a. II. mendean Grezia eta Asia Txikia (gaur egungo Turkia) konkistatu zutenetik, arte greziarrarekin zoratuta zebiltzan erromatarrak. Artelanez betetako ontziak bidaltzen zituzten Greziatik Erromara, hiriburuko artistek eredu heleniarrak kopia zitzaten. Testuinguru horretan, artista bera greziarra bazen, prestigio atxikia zuen. Horregatik, ez da harritzekoa pintura tailer bat zuen erromatar batek berarekin lan egiteko esklabo bat erosiz gero greziar izena jartzea. Izenak erromatarren helenismoarekiko zaletasuna erakusten digu, eta Greziako artearen ospea; horretaz baliatuz, behin askatuta Antiochusek izen greziarra mantendu zuen, eta prestigioa ziur aski ere bai. Baina liberto izaeraz hurrengo zutabean hitz egitea dagokigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.