Hiru dosi bakardade

'Orube abandonatuak' liburua kaleratu du Garazi Kamiok, bakardadeari buruzko hiru istoriok osatutako bilduma

K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2014ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bakarrik dauden hiru pertsonaia «patetiko». Horiek dira Garazi Kamioren (Andoain, 1979) Orube abandonatuak (Elkar) lehenengo eleberriko protagonistak. Hiru istorio osatzen dituzte hiru izakiek. Era independentean funtzionatzen duten kontakizunak dira, baina, aldi berean, osotasun bat sortzen dute. Bakardadearen inguruko diskurtso oso bat, ertzez beterikoa. Poliedrikoa. Ondarroako Udalak antolatutako Augustin Zubikarai beka irabazi zuen idazleak 2013an, eta horri esker osatu ahal izan du liburua.

«Deserri guztiak dira betiko», esan du Kamiok, eta, nolabait, galdutako hiru pertsona horiei egin nahi izan die erreferentzia. Mario, Miren eta Maider dute izena, denak m-z hasita, haien arteko hari bat josi nahian edo. Eta denak bizi dira toki berean, orube berean. Haatik, ez dute elkar ezagutzen. Logikoa: 70 urteren aldea dago hiru ipuinen artean. Kokaleku bera, baina begi desberdinekin ikusita deskribatzen dute. Hiru bakarleku aurkezten ditu eleberriak, beraz, hiru garaietan.

«Exilioa, armairu batean ezkutatzea da, norbaitek zabalduko duen beldurrarekin, baina baita inork sekula irekiko ez duen beldurrarekin ere». Sarrionandiaren poema da: Propostas para o definiçao do exilio. Hain zuzen, aipu hori hautatu du Kamiok aurreneko pasartea hasteko. Eta ez da kasualitatea. Gerraostean, Belchiteko kontzentrazio esparrutik bueltatzen da Mario herrira, Tolosara. Errealitatea ez da, baina, berak espero bezalakoa. «Inork ez daki itzuli zarenik», esaten dio heldu bezain pronto bikotekideak, kolpean. Horregatik, ezkutuan egon beharko du Mariok. Armairu batean sartuta. «Lotsa eta beldurra nahasten dira istorio horretan».

Bigarren kontakizuna Mirenena da. 1989ko Urtezahar eguna ailegatzerako, lortu du heroinarekin izandako menpekotasunaz askatzea. Hutsunea dauka, haatik; bizimodu hasi berria zamatsua zaio. «Miren gose da, Mario gose den bezala; beldur, Mario den bezala». Protagonisten arteko paralelismoak ugariak dira, sortzailearen aburuz.

Beste biak ez bezala, orainean gertatzen da hirugarren ipuina. Maiderren bizitzaren kontakizuna da. Arazo sentimentalak eta lan arlokoak dauzka, eta, aurre egin nahian, gezurrak asmatzen ditu. Besteei begirako gezurrak, baina batzuk berak ere sinesten ditu. «Marra bat» marrazten du pertsonaiak bere baitan, Kamioren irudiko, eta hortxe dago deman; gezurraren eta egiaren arteko orekariaren soka estuegian.

«Hiru istorioetan, irakurlearen barrenak astindu nahi izan ditut», dio idazleak. Eta erraiak mugitzeko saio horretan txirikordatu ditu 184 orrialdeak. Ñabardurek zeharkatzen dituzte kapituluak. Protagonista batentzat azaleko gaia baino ez dena ezinbesteko bilakatuko da hurrengoarentzat. «Pertsonaia batentzat hutsala den armairua beste batentzat fetitxismoz betetako elementua da; hirugarren pertsonaiarentzat, berriz, ezinbesteko bihurtuko den altzaria». Bide horretatik, inguruari buruzko gogoeta bultzatu du.

Izenburuari dagokionez, Castillo Suarezi lapurtu dio. Orube abandonatuak poemagilearen olerki baten izena da, eta eleberriaren mamia adieraz dezakeela iruditu zaio Kamiori. Xabier Mendiguren editoreak ezbairik gabe deskribatu du obra: «Bakardade eta desolaziozko istorioak dira». Idazlearen estiloa goraipatu, eta hiru atalek «ipuinen ukitua» dutela aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.