Euskal zinemak sei sari lortu ditu aurtengo Goya sarietan. Gehien nabarmendu den lana 20.000 especies de abejas izan da, Estibaliz Urresola laudioarrarena. Euskara eta gaztelania tartekatzen ditu film horrek, eta hamabost izendapen zituen; hiru irabazi ditu. Urresolarentzat izan dira jatorrizko gidoi onenaren eta zuzendari berri onenaren sariak, eta Ane Gabarainentzat taldeko emakumezko aktore onenarena. Sari banaketa Valladoliden (Espainia) izan zen, atzo.
Bi sari eman dizkiote Pablo Berger bilbotarraren Robot Dreams animaziozko filmari. Lau izendapen zituen hitzik gabeko ikus-entzunezko horrek, eta animaziozko film onenarena eta gidoi egokitu onenarena jaso ditu. Garaikur bat jaso du, berriz, Victor Erizeren Cerrar los ojos gaztelaniazko filmak —11 izendapen zituen—: taldeko gizonezko aktorerik onena izendatu dute Jose Coronado.
Gainontzean, galako irabazle nagusia Juan Antonio Bayonaren La sociedad de la nieve izan da, hamabi sari jasota, tartean film onenarena eta zuzendari onenarena.
Ikusi gehiago