Euri jasa bat edo elur jausi bat gainera datorrenean bi aukera daudela uste du Agurtzane Intxaurragak: «Edo korrika ihesi atera, edo datorren hori jaso, eta ea gero zer gertatzen den». Bigarren aukeraren alde egin zuen Hika Teatroa konpainiako zuzendariak dantza garaikideko ikuskizun bat sortzeko eta bertan dantzatzeko ideia burura etorri zitzaionean. Ausartu edo ez zalantzan ibili bazen ere, dantzarekiko pasioa gailendu zitzaion, eta «modu inkontziente batean» erabaki zuen aurrera egitea. Lehen bulkada horretatik, eta Igor Calonge dantzariaren gidaritzapean garatutako sormen lanetik jaio da Zaparrada/Avalancha. Ikuskizuna bihar estreinatuko dute, Igorreko Lasarte aretoan (Bizkaia), 20:30ean.
Obra «berezia» da Intxaurragarentzat. Bereziak izan baitira bai sortzeko unea, bai berak bertan jokatzen duen rola, bai sortze prozesua bera. 30 urte bete ditu aurten Hika Teatroak, eta ibilbide hori nola ospatu pentsatzen hastean, konpainiak berari egingo zion «oparia» dantza garaikideko lan bat sortzea izango zela otu zitzaion. «Oparitzat hartu nuen, dantza izan baita beti nire benetako pasioa. Gero antzerkian egin dut nire ibilbidea, eta hori da nire mundua, baina dantza bidelagun izan dut 30 urteotan; nire afizio bihotzekoena da, eta asko lagundu dit nire zuzendaritza lanetan, eszenan arkitekturak eraikitzen, mugimenduen koreografietan, fisikotasunak topatzen... Beti egin dut dantza nire ordu libreetan».
Hain zuzen, dantza klaseetatik ezagutzen zuen Igor Calonge, eta Noemi Viana eta Myriam Perez Cazabon dantzariak hasieratik proiektuan ikusi zituen bezala, ikuskizuna Calongek zuzendu zezakeela pentsatu zuen. «Hasieran, elkarrekin zuzendu behar genuen lana, baina ni eszenan jarrita, bera kanpoan zuzendari egotea izan da egokiena. Bera da dantzan espezialista; nahiko lan eman diot, eta nahiko lan izan dut nik nire gorputzarekin [barrez]».
Hain zuzen, gorputza eta adina, horiek ere bazeuden zaparradari lotutako abiapuntuko ideian Intxaurragarentzat: denbora igarotzeak gorputzean zer eragin duen. «'Edo orain edo inoiz ez', pentsatu nuen. Adina adina da, eta gorputza aldatuz doa zuk nahi ala ez; beste era batera hasten da mugitzen... Baina zergatik ezin da adin bateko emakume bat egon eszenan gorputzarekin hizketan? Hori ere bazen aldarria: badu balioa niretzat». Edonola ere, hori bere abiapuntua izan zela zehaztu du Intxaurragak. «Gero, behin Igorren eskuetan jarrita, bera da gidaria, eta momentuan berari sortu zaiona egin du berak, gu eszenan ikusita; berak esan zidan hutsetik abiatuko zela, eta gurekin lanean ematen genionaren arabera hasiko zela sortzen».
Lengoaiak elkarrizketan
Sortzaile bakoitzak du bere egiteko modua, eta badu berea Calongek ere: «Nik obra bati ekitean ez dut abiapuntu jakin bat izaten; topatzen dudan horretatik abiatzen naiz: kasu honetan, dantzariak. Leku fisiko batetik, gauzak proposatzen hasten naiz, pauta fisikoak, esaldi koreografikoak, eta eszena solteak balira bezala hasten gara lanean. Momentuan bururatzen zaizkidan ideiak dira, ez dute loturarik batak bestearekin, eta probatzen dugu ea funtzionatzen duten. Askok funtzionatzen dute, eta beste askok ez; asko gustatzen zaizkigu, baina gero prozesuan zakarretara joaten dira, azkenean gauzak lotuz zoazelako sortu diren harietako batekin... Baina hasieran ez dut ezer aurrez planteatuta eramaten».
Aitortzen du, hala ere, lanean hasi aurretik «inkontzienteki» irudiak etortzen zaizkiola burura. «Batzuk baztertu egiten dituzu, eta, gero, agian, pentsatu duzun zerbait berriro agertzen da, indar handiagoz, eta bat-batean baliagarria da». Hastapenetako zaparradaren ideia ere une jakin batean sortu zela azaldu du, baina argi du ez zuela gerora zertan iraun, dena doalako aldatzen sortze prozesuan. «Kasu honetan egin duguna bai, hurbiltzen zaio, subkontzientean beti geratzen baita zerbait; giro batera, gutxienez, gerturatzen da. Baina normalean ez naiz oso leiala izaten hasieran proposatzen dudan horrekin. Eta nik inoiz, sekula egiten ez dudana da 'hau esan nuelako hau egin behar dut'. Ez, piezak eramaten nauen lekura joaten naiz ni, sortzen den horretara».
Hirukotearekin lan egiteak paisaia hotz eta elurtu batera eraman zuen Calonge. Hori da eszenografiaz iragarri duen gauza bakarra. Elur jausia modu fisikoago batean ikusiko da agertokian, Intxaurragak esan duenez, baina era metaforikoagoan bada ere, beste zenbait osagai ere azaleratuko dira, emozioak, esaterako. «Obrak thriller ukitu bat du, eta emoziotik ere badago. Bi geruza ditu: bata, motor fisikoa, Noemi eta Myriamengan jarria dagoena, eta bestea, thrillerreko protagonistarena, bidaia emozionalago bat egiten duen emakumearena».
Lan egitean ohiko moduan aritu bada ere, sumatu du alderik Calongek ere. Hain zuzen, antzerkira gerturatze horretan. «Hainbat alde dituen buruhauste bat izan da: batetik, badago dantza munduko jendea, eta, bestetik, Agurtzane teatrala da funtsean, 30 urte daramatza antzerkian, hitzarekin lanean. Hemen ez dago hitzik, baina agian hurbildu nahiz pixka bat antzerkiaren mundura, modu ez oso kontziente batean, abstrakziotik pixka bat kenduz eta lana narratiba batera eramanez». Interprete bakoitzaren indarguneak sumatuz joan da lan prozesuan, eta horren araberako pieza sortu du azkenean.
Harentzat bezala, erronka izan da Intxaurragarentzat ere. «Niretzat, benetako zaparrada bat izan da prozesua. Nire gorputzarekin elkarrizketa gogorrak izan ditut; gauza bat da zer izan naizen eta beste bat da zer naizen orain, edo zer den nire gorputza. Eta nire mugak non dauden ikasi dut; adinaren igaroa ez da alferrikakoa, eta, gainera, ni ez naiz dantzaria». Erronka bai, baina amets bat betetzea ere izan da beretzat. «Pozik nago, uste dudalako obra honekin Hika-k jauzi bat eman duela».
Hiru gorputz paisaia elurtu batean
Igor Calongek gidatuta, 'Zaparrada/Avalancha' dantza pieza estreinatuko du Hika-k, bihar. Agurtzane Intxaurraga oholtzan izango da, Noemi Viana eta Myriam Perez Cazabonekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu